06 DéC. 2018 NBA San Antonio Spursen trantsizio gogorra: 139-105 galtzaile Utah Jazzen aurrean A. G. Asko aldatu da bizitza San Antonio Spursentzat. Duncan eta Ginobili erretiratu dira, Tony Parker Charlotten da, Kahwi Leonard Toronton dabil, joan den denboraldia bajan egon ostean... Trantsizio zaila ari dira pairatzen Gregg Popovich eta enparauak. Azken partida 139-105 galdu zuten Utahn. Utah Jazzi dena atera zitzaion. Zazpi jokalarik 11 puntu edo gehiago saskiratu zituzten. Atsedenaldira 63-47 irabazten zirela iritsi baziren, hirugarren laurdena are ikaragarriagoa egin zuten: 41-31 partzialaz, partida mila puska egin zuten. Aitzitik, San Antoniok sasoiko hirugarren porrota jasan zuen 30 puntu baino gehiagogatik. Goiz da –sasoi erregularrak 82 partida ditu–, baina 11-13 balantzeaz, Mendebaldeko hamalaugarrenak, azken-aurrenak alegia, dira Texasekoak. Zortzi aurrenekoetatik kanpo geratu ziren azken aldia 1996/97 denboraldia izan zen. Hurrengo urtean Tim Duncanen debuta iritsi zen. Oladipo gabe ere, garaile Belauneko lesioak jota, Indiana bere izar Victor Oladipo gabe ari da. Ekialdeko bosgarren postuan dirau behintzat, azken jardunaldian Chicagori 96-90 irabazita. Oladipo gabe, Darren Collison antolatzailea izan zen saskiratzaile onena, 23 puntuz.