GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

Paris sutan


Argien Hiriko karrikak sutan ikusi ditugu azkenaldion, atxiloketak eta zaurituak zientoka kontatzen dira, Errepublikaren sinbolo den «Marianne» zafratua izan da, baina jaka horiz jantzitako herri xehearen haserrea macronismoaren kontrako erantzun erradikala da; inork etortzen ikusi ez duen mugimendua da.

Erregaien tasak edalontzia gainezkatu badu ere, erosahalmenaz, SMIC edo gutxieneko soldata emendatzeaz, Macronek kendu zuen ISF edo fortuna handienen zerga berrezartzeaz zein erretreta-pentsioak handitzeaz ere mintzo dira Jaka Horiak.

Macron buru duen gobernu teknokrata herritarrak itotzen ari da bere fiskalitate politikarekin. Jendea zorpetua dago eta landa guneetan suizidioak ugaritzen ari dira. Orain arte su eztian bor-bor zegoen lapiko soziala lehertu egin da azkenean. Eta neurri handi batean Macronen porrota adierazten du leherketa honek, hauteskundeak irabazi ostean herritarren bizi-baldintzak hobetuko zituela hitzeman baitzuen.

Sarkozy «hiperpresidentearen» eta Hollande presidente «arruntaren» ondotik presidente «jupitertar» gisa aurkeztu zuen bere burua; hau da, jainko guztien erregea, denen gainetik berak gobernatu nahi zuen populua.

Herritarrengandik hurbil egongo zen presidente «girondarra» (ez zentralista) izango zela hitzeman zuen: «Nirekin errenazimentu berri bat hasiko da Frantzian». Baina amaitu zaio ipuina; Frantzia ez da Macron harroxkoak saltzen duen irudi idiliko hori, eta bera ez da berak uste bezala neoliberalismoaren unerik faxistenean eskuin muturrarengandik salbatuko gaituen demokrata hori. Macroni odoletik datorkio aberatsen alde egitea, egin dituen eta egin asmo dituen erreforma guztiekin estatu kolpe soziala eman eta aberaskilo guztien neurrira egindako estatu-probidentzia bat ezarri baitu.

Jupiter Jainkoa bere Olinpoan lekutu da, bere ispilu hautsiaren aurrean datza, Paris sutan duela. Eta seguruenik berandu eta gaizki ibiliko da su hori itzali nahirik.