GARA Euskal Herriko egunkaria
Entrevue
ONINTZA ENBEITA MAGUREGI
BIZKAIKO BERTSOLARI TXAPELDUNA

«Oholtzatik jaitsi nintzen pentsatzen, ‘hau gogorra da, baina ederra’»

Duela 60 urte jantzi zuen bere aitona Balendin Enbeitak Bizkaiko txapela, jokatu zen lehena. Jon Enbeitak, osabak, jantzi zion larunbatean Onintzari berea, 2018. urtekoa, emakume batek janzten duen lehena. Osaba txapelarekin ikusi zuenean aitonarekin akordatu eta bihotza odolari lotu zitzaion. Hortik kantatu zuen agurra. Kontziente da soka baten jarraipena dela, baina pauso berriak dakartza. Propioak.


Pozik, oso pozik dago Onintza Enbeita (Muxika, 1979). Artean finalean gertatutako guztia mastekatzen harrapatu dugu, puzzle emozionala osatzen, berak dioen moduan. Baina ondo ospatu du txapela, «como una ola» ozen kantatzen. Ezin zuen bestela izan.

 

Zorionak. Nolakoa izan da ospakizuna? Nola esnatu zara gaur?

Apur bat laino batean nago. Muxikara etorri ginen eta herrian zain nituen finalera autobusez joandako denak. Gure aita ere bertan zen. Ez da finaletara joaten, oso urduri jartzen delako, eta herrian neukan zain. Gero Gernikara joan ginen eta barre batzuk egin genituen, lagunarteko besarkadak... Egia esan, ospakizunak laino batean pasatu nituen. Gaur, ohetik jaiki eta egunkaria ikusi dudanean pentsatu dut: ‘Ene, benetan gertatu da, Bizkaiko txapela irabazi nuen atzo’. Nire puzzle emozionala ordenatzen ari naiz oraindik eta uste dut zeozer ederra gertatu dela.

 

Zure lagun baten tabernan «Como una ola» abestiarekin egin zizuten harrera.

Bai. Lagun baten taberna da eta berak ezin izan zuen finalera etorri. Beti egon da nire finaletan sufritzen eta larunbatean, gozatzeko eguna egokitu, eta berak ezin joan. Nik beti esan izan diot inoiz txapela irabaziz gero tabernara ekarriko niola, bertan ikusgai jartzeko egun batzuetan. Txapela buruan sartu nintzen tabernara eta berak ‘Como una ola’ abestia jarri zuen. Negar egin genuen, gero barre... une oso ederra izan zen.

 

Bizkaiko txapela buruan eta «Como una ola» abestuz. Oso zure estiloa.

Bai. Eta egia da finalean karaokearen gaia egokitu zenean Miribilla osoak pentsatu zuela kantu horrekin eta baita nik ere. Baina ez nuen sartu nahi sartzearren, egoki sartu nahi nuen. Egoki josi nuen eta egoki sartu nuen. Horregatik, atzo inoiz baino gehiago zen kantu hori jartzeko eguna.

 

Finalean gozatu egin zenuen.

Bai. Lehen agurrean esan nuenez, txapelketak gogorretik eta ederretik dauka. Hori ez du inork ukatzen. Batzuetan, finala amaitu, oholtzatik jaitsi eta esaten duzu: ‘hau ederra da, baina gogorra’. Larunbateko finalean oholtzatik jaitsi nintzen pentsatzen, ‘hau gogorra da, baina ederra’. Horrek esan nahi du finalean asko gozatu nuela. Ondo sentitu nintzen bertsotan, gaiak egoki ikusi nituen... une batean sentitu nuen ‘inoiz planetak nire alde lerrokatzekotan, gaur da eguna’. Irabazi edo ez, sekulako finala egiten ari nintzela sentitzen nuen. Gustura nengoen oholtza gainean.

Hala ere, harritu egin zinen buruz burukorako zure izena entzun zenuenean.

Bai. Ni oso txarra izaten naiz, publikoan nagoenean ere, bertsotan kinielak egiten. Agertokian zaudenean sentsazioak ez dira oso errealak izaten. Nik beste batzuk ondo ikusten nituen... Tira, ni gustura nenbilen, baina buruz burukoa beste gauza bat da. Azken bertsoa bota eta eseri nintzenean, esan nion Xabati, ‘gaurkoa, listo’. Berak esan zidan ‘igual ez’, baina ez nion buelta gehiago eman.

Maitek esan zuenean buruz burukora pasatuko ziren bi izenak ordena alfabetikoan esango zituela, nik ulertu nuen abizenaren arabera izango zela. Orduan, Etxahun Lekue esan zuenean, ‘listo’, pentsatu nuen. Eta nire izena entzun nuenean salto egin nuen aulkian.

Orokorrean saioan oso libre sumatu zintugun, bizkarra libre samar. Hasierako kinieletan ez egotearen abantaila?

Egia da zure izena kinieletan dagoenean presioa ikaragarria dela. Aurten nire ingurukoei ez diet utzi txapelketari buruz hitz egiten nire ondoan. Whatsapp-eko taldeetan kinielak egiten hasi direnean, ni taldetik ateratzeko eskatu diet.

Egia da batzuetan kiniela horietan ez egoteak lagundu egiten duela. Orain dela urte bi begi guztiak Etxahun eta bion gainean egon ziren eta Etxahunek jakin zuen horri eusten eta, nik, ez. Gure buruarekin nahiko presio daukagu, ingurukoena ere gehitzeko. Aurten ez dut inguruko presio hori izan eta horrek lagundu dit finalera joaten egindako eskema batekin. Eta hori gauza ederra da.

Finalista batzuei bai pisatu die presioak.

Bai. Presioak beti pisatzen du eta sentitzen duzunean fokuak zuri begira daudela, saihestezina da hori. Orduan, zelan lortu fokuak zuri begira egon arren, zuk sentitzea ez daudela zuri begira. Hori da gure jolas absurdoa.

Buruz burukoa iritsi zen, txaketa kendu zenuen, eta lanera.

Egia esan, ez nekien zer egin ere. Pentsatzen nuen, ‘orain, zer egin behar dut nik? Sokorro, sokorro’.

Eta Etxahunek poto egin zuenean, aurpegiera aldatu zitzaizun.

Une horretan izan nintzen lehendabiziko aldiz gertatzen ari zenaz kontziente. Une horretan konturatu nintzen 2018ko Bizkaiko Txapelketa zela eta buruz burukoa jokatu berri nuela. Nik ez nekien zenbat puntu nituen, baina une horretan konturatu nintzen zer gertatu zitekeen. Hor lehen aldiz pentsatu nuen txapela irabaz nezakeela.

Plazak zutik eta adostasun zabalaz txalotu zuen zure txapela. Hori sentitu zenuen?

Bai. Jendea zutik eta txaloka ikusi nuenean, onarpen zabalarekin irabazi nuela sentitu nuen. Batzuei gehiago eta besteei gutxiago gustatuko zaie nire bertsokera, baina babes hori sentitu nuen.

Eta zure kantukideak, oso pozik, txapelduna zu zinelako.

Han egon zirenak asko maite ditut; batzuk lagunak dira, besteekin nire bertso bide osoa partekatu dut... oso maiteak ditut nik denak. Eurak ondo ibili direnean, ni ere asko poztu izan naiz. Finalean konturatu nintzen nik eurekiko sentitzen dudana bueltan ere badagoela. Gaur, atzoko puzzle emozionala osatzen aritu naizenean, konturatu naiz gauza polit eta hunkigarri asko daudela eta horietako bat hori da; Xabaten eta Etxahunen irribarre zabal hori, Nereak nola erreakzionatu zuen, beste guztien poza...

Txapela buruan, oso presente izan zenuen Enbeita zarela.

Bai, izan ere banaiz. Kate horretan zuk izan nahi duzuna izaten asmatu behar duzu. Nik aspaldi esan nion nire buruari bertsolari izan nahi nuela eta horretarako lan egin dut, bertsolari izateko. Orain dela hirurogei urte Balendinek, aititak, irabazi zuen Bizkaiko txapela. Eta osaba Jonek txapela jantzi izana ere oso berezia izan zen. Osaba ikusi nuenean ezin nuen aitita burutik kendu, ezta amama ere. Derrigorrezkoa zen keinu hori egitea.

Bizkaiko txapela jantzi duen lehen emakumea ere bazara. Hori presente zenuen txapela buruan jartzean?

Nerea Ibarzabalek esan zidan: ‘historia egin duzu’. Une horretan pentsatu nuen, baietz, egia zela. Gero, osaba etorri zen txapelarekin eta bihotza erabat abizenari lotuta gelditu zitzaidan. Baina, bai, lehen emakumea naiz. Agurrean esan nuenez, entzuleari esker egin naiz ni ahalduna eta ahalduntze horrek egin gaitu bertsolari, ez lanik egin gabe eta ez kristalezko sabairik puskatu barik.

Final osoan gai guztiei oso helduleku sinesgarria topatu zenien.

Gustatzen zait emozioari kantatzea eta eguneroko gauzei kantatzea. Analisi potoloak, geopolitikoak ondo daude, baina eguneroko bizitzan beste gauza batzuek mugitzen gaituztela uste dut. Finalean egokitu zitzaizkidan bakarkako bi gaietan pertsona askoren istorioa izan daitekeena abestu nuen; kanpoko harremanekin nahasten den bikote bat edo dena uzteko gogoa duen emakume bat.

«Hilabeteak dira ez deustazula oilopopatzen azala». Esaldi hori aldean daramagu...

Bizkaian toki batzuetan esaten dute ‘azalean oilo popak izan’. Apur bat asmatu egin nuen ‘oilopopatu’ hori. Baina esaldi horrek hiru bertsoak laburbiltzen ditu, dena esaten du. Eta uste dut jende askoren egunerokoa kontatzen duela.

Aitortuko dizut askoz negar gehiago egingo zenuela espero genuela.

Nik ere bai. Ez dakit nola egin nuen, egia esan; sekula baino sendoago eutsi nion azken agurrari. Inork ez dauka horren azalpenik, denok espero genuelako negar eta negar egingo nuela azken agur horretan. Hobe horrela, gerorako bertso hori entzuteko moduan geratuko delako.

Une berezian harrapatzen zaitu txapelak, presentzia mediatiko handiarekin.

Bai, egia da. Nik nire burua oso bistan sentitzen dut uneotan. Baina horrela gertatu da. Orokorrean une onean nagoela sentitzen dut, lanean gustura nabil eta baita bertsotan ere. Txapela horren guztiaren ginda izan dela esan daiteke.