GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

Zer adjektibo erantsi gerrari


Kointzidentzia hutsa izan da beharbada; baina apustu egingo nuke ezetz. Ezohiko ospakizuna egin zen Pekineko Herri Areto Nagusi erraldoian joan zen ostiralean: “Gure 40 urteak”; antzezpen, dantza, musika eta abarrez osatutako «gala» deitu duten ekitaldi klasifikagaitz bat.

Ezohikoa dela diot, ez horrenbeste eszenatokiagatik (nahiz eta bilkura politiko lehorrak askoz ohikoagoak diren areto hartan); eta are gutxiago bertaratu zirenengatik (hamaika aldiz han ibilitakoak izango ziren hiru mila eta piko ikus-entzuleak, ia guztiak).

Berrogei urte baino gehiago, 50 agian, egin beharko genuke atzera, ordea, antzeko ekitaldi politiko-mediatikoa kausitzeko areto horretan... eta orduan Jiang Qingek antolatutako opera haietakoren batekin-edo egingo genuke topo. Ikus-entzuleen artean, hori bai, ostiralean traje eta gorbataz zeuden asko aurkituko genituen orduan ere; Guardia Gorrien uniformez, jakina. Xi bera, adibidez. Bigarren galeriatik eskegitako pankarta erraldoi kontsignaduna ere antzekoa zen. Estetikaz.

Kontraesan latza dirudi Iraultza Kulturalekoa zirudien estetika hori hain zuzen Dengek 1978an abiarazitako «erreformen» goraipamena egiteko antolatzea... Baina Txinako politikagintzak baditu hori baino bihurrikeria handiagoak ere. Eta ikusiko ditugu datozen urteotan.

Ernari betean baitatoz. Adibidez, handik ordu gutxira, “The Washington Post” egunkariak eskegitzen zuen bere webgunean “Ez da merkataritza-gerra bat, teknologia-gerra bat da” artikulua. Estatu Batuek Txinaren aurka darabiltenaz, noski. Trumpen muga-zergen ergelkeriari zaplazteko bat eman eta benetako itua non dagoen aldarrikatuz: teknologiaren gerra irabazten ari zaigu Txina; oraintxe bertan, 5G komunikazioaz jabetzen ari da. Gerra bat da; eta galtzen ari gara.

Michael Morrell CIAko buru ohiak eta Davir Kris teknologia gaietarako fiskal nagusiaren alboko ohiak sinatzen zuten duela 50 urteko J. J. Servan-Schreiber-en “Le défi américain” gogorarazten zuen proklama. Askoz argiago eta laburrago idatzita.