23 DéC. 2018 afizionatuak Eneko Labakak hirugarrenez jantzi du DVko txapela Uriondorekin batera, erraz xamar nagusitu zen Egiguren-Etxebarriaren auka. GARA Afizionatu mailako txapelik preziatuenetakoa da Bankoa& DVrena, baina honek ez du, inolaz ere, profesionaletarako jauzia ziurtatzen. Galde diezaiotela bestela Eneko Labaka albizturtarrari, hirugarren urtez jarraian irabazi baitzuen atzo, Zarautzen, nagusien mailako txapela, oraingo honetan Uriondo lagun zuela. Orain arte inork lortu gabeko balentria lortu zuen, hortaz, pilotarekiko pasioa galdu ez duen aurrelari gipuzkoarrak. Gainera, bere nerbioarekin eta tantoak amaitzeko duen erraztasunarekin, Eneko Labaka bera izan zen uste baino errazago erabaki zen finaleko protagonista. Ioritz Egiguren askoz kamutsago aritu zen jokoaren alor honetan eta Asperekin debutatzekotan den Oier Etxebarriak ere izan ditu egun hobeak. Promesen mailan, Ander Murua arrasatearrak eta Asteasuko Iker Elizegik irabazi zuten, kasu honetan ere, emozio gutxiko partidan. Kasu honetan, atzelariak hautsi zuen partida hasieratik 13-1, eta Julen Egigurenen erreakzioa ez zen nahikoa izan. Kirol aldetik, neskena izan zen, ezbairik gabe, emoziorik gehien izan zuen finala. Bertan, 16 urteko Miren Larratek kontrako 20-15eko emaitza bati buelta eman zion Leire Garai gasteiztarrari 29-22 irabazteko. Agenda betea Gaurkoan ere ez da pilotarik faltako. Goizean emakumeen ETB Masterra jokatuko da Durangon eta Villabonan, aldiz, Antton Pebeten omenezkoaren finala nortzuek jokatuko duten erabakiko da, Exposito azken orduko baja delarik. Izan ere, Astigarragakoak Soroaren Omenezkoan jokatuko du arratsaldean. Amezketan, Beharzana eta Bergara lehiatuko dira Nazionalean.