29 DéC. 2018 IKUSMIRA Aulki hutsetara Ariane Kamio (Euskal) Kazetaria Laster hasiko da mugikorra mezuz bor-bor. Urtezaharreko agur asmatuak. “Izan dadila 2019a zure urterik zoragarriena”, “Bete daitezela ametsak”, “Datorrela berria zaharra baino hobea”... Aspaldion ez ditut etxeko mahaiaren inguruan lehengoak entzun: “Izan gaitezela hurrengo urtean ere mahai honen bueltan gauden berdinak, edo gehiago”. Izango da agian nahikoa bagaudelako, edo izango da akaso hura esaten zutenetatik batzuk dagoeneko ahulki hutsak baino ez direlako. Baina nago gizarte minbera batean sartu dugula kaskezurra, lurpean satorrak nola egiten ditugula egunak joan eta etorrarazi. Argi izpirik gabeko tunel komunikatuetan. «Whatsapp running» etengabe bat. Eta nago, noizean behin, baimena ematen diola nork bere buruari azpialde horretatik begiak atera, hautsak astindu eta inguruan liluratzen duenari begiratzeko, ilusioari atea zabaltzeko eta otsailaren 10ean, martxoaren 5ean, abuztuaren 27an edo beste edozein datatan, lurpeko egutegian esatera ausartzen ez garenak aireratzeko. Postureoa? Izan daiteke. Baita ahalik eta izpi gehien geureganatzeko ahalegin antzua ere. Nahikoa energia bilketa urte luze osoan itzalpeko jardunari eutsi ahal izateko. Whatsapp running lasterketa maratoniano horren baitan. Jaso dut Artedramak bidalitako Gabon aitzakiako zorion-postal-elektronikoa. Urte berri onaren esperantza, argiztatutako oholtza baten gainean. “Datorren urtean ere, Euskal Herriko teatroetan elkartu gaitezela!”. Azken lerroan, agurra. “Osasuna eta bizipoza!”. Horixe ez da sobera, aulki hutsen aurreko garaietara garamatzan leloa besterik ez bada ere.