GARA Euskal Herriko egunkaria
IKUSMIRA

Presidente gorilen aroan, bonoboa hartu gogoan


Anai-arreba, maitale eta bekatariak: ongi etorri urte berri beldurgarrira. Munduari begiratu eta panoramak beldurra ematen baitu. Arrazista, gezurrontzi, sexista, autoritario, zeken, infantilista, koldar, baldar eta sadikoen presidenteen klubak sozio berria du: Brasilgo Bolsonaro.

Trump orangutanaren bertsio gorila da. Biak eroak, ar dominante, biak tximino hiltzaile. Berezkoak ditugula irakatsi digute, gure genetikaren ortografiak determinatuta, arren dominazioa eta hiltzeko tirantza naturala. Arrakastaren giltza dela, bizilegea. Horregatik presidenteon aurpegi asasino eta militarista.

Baina, gure baitako bonoboaz ba al dakigu zerbait? Txinpantzea bezala, bonoboak lehengusu ditugu. Hortaz, zer gara gu? Txinpantze ala bonobo? Tximino bipolarrak gara, bietarik poxi bat hartuta, bi muturretatik hoberena eta okerrena hartzeko gai.

Amodioaz, politikaz, errukiaz begirada berria eskaintzen digute gure «lehengusu hippy» maitagarriok. Eredu berriak asmatzeko pistak. Bizirik gai direnek irauten dutela bada bizilegea, bonoboek honela itzultzen dute irakasgaia: gatazkak konpontzeko eta irabazpide konpartituak eskuratzeko gaitasun handiena duena biziko da.

Eta nola gauzatzen dute mirari hori? Plazer sexualaren bidez. Sexu adostuaz, emeek gidatua, barneratzailea, sexu basa, lasaia, zaratatsua, orgasmikoa, taldekakoa, orala. Gatazkak konpontzeko eta baliabideak konpartitzeko, sexua. Hori eta tonaka laztan eta besarkada. Sexu onak horixe baitu magikoa: beti errepikatu nahi dela. 2019rako, horra desira: bonobo-bonobo.