17 JAN. 2019 JO PUNTUA Adimen artifiziala Iratxe Esnaola Hezkuntzan doktorea Adimen artifizialak leku garrantzitsua du 2019ko teknologia nagusiak zein izango diren zehazten saiatzen diren azterketetan. Azterketa guztietan, esango nuke. Denek baieztatzen dute aurten ere pauso handiak emango direla. Pauso horiek pertsonen eta jendarteen mesedetan izango diren, ordea, ezin jakin. Egungo enpleguetan, kontrol sozialean eta pribatutasunean izan dezakeen eragin kaltegarria adimen artifizialari eskutik lotuta ibili da beti, bere hastapenetatik. Enpleguari dagokionez, zenbakiak kontuan hartzekoak dira. Adimen artifizialean aitzindari den Kai-Fu Lee-k hurrengo 15 urteetan lanpostuen %40 ordezkatuko dituela dio. Mckinsey Global Institute-ek esandakoaren arabera, automatizazioak milioika pertsonari eragingo die, eta 2030. urterako euren lanpostuetatik mugituko dira (zehazki 400 eta 800 milioi artean). Munduko Ekonomia Foroak 2025erako 75 milioi lanpostu ezabatu baina 133 milioi sortuko direla dio. Eta Gartner-en arabera, adimen artifizialak 2020. urtean ezabatu baino lanpostu gehiago sortuko ditu. Aldaketak ziurra dirudi. Eta bihar bertan gertatuko dela. Interesgarria litzateke euskal jendartean, oro har, adimen artifizialaren garapenaren gainean zein iritzi dauden ezagutzea. Hilabete honetan bertan, Oxford-eko Unibertsitateko Adimen Artifizialaren Gobernantza Zentroak argitaratu du gisa horretako helburua duen txosten bat (https://labur.eus/hIPhq). Egun adimen artifizialaren garapenaren aldeko adostasunik ez dela existitzen baieztatzen du, hau da, ez dela argi ikusten gizateriari mesede egingo ote dion. Eta galdera halabeharrez sortzen da: nor ari da erabakitzen adimen artifizialaren garapenaren norabidea? Eta nork erabakitzen du non dagoen bere muga? Noren zerbitzura dago egun? Ezaguna da enpresa teknologiko handiak adimen artifizialean egiten ari diren diru eta denbora inbertsioa. Baina garapen horren mugak non jarri behar diren, hori da oraindik izan ez den eztabaida soziala (eta politikoa; eta globala). Eta kontua ez da garapenari bizkarra ematea, adimen artifiziala ere pertsonen eta jendarteen mesedetan garatzeaeta erabiltzea baizik. Ezaguna da enpresa teknologiko handiak adimen artifizialean egiten ari diren diru eta denbora inbertsioa. Baina garapen horren mugak non jarri behar diren, hori da oraindik izan ez den eztabaida soziala (eta politikoa; eta globala)