Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Euskal kulturaren erakusleiho bilakatuko dira Eskoziako jaialdiak

Etxepare Euskal Institutuak sustatuta eta Lakuaren eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako diputazioen laguntzaz, euskal kulturak leku berezia beteko du aurten Eskozian. Scotland Goes Basque programaren bidez, urtarriletik urrira bitartean ehun euskal artista inguruk hartuko dute parte Eskoziako jaialdi esanguratsuenetan. Lehena gaur bertan abiatuko den Celtic Connections da: Korrontzi, Kalakan, Huntza, Oreka TX eta Tosta Banda ariko dira bertan.

Euskal kultura ezagutaraztea eta kulturaren, arteen eta hizkuntzaren bidez Eskoziarekin harremanak estutzea da Scotland Goes Basque programaren helburua. Etxepare Euskal Institutuaren ekimenez, eta Lakuaren eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako diputazioen laguntzari esker, 2019an zehar Eskozian izango diren jaialdi esanguratsuenetan parte hartzeko aukera izango dute ehun euskal sortzaile inguruk, lehen aldiz urte osoko programa trinko baten barruan.

Etxepareko zuzendari Irene Larrazak esan bezala, orain artean atzerriko jaialdietan parte hartu izan duten euskal sortzaileek, euskal kulturaren ordezkari diren neurrian, jaso dute Etxepareren laguntza. Baina, oraingoan, Etxepare bera da urte osoko programaren bidez sortzaileei aterpea eskainiko diena: «Beraiek izaten dira askotan bidea zabaltzen dutenak eta guk lagundu egiten diegu; orain, urte oso bat hartuko duen programa aurkeztera gatoz».

Programarako Eskozia hautatu izanaren arrazoiak ere zerrendatu zituen Larrazak. Batetik, identitatearen arloan Euskal Herriarekin antzekotasunak dituen herrialdea delako, bigarrenik Eskoziako jaialdiak Europako garrantzitsuenen artean daudelako eta, hirugarrenik, kultura «zubiak eraikitzeko» erabili nahi dutelako.

Hala, 2019an ehun sortzaile inguru izango dira Eskoziako jaialdi nagusietan euren proposamenak aurkezten, hogei ekitaldi egingo dituzte orotara eta lau izango dira euskal kultura nazioartera begira jarriko duten jaialdi nagusiak: Celtic Connections (Glasgow), Edinburgh International Book Festival, Edinburgh International Film Festival eta Fringe (Edinburgo).

Lehena, Celtic Connections

Gaur bertan hasiko da Glasgow-n Celtic Connections jaialdia eta bertan parte hartuko dute lau euskal taldek eta euskal presentzia duen nazioarteko batek: Korrontzi, Kalakan, Huntza, Oreka TX eta Tosta Banda. Hemezortzi egunez kontzertuak, tailerrak, hitzaldiak eta bestelako ekitaldiak biltzen dituen jaialdi honetan 2.000 musikari inguruk hartu ohi du parte. Igor Otxoa musikari eta Txalap.Art-eko kideak halakoetan parte hartzeko izaten dituzten zailtasunak izan zituen hizpide: «Kosta egiten da kanpora ateratzea, eta joan egiten gara, baina merkatuak masifikatuak izaten dira eta zaila da egiten duguna erakutsi ahal izatea. Horregatik, garrantzitsua da instituzioen eskutik joatea», esan zuen.

Gainerakoan, aurrerapen gisa, Fringe jaialdian (abuztua) Krego Martin, HQPC Kolektiboa, Akira Yoshida eta Tio Teronen Semeak ariko direla zehaztu zuten Etxeparetik, baita Edinburgh International Book Festivalek (abuztua) lankidetzak jorratu dituela Gutun Zuria, Durangoko Azoka eta Literaktum jaialdiekin ere.

Era berean, agertokietatik kanpo, euskara eta euskal kulturarekin loturiko eduki akademikoa ere landuko da Edinburgo, Glasgow eta Skye-ko unibertsitateetan. Batetik, 2016ko Kultur Hiriburutzatik sortutako Europa Transit proiektuko dokumentalen proiekzioak egingo dira Edinburgon eta Glasgown, eta Sra. Polaroiska, Amets Arzallus eta Mursego izango dira bertan. Bestetik, eta 2016ko Hiriburutzaren ondarearekin jarraituz, “Txekhov vs Shakespeare” proiektua ere eramango dute Eskoziara: hango idazleak Euskal Herrikoekin gutunak trukatzen jarriko dituzte, Europako erronken gaineko gogoeta egin dezaten.

Azkenik, Edinburgoko unibertsitateak mintegi bat hartuko du urri eta azaroan. Bertan, hizkuntza gutxituetako hedabideen egungo egoeraz eztabaidatuko dute Irlanda, Eskozia eta Euskal Herriko hainbat adituk.