21 JAN. 2019 KIROL ESKALADA Katalunia berriro ere muturreko graduaren epizentroa Stefano Gisholfik «Perfecto Mundo» (9b+) sinatu du eta Jakob Schubertek 9b eta Laura Rogorak 9a bana kateatu dituzte. Dernière mise à jour : 21 JAN. 2019 - 06:58h Andoni ARABAOLAZA Ez da aipatzen dugun lehen aldia eta ez dugu uste azkena izango denik. Azken urteotan Kataluniako kirol eskaladako guneek protagonismo berezia hartu dute. Ez soilik gure ingurumarian, baita nazioartean ere. Eta hori batez ere neguan gertatzen da. Santa Linya, Oliana, Margalef, Siurana eta enparauek muturreko zailtasuneko makina bat bide eskaintzen dituzte. Hori gutxi ez, eta neguko baldintzak erabat aproposak dira gradu oso-oso gogorra duten marrak kateatu ahal izateko. Osagai horiei guztiei esker, aipaturiko eskalada eskolek munduko txoko ugaritako bisitari asko izaten dituzte. Horietako asko eta asko, jakina, lehen lerroko espezialistak. Eta, nola ez, aurtengo neguko denboraldian talde horretako zenbait ordezkarik ez dute hutsik egin. Gainera, bisita horietan batzuk-batzuk “aske” sentitu dira; hots, xedeak biribiltzeko aukera izan dute. Horien artean dira Stefano Ghisolfi, Jacop Schubert eta Laura Rogora. Ghisolfik, adibidez, Margalefeko “Perfecto Mundo” (9b+) sinatu du. Schubert, berriz, 9b graduan sartu da Santa Linyako “Neanderthal”-ekin. Eta Rogorak beste 9a bat sartu du poltsikoan. Kronika hau italiarrarekin, Ghisolfirekin, hasiko dugu 9b+ esferan sartu den laugarren eskalatzailea delako. Haren aurretik ohore hori lortu dutenak Adam Ondra, Chris Sharma eta Alex Megos dira. 25 urteko eskalatzaileak iragan abenduan sinatu zuen “Perfecto Mundo”. Marra hori Sharmaren obra da; eta, bitxia bada ere, Sharmak berak, Megosek eta Ghisolfik elkarrekin Margalefeko bide horretan ekinaldiak egin zituzten. Joan den maiatzean, Megosek lehen igoera sinatu zuen, eta sei hilabete beranduago Ghisolfik lehen errepikapena erdietsi du. Gogora dezagun munduan aipaturiko bidea baino gogorragoa den beste bat dagoela soilik: Ondraren “Silence” (9c, Flatanger, Norvegia). Bestalde, 9b+ graduari dagokionez, Siuranako “La Dura Dura” eta “Perfecto Mundo” bideek errepikapenak dituzte; ez, ordea, Ondraren “Change”-k (Flatanger) eta “Vasil Vasil”-ek (Sloup, Txekiar Errepublika). “Perfecto Mundo” lehen aldiz ikusi zuenean, Ghisolfik aitortu du haren aurrean jarri zenean pixka bat “beldurtu” zela: «Zirrara sortu zidan. Ez da gauza bera bideo batean ikustea edo haren oinarrian egotea. 2017ko abenduan lehen saioak egin nituen. Alex Megos eta biok Chris hura probatzera gonbidatu genuen; izan ere, bera zen sortzailea. Chrisek baiezko erantzuna eman zigun. Alabaina, abendu hartan ekinaldiak nik neuk bakarrik egin nituen. Chrisen bideoa ikusi nuen, metodo batzuk hartu nizkion, baina beste batzuk asmatu egin behar izan nituen; besteak beste, nire garaierara eta estilora moldatu behar nituelako. Alex iritsi zenean, nire metodoak azaldu nizkion. Bion artean metodo eraginkorrenak eta geure ezaugarrietara hobekien moldatzen zirenak landu genituen. Egun haietan Chris batu zitzaigun». Aurtengo bisita bestelakoa izan da. Denera, Margalefen 32 egun igaro ditu, eta horrek buruari zein sasoiari eskatzen diona ikusita, Ghisolfik onartu du estres uneak bizi izan zituela: «Horretaz gain, bidearen giltzan hartu beharreko hatz bateko zuloan min hartzeko beldurra nuen. Horrekin batera aipatu nahiko nuke azalarekin arazoak izan nituela. Jasandako ebakiengatik mugimendu horretan ezinezkoa gertatu zitzaidan soka zintatik pasatzea. Zaila egin zait motibazio iraunkorra mantentzea». Italiarrak onartu du egunean soilik bi ekinaldi egiten zituela; hots, “Perfecto Mundo”-k soilik bi saio egiteko aukera ematen zion: «Bataren eta bestearen artean ordubeteko atsedena hartzen nuen. Bi saio horien ostean, gorputza leher eginda nuen. Marraren giltzara heltzeko, sei minutu behar nituen, eta ahalik eta freskoen iristea zen xede nagusia. Giltzaren ondoren sekzio zail bat dago. Atseden pixka bat hartu eta amaierako plaka zain duzu. Ez da gogorra, baina hobe da akatsik ez egitea». Eta besteak Bien bitartean, Jakob Schubert austriarrak erabaki bitxia hartu zuen: Sharmaren obra batzuk errepikatzea. Hasteko eta behin, “Catalan Witness the Fitness” blokearen (8c, Cova de l´Ocell) zazpigarrena sinatu zuen. Flashean egin zuen, eta harentzat 8b+ proposatu du. Ondoren, “El Bon Combat”-en (9b/+) lehen errepikapena egin zuen, eta berriro proposamen berria egin zuen: 9a+. Azkenik, Santa Linyako “Neanderthal”-en lehen errepikapena egin du. Gogora dezagun Ondra eta Magnus Mitboek ere marra hori probatu dutela. Aipaturiko Sharmaren beste bi obrak ez bezala, Schubertek uste du “Neanderthal” 9b dela: «Sekulakoa da. Eta batez ere bidearen giltza, dinamikoa, asko gustatu zait. Oro har, sekzio guztia. Bide berezia da, inoiz ez baitut hain luzea probatu: nire buruak 117 mugimendu zenbatu zituen. Lehen sekzioak (7b+) 45 ditu. Ondoren, atseden hartzen duzu. Bigarren zatia da gogorrena. Erlaitzaren ostean beste 10 mugimendu gogor daude, eta amaiera lasaitzen da». Aipatu dugu marraren giltza dinamikoa dela: «Mugimendu solte bat bezala ez da hain zaila, baina aurretik 70 egin dituzu. Eta zailenak dinamiko horren aurretik eskalatu behar dira. Beraz, fresko iritsi behar duzu. Dinamikoa gainditzen baduzu ezin zara lasaiatu, beste bospasei mugimendu zail gainditu behar direlako. Amaiera, hamar metrokoa, 8a+ da». Azkenik, Rogora aipatu behar dugu. 17 urteko neska honek, Perlesen, “Esclatamasters” kateatu du. Ez da italiarraren lehen 9a; izan ere, 14 urte zituela “Grandi Gesti”-rekin (Sperlonga, Italia) bederatzigarren esferan sartu zen. Baina bere gaztetasuna eta ibilbidea ikusita, azken jardun hori azpimarratzeko modukoa da. Urtearen lehen egunean “Esclatamasters” sinatu zuen: «Hasieran 9a bezala proposatu zuten, gero batzuek 8c+ zela zioten, baina helduleku bat hautsi eta 9a geratu da. Hala diote errepikatzaile guztiek». STEFANO GHISOLFI Joan den abenduan, eskalatzaile italiarrak «Perfecto Mundo» bidea (9b+) igo zuen. Gradu hori egiten munduko laugarren espezialista da. LAURA ROGORA 17 urteko eskalatzaile italiarra ibilbide oparoa izaten ari da. Urteko lehen egunean beste 9a bat kateatu zuen: «Esclatamasters». JAKOB SCHUBERT Austriarrak, berriz, «Neanderthal» (9b) marraren lehen errepikapena lortu du. Adam Ondra eta Magnus Mitboek probatu badute ere, esku hutsik atera dira.