GARA Euskal Herriko egunkaria
Surfa

Marrazo baten erasotik bizirik ateratzen lagun dezakeen ur jantzia

Australiako ikertzaile talde batek marrazoen erasoen kontrako ur jantzia sortu du. Ahalik eta odol gutxien galtzeko diseinatua dago neoprenoa. Orain arte egin diren antzeko saiakerek ez dute arrakastarik izan.


Australiako Flinders unibertsitateko ikertzaile talde bat marrazoen erasoei aurre egiteko ur jantzi bat egiten ari da. Helburua marrazo eraso bat jasan lezaketen urpekari, igerilari edo surflarien bizia salbatzea da. Ikertzaileak erabiltzen ari diren materiala Kevlar materialaren antzekoa da.

Kevlar delakoaren ezaugarri nagusia bere zurruntasuna da. Gutxieneko elastikotasuna gordetzen du, baina oso material gogorra da. Erresistentzia kimiko altua du, eroaletasun elektriko baxua, eta ebakiduren aurrean erresistentzia handia du. Besteak beste, balen aurkako txalekoak egiteko, urradura, mozketa eta antzeko lesioen aurkako eskularruak egiteko, zein hegazkinen jet motorren metrailaren kontrako blindajea egiteko erabiltzen da.

Odol galera ekidin

Armadura moduko ur jantziaren diseinua odol galera handiak ekiditeko diseinatu dute. Flinders unibertsitateko irakasle Charlie Huveneers-en esanetan, «marrazo erasoen ondorioz hiltzen diren gehienak odol gehiegi galdu dutelako edo odol isurketak eragindako shock egoeraren ondorioz hiltzen dira».

«Odol galera hori ekiditea lortzen badugu, alegia zauriak minimizatzea, eta emergentziazko erantzun azkar batekin, marrazo erasoen ondorioz hiltzen den pertsona kopurua murriztea espero dugu», azaldu zuen Huveneers doktoreak.

Marrazo zuri batek egin dezakeen hozkada hazbete bakoitzeko 4.000 librakoa omen da. Esaterako, zakur indartsuenak egin dezakeen hozkada hazbeteko 700 librakoa da; beraz, sekulako indar presioa du marrazo haginkada batek. Marrazo zuri batek, adibidez, hezur bat mozteko moduko 50 hortz inguru ditu, oso zorrotzak; ondorioz, halako hozkada bati aurre egiteko materialak zinez gogorra izan behar du, baina aldi berean ezin du pisu handiegia izan, ur kiroletan arintasunak garrantzi handia baitu.

Material berriak beroa ere ondo jasango du, eta zuntz sintetiko zurrun bat izango du, hain zuzen ere, labankaden eta balen kontrako txalekoetan erabiltzen dena bezalakoa.

Marrazo baten erasoa jasateko aukerak oso murritzak dira, baina surflari, igerilari eta itsaspekariek bainulari arruntek baino arrisku handiagoa dutenez ur jantzia hiru multzo horietako kideentzat diseinatu dute.

Spencer golkoan probatuko dute ikertzaileek ur jantzi berria, Adelaidako kostatik gertu, naturagune horretan dauden egiazko marrazoekin.

Marrazoak uxatzeko diseinuak

Duela sei urte, Australia Mendebaldeko Unibertsitateko zientzialariak enpresa batekin elkarlanean aritu ziren eta, haien ustez, marrazo erasoak gutxitu ditzakeen sistema bat aurkitu zuten. Bi sistema diseinatu zituzten eta diseinu horien arabera marrazoa subjektuarengana hurbiltzean bi gauza gerta daitezke. Lehena, marrazoak parean duena arriskutsua dela pentsatzea eta, beraz, harengandik aldentzea. Bigarrena, ur jantzi hau jantzita daraman pertsona ikusteko gai ez izatea.

Marrazoa uxatzeko teknologia surf tauletan, kayak edo beste edozein itsas kirol egiteko erabiltzen den tresneria anitzetan ezar daiteke. Ur jantzian aplikatu zuten sistemarekin, berriz, surflaria ikusezin bilakatzen da marrazoaren begietara. Marra beltz eta zuriz margotutako ur jantzia kosta egiten zaio marrazoari garden bereizten eta, gainera, egiaz jatekoa ez den zerbait dela uste omen du arrainak.

Formula hau tigre-marrazoekin erabili zuten eta proba anitz egin zituzten subjektu desberdinekin. Bi modelo atera zituzten, bata marra zuri-beltzekin, zebraren koloreak imitatuz. Beste modeloan, marra urdin argiak eta urdin ilunak elkar gurutzatzen ziren, kamuflajeko arropetan bezala. Ur jantzi hauek merkaturatzeak oihartzun handia izan bazuen ere, salmentek ez zuten arrakasta handirik izan.