08 FéV. 2019 NBA Harrison Barnes, partida erdian Sacramentora bidalia A. G. NBAk bere burua negozio soiltzat du, eta kito. Hala, ezaguna da Detroit Pistonsek Ricky Mahorn nola bidali zuen Filadelfiara bidean, historiako beren aurreneko txapeldun eraztuna lortu izana ospatzen ari zirela. Edo jakina da Charles Oakley Chicagotik New Yorkera inork ezer ere esateke nola bidali zuten, Michael Jordan taldekidearekin Atlantic Cityn Mike Tysonen boxeo borrokaldi bat ikusten ari zen bitartean. Alabaina, Harrison Barnesekin eginak marka guztiak hautsi ditu. Dallasekin jokatzen ari zen hegalekoa, eta 26 minuturen buruan 10 puntu zeramatzan Charlotte Hornetsen aurka. Rick Carlisle entrenatzaileak atsedena ematea erabaki zuen eta hara, aulkian arnasa hartzen ari zela, Harrison Barnesek azken orduko albistea jaso zuen: Sacramento Kings taldera bidali berri zutela. Kopetilun, bere taldekide ohien kamiseta soinean, ezin izan zuen azken laurdenean kantxa zapaldu eta ia ez zuen 99-93 lorturiko garaipenaz gozatu ere egin, Kaliforniara bidean jarri behar izan zuen–eta. Marc Gasol, Torontora Jokalarien trukaketa amaierara iristen ari dela, azkenean Marc Gasolek Memphis utzi eta Toronto Raptorsen jokatuko du. Katalanaren truke, Memphisek Jonas Valanciunas pibota, Delon Wright antolatzailea, CJ Miles hegalekoa eta 2024ko drafteko bigarren txandako jokalari baten aukera jasoko ditu. Milwaukee Bucksek, berriz, Nikola Mirotic hegaleko-pibota jasoko du New Orleans Pelicans taldetik. Azken hauek Jason Smith hegaleko-pibota, Stanley Johnson hegalekoa eta hurrengo drafteko eskubideak jasoko dituzte trukean.