A. MUJIKA - A. ARTOLA
MUXIKA
JON LOPATEGI HIL DA

Belaunaldiak txirikordatu dituen maisua

Badira adinik ez daukaten pertsonak, belaunaldi batean eta bestean ondo kabitzen direnak. Jon Lopategi Lauzirika «Baltza» hil dela jakitean, belaunaldi batekoak 60ko hamarkadan erakutsi zuen ausardia izan dute gogoan. Gazteagoak, maisu handi batekin akordatu dira.

Jon Lopategi Lauzirika 1934ko martxoaren 4an jaio zen, Muxikan. Baltza goitizenez ere ezaguna zen, eta, hamar anai-arrebako familian, seigarrena. Gerra garaian, Muxikatik alde egin behar izan zuen familia osoak. Mungian, Barakaldon eta Bilbon egon behar izan zuten. Muxikara bueltan, Jon Lopategik kontatzen zuenez, etxea txikituta topatu zuten. «Mahai tresnarik ere ez genuen. Kazola erdian jarri eta bertatik jaten genuen guztiok». Sei urte zituela hasi zen eskolan. Bere lehen irakasle hartaz esaten dituenak ez daukate antzik bere ikasleek berari buruz esaten dituztenekin. «Gure maistrak irakatsi gauza handirik ez, baina egurra majo ematen zigun!». Hamabi urte zituela Tolosako sakramentinoen apaiztegira joan zen ikastera. Filosofia ikasketak egin zituen bertan. Gero, 50 urteak beteak zituela, irakasle ikasketak ere egin zituen. Tolosan ikasten ari zela hasi zen bertsogintzara hurreratzen. Bere kasa hasi zen bertsoak idazten, etxekoak zoriontzeko, lehiaketara aurkezteko... baina ez zeukan bertsolari izateko asmorik. «Bertsotan inor ikusi gabe nengoen», kontatzen zuen. Tolosatik bueltan ikusi omen zuen bere lehen bertso saioa, Ariatzan, etxetik gertu. Eta berak ere antzeko zerbait egin zezakeela pentsatu omen zuen. Ez zebilen oker, geroztik bide oparoa egin baitzuen plazan eta txapelketetan. Eta beste batzuk bide horretara tentatzen ere ondo asmatu zuen.

36ko Gerraren ondorengo bertsolarien artean, Lopategi izan zen lehen bertsolari eskolatua. Bere aro distiratsu eta trinkoena Frankoren diktadurako azken urteetan eta frankismo ondorengo lehen urteetan heldu zen. Garai hartan, bikote ospetsua osatu zuen Jon Azpillagarekin batera eta bertsolaritzari mezu sozial eta politikoa emateko ausardia eta argitasuna eduki zuten.

Lau aldiz Bizkaiko txapeldun

1958an Bizkaiko Bertsolari Txapelketa antolatzen hasi zen Euskaltzaindia. 1961eko edizioan Azpillagak jantzi zuen txapela. Hurrengo urtean, 1962an, Lopategik (gerora Bizkaiko beste hiru txapela jantzi zituen: 1964an, 1966an eta 1987an). Ordutik aurrera elkarrekin plazak egiteko deiak jasotzen hasi ziren. Bizkaitik hasieran, baina azkar zabaldu zen Azpillaga-Lopategi bikotearen berri eta Euskal Herri osotik hasi ziren eskariak jasotzen. Lopategik kontatzen zuenez, soldaduskatik bueltan, ogibide bila hasi behar izan zuen. Kontabilitatea ikasten hasi zen Gernikan eta Dalia enpresan hasi zen lanean. Sei urte egin zituen bertan. Bertso saio batean, baina, pentsu fabrika batean hasteko proposamena egin zioten. Ongarri izeneko fabrika sortu behar zutela eta baserritarrei laguntzeko izango zela esan zioten, eta, Lopategik, baiezkoa. 18 urte egin zituen lan horretan. Azpillagak lantegi propioa zuenez eta Lopategi pentsua banatzen aritzen zenez, lan orduak moldatzeko modua egiten zuten.

Urtebetean 150 saio baino gehiago egitera iritsi ziren elkarrekin. Behin baino gehiagotan egiten zituzten egunean lau saio. Arrakasta horren gakoa bertsotara ekartzen zituzten gaietan zegoen. Jende mordoa hurbiltzen zen bikotea entzutera, tartean gazte asko, aldaketa garaian sartua zegoen jendartearekin kezkatuta eta konprometituta zeuden asko. Errepresioaren beldur inork kantatzen ez zien gaiei abesten zieten. Gerora gogoratzen zuenez, «Francoren inguruan-eta ez zuen inork kantatzen orduan». Lopategik eta Azpillagak, bai. Eta hori ez zitzaien debalde atera.

Kantatzen zituztenen ondorioz, nahi baino gehiagotan bisitatu zituzten Guardia Zibilaren koartelak. Eta isunak ere jarri zizkieten, diru kopuru garrantzitsuekin. Herri batzuetan dirua bildu eta herritarren artean ordaintzen zuten isuna. Plazan aritzeko debekua ere izan zuen bikoteak, 1967-1970 bitartean eta 1972-1975 bitartean, gobernadorearen aginduz. Baina bertsotan segitu zuten, kartelean beste bertsolari batzuen izena agertu arren, askotan Azpillaga eta Lopategi agertzen zirelako plazan. Kartzelan ere egonaldi bat baino gehiago egin behar izan zituen Jon Lopategik. Hain justu, behin Idiazabalen aritu ziren kantuan, nahiz eta kartelean beste bertsolari batzuen izena agertu. Guardia Zibila enteratu eta isun bana iritsi zitzaien. Azpillagak ordaindu egin zuen, baina Lopategik ez ordaintzea erabaki zuen. Ondorioz, kartzelara sartuko zutela jakinarazi zion guardia zibil batek telefonoz. Gerora kontatzen zuenez, «¿sabe usted la deshonra que supone pasar un mes en una cárcel de esas?», galdetu omen zion guardia zibilak. Eta, berak, erantzun, «pues será una deshonra, pero mayor deshonra es pagar por cantar».

1983-1984 ikasturtean, Bizkaiko Ikastolen Elkarteak bertsolaritza eskoletan zabaltzeko proiektuan parte hartzea eskaini zion. Hartara, pentsu fabrika utzi eta lan horretan sartu zen bete-betean, transmisioan. Bere ikasle izandakoak dira egungo Bizkaiko bertsolari asko, tartean bere seme Haritz Lopategi, Unai Iturriaga, Iratxe Ibarra, Igor Elortza eta beste hainbeste. Bertsolari bezala, Euskal Herriko txapela izan zen bere azken erronka; 1989an jantzi zuen (1982an eta 1986an txapeldunorde izan zen) eta pixkanaka plazatik erretiratzen joan zen, baina plazak osasuntsu segitzeko atzeko lana egiten, bertsolariak sortzen. Behin baino gehiagotan gertatu da Bizkaiko Txapelketako final batean kantuan zeuden bertsolari guztiak Jon Lopategiren ikasleak izatea. Datu esanguratsua.

Hileta gaur egingo zaio, 18.00etan, Ariatzan (Muxika).

Bertsolaritzaren akuilu

Bertsolaritzaren munduak penaz hartu zuen atzokoan Lopategiren heriotzaren albistea eta hunkituta oroitu zuen hark egindako lana. Iñaki Muruak, kasu, muxikarrak hauspotutako hiru fronteak izan zituen gogoan: bertsolaritza, frankismoaren aurkako borroka eta bertsolaritzaren transmisioa. «Bertsolaria izan zen, eta frankismo garaian egoerari aurre egiten saiatu zen. 60ko eta 70eko hamarkadetan zapalduen eta justizia erreklamatzen zuten horien ahotsa izan zen plazaz plaza».

Jon Azpillaga lagun zuela, bertsolaritza mezu politiko eta sozialak zabaltzeko baliatu zuen eta bertso jardun horren ondorioz behin baino gehiagotan ezagutu zuen kartzela. «Azpillaga joan ohi zen aurretik eta Lopategik ematen zuen egurra, jario gustagarria zuten biek, elkar ederki osatzen zuten», ekarri zuen gogora Muruak, eta garaiko errepresioak ez zituela kikildu nabarmendu zuen: «Salatu egin zituzten, debekatuta ere egon ziren, baina, hala ere, herri askotatik deiak jasotzen zituzten eta ezkutuka eta ahal zuten bezala egiten zituzten saioak, isilpean. Garai gogorrak ziren, ez zenekielako nork sala zintzakeen, nora erreparatu behar zenuen; orduko gobernadore zibilen agindua zorrotza zen eta gutxigatik joaten zinen kartzelara. Arriskatuz bizi izandako bertsolaria izan zen».

Izaeraz erreserbatua eta lagunarte txikien zalea, talde handietan zenean hausnarrean oroitzen du Muruak, «barru gogoetan eta arrazoiak lantzen». Hortik ernatu zitzaion belaunaldi berriei bertso-gosea pizteko grina: «Bazekien jendearekikoa egiten eta gazteen mailan jartzen, inteligentzi handikoa zen eta gazteen psikologia lantzen zekien, horregatik asmatu zuen».

Haur zela Lopategirekin ibilitakoa da Onintza Enbeita, Kanpatxuko bertso-barnetegietan. «Bertsolaritzaren transmisioan inork ogerleko bat ematen ez zuenean buru belarri aritu zen. Gizon atsegina, despistatua eta umore handikoa zen. Gogoratzen naiz hamar ume hartzen gintuela bere kotxean Kanpantxutik Gernikara joateko edo eramaten gintuela Gernikako institututik Bermeora bertsotara, eta galarazitako lekuetan aparkatzen zuen; guk barre egiten genion pentsatuz gizon xelebre bat zela. Denborarekin ulertu dugu gizon handi bat zela eta guk ez bezala berak oso ondo zekiela gurekin zertan ari zen». Bertsoa bezainbat euskara sustatu zuela ere oroitu zuen: «Bertsolaritza lotu zigun beti euskararekin, bere printzipioak nolabait transmititu zizkigun: euskara gabe inor ez garela irakatsi zigun».