11 FéV. 2019 ZIRIKAZAN Argi dugu Josebe EGIA Lanean, agerkari bat plazaratzen dugu hilero, hainbat lagunen artean egina; gehienbat, emakumezkoak gara idazleak, argazkilariak, zuzentzaileak, maketatzaileak… erredaktore-taldeko burua, ordea, gizonezkoa da. Bada, iazko Martxoaren 8koak apur bat jokoz kanpo harrapatu gintuen, emakumeon, alegia, ia talde osoaren egun horretako lanuzteak azken produktuan ezinbestean izango zuen eraginari dagokionez. Izan ere, egun batez gure egitekoak egiteari uzteak ondorioak ditu, eta behingoz ikus zitezen nahi genuen gehienok, gurearen irakurle oro ohar zedin hori horrela dela esparru guzti-guztietan, ohar zitezen ez M8an bertan bakarrik milaka andre kaleak harturik ikusita, bai eta aurrerago ere edozein egun arruntetan aldizkaria jaso bezain laster: ez dago osorik, lanegun horretan aldizkari hau egiten dugun emakumeok greba egin genuelako, geure langile- eta emakume-eskubideak aldarrikatzeko eta munduan dugun garrantziaz jabearazteko. Erredaktoreen burua ados baina kezkatua zebilen oso, hartzaileei bukatu gabeko hori helaraztea haiekiko errespeturik eza edo agertzen zuelakoan; gure ustez, aldiz, askoz begirunerik ez handiagoa zen andrazko guztioi –geuri, gure irakurleei eta beste guztiei– begira egun hartako eginkizunak beste egun batean egin (lan bikoitza eginda, noski) eta M8ko guztiari iruzur egitea, borroka hori “besteena” balitz bezala. Nagusiak zioen, halaber, irakurgaia apirilean jasota urrunegi geratuko zela M8ko lanuzteari buruzko aipamena, manifestazioen eta abarren oihartzuna itzalita egongo zela, ahaztuta, beste kontu batzuk izango zirela pil-pilean orduan. Azkenean, geuk tinko eutsi, geure iritzi eta nahian milimetro bat bera ere atzera egin ez, eta hutsuneekin atera genuen zenbaki hura, egun hartan egin beharrekoak ez egitearen ondorioz, ez gehiago ez gutxiago. Harro gaude oraindik ere, eta harrotasun horrek eragindako indarrez begira heltzear dagoen M8ari, zeinak aurten ez duen inor harrapatuko ez lekuz kanpo ez argudio-aitzakia-eztabaida festa urgentean. Argi dugu, iazkoa ez baitzen izan aurrekaririk gabeko anekdota kurioso edota pozgarri hutsa: oihartzunak, mareak, aliantzek eta eman zuen on guztiak urte osoan iraun dute, eta sendotuta datoz; pil-pilean lehen baino gehiago dago; aurten, harago goaz, eta gero eta norbanako gehiago elkar harturik… Argi dugu, aurten, ohiko guztiaz gainera, ultraeskuin azaleratu berria dugulako parean, eta urgentea dugulako irmotasunez erakustea zein dagoen, bera bai, lekuz kanpo joko-zelai honetan.