GARA Euskal Herriko egunkaria

Boterea izango da dFeria azokaren 25. edizioaren gai nagusia

Boterea zerbait egiteko ahala izatea da, baina arte eszenikoen azokak hitzaren zentzurik ilunenean jarri du jopuntua. Hain zuzen ere, boterearen nagusitasun hegemonikoan zentratuko dira 25 edizio betetzen dituen honetan. Sorreratik aldatuz joan da azoka bera, antzerkiarekin hasiz hasieran eta diziplina gehiago hartuz ondoren. Martxoaren 11tik 14ra gauzatuko den aurtengo edizio honetarako egitarau berezia prestatu nahi izan dute.


Martxoaren 11tik 14ra bitartean izango da dFeria arte eszenikoen azokaren 25. edizioa. 1988an sortu zen eta geroztik, nahiz eta ez den urtero azoka antolatu, garai berrietara moldatzen asmatu duela azpimarratu zuten ostiraleko aurkezpenean. Hasieran antzerkiari eskainitako azoka zenak, ondoren beste diziplinei besoak zabaldu zizkien eta gaur egun sustraiak ondo errotuta ditu.

Azoka hil honen 11n hasiko den arren, aurreko bi egunetan motorrak berotzen hasi eta arte eszenikoak kalera eramango dituzte. Guztira 32 konpainiak hartuko dute parte, eta horietatik 15 dantza ikuskizunak izango dira, 12 antzezlanak eta 5 diziplina anitzekoak. Donostian izango diren ekoizpenen %65 estreinaldiak izango dira gainera, hiru mundu mailan, bi Europan, bi Estatuan eta hamalau Euskal Herrian.

Aurtengo gai nagusia «boterea» izango dela iragarri zuten, nagusitasun hegemonikoaren zentzutik begiratuta. Norka Chiapusso dFeriako zuzendaria boterearen inguruan aritzen diren hainbat ekoizpenen inguruan mintzatu zen. Shakespeareren bi antzezlan izango dira, “Macbeth” eta “Rey Lear”. Lehenengoko protagonista tirano bat da, eta bigarrenekoak botere gosea du. Petra Teatrok dakarren “Yo no estoy loca” lanak bira bat ematen dio ideiari eta boterean oinarritzen diren harremanen inguruan mintzatzen da, «norbait iraintzeko ‘zoroa zaude’ esaten den horietaz».

“Como un viento helado”, Tanttakarena, eta “Promesa de fin de año”, La Maldita Vanidad konpainiarena, ere aipatu zituen Chiapussok. Azken hau «ikuskizun handi» bezala definitu zuen. Hori dela eta, ahalik eta ikusle gehien izan ditzan, martxoaren 14tik hasita Victoria Eugeniako Club Aretoan emanaldiak izango dira lau egunez.

Boterearen gaiaz aparte, pare bat «altxor» ekarriko dituztela ere aipatu zuen zuzendariak. Alegia, Mari Paularen “Retrópica”, Lavaren “Bending the walls, beyond” eta konpainiaren izena daraman “Un poyo rojo” ikuskizuna. «Azken zortzi minutuak sinestezinak dira», esan zuen Chiapussok xehetasunik aurreratu gabe. Euskal ekoizpeneko “Block” –Amaia Elizaran– eta “Erritu” ere –Kukai– azpimarratu zituen.

Amaitzeko, Salvador Tavora antzerki zuzendari eta La Cuadra konpainiako sortzailea gogoan izan zuen; dFerian hainbatetan izandako sortzailea ostiralean bertan zendu zen.

Profesionalen bilkura

Lakuako Kultura sailburuorde Joxean Muñoz ere izan zen aurkezpenean. «DFeria jaialdia ere bada, baina batez ere profesionalen azoka bat da, salerosketarako, harremanetarako, festarako», adierazi zuen bere sailak ekimena horrexegatik babesten duela gaineratuz. Izan ere, euskal produkzioak eta euskal sortzaileak azokan izango direla bermatzea da beren eginkizunetako bat; horien artean, “El enjambre”, “Dublineses” eta “Macbeth” izango dira.

Gipuzkoako Aldundiko ordezkari Marijose Telleriak esan zuenez, «azoketan bezala, hemen ere kilometro zero produktuak ditugu», alegia, gipuzkoarrak. Horiek dFeriaz harago, urte osoan zehar zabaltzeko desira agertu zuen.