Maddi TXINTXURRETA
DONOSTIA

Ekarpenen Legea «urgentziaz» berritzea eskatu dio EH Bilduk EAJri

Ekarpenen Legea «erabateko urgentziaz» berritzeko eskatu zion EAJri Xabier Olano EH Bilduren Gipuzkoako batzarkideak; izan ere, iragan osteguneko Herri Dirubideen Euskal Kontseiluan erabakitakoa, Ezohiko Funtsa sortzea, «adabaki» bat baino ez dela iritzi zion. EH Bilduren datuen arabera, konpentsazioak kontuan izan gabe, Gipuzkoak zegokion baino 90 milioi gehiago ordaindu du, Arabak 39 eta Bizkaiak, aldiz, zegokion baino 129 milioi gutxiago.

«Gipuzkoak 90-100 milioi euro inguru galtzen ditu urtero; Arabak 30-40 milioi; eta Bizkaiak, ordea, 130 milioi gordetzen ditu berarentzat». Eneko Maioz Orexako alkatearekin batera aurkeztu zituen datuok prentsa aurrean, Ekarpen Legearen azken berritasunaren karietara: Herri Dirubideen Euskal Kontseiluaren (HDEK) urriko bileran, 2012tik luzatuta dagoen Ekarpen Legea 2018aren bukaerarako berritzeko konpromisoa hartu zuten Lakuako Ogasun Sailak, hiru foru aldundiek eta Eudelek; alta, erreforma landu beharrean, Bizkai, Araba eta Gipuzkoak egin beharreko ekarpenak orekatzea helburu duen Ezohiko Funtsa sortu zuten.

Alabaina, funts berri hori «adabaki» bat besterik ez dela kritikatu zuen Olanok, eta hiru lurraldeek egin beharreko ekarpenen arteko oreka lortzeko, legea erreformatzea beharrezkoa dela aldarrikatu. «Argi geratzen da Ekarpen Legea ez dela gai dituen mekanismoekin lurraldeen arteko oreka bermatzeko», esan zuen. Horrela, legea «erabateko urgentziaz» berritzeko dei egin zion EAJri. «Konpon daitezela etxe barruan eta ez dezatela kalte gehiagorik sortu», adierazi zuen.

Bestalde, akordioak udalerriekin hitzartzeko galdegin zien jeltzaleei, «inplikatu zuzenak diren heinean, eta beraiek jasotzen dutelako zeharka akordio horren kalte nabarmena».

EH Bildukoek salatu zutenez, azkenengo ekitaldiari erreparatuta, ez da erabateko orekarik lortuko lurraldeen artean: Gipuzkoako ekarpen koefizientea dagokion baino handiagoa denez, zegokion baino 90 milioi gehiago jarri behar izan ditu 2018ko ekarpen ofizial gisa eta, horregatik, Egokitzapenerako Funtsetik 81,3 milioi euro jasoko dituela baieztatu zuen Olanok. Horrez gain, 4 milioi hartuko ditu ezohiko funtsetik. Hala, batzarkideak emandako datuak oinarri, Gipuzkoak dagokion baino 4,6 milioi gehiago ordaindu beharko lituzke.

Gipuzkoako Finantzen Kontseiluak, aldiz, bestelako datuak ematen ditu. 2018ko likidazioari buruzko txostenak agertzen duenez, lurralde honek 85,4 milioi euro jasoko ditu Egokitzapenerako Funtsetik. Halaber, HDEK-k azken bilerako erabakien berri emateko idatzitako dokumentuak zehazten du Gipuzkoak ezohiko funtsetik 4 milioi jasoko dituela. Hala balitz, Aldundiak ez luke galerarik izango azken ekitaldian.

Legearen moldaketa, luzerako

Aipatutako Ezohiko Funtsa Egokitzapenerako Funtsa nahikoa ez denean aktibatuko da. Hau da, Egokitzapenerako Funtsaren finantzaketa aplikatuta ere lurralde baten edo gehiagoren koefiziente horizontala –lurralde bakoitzeko BPGaren eta zerga bilketaren diferentzialaren bidez kalkulatzen dena– ez denean %99ra iristen.

Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako diputatu nagusiek funts honen alde egin zuten, eta Bizkaikoak, Unai Rementeriak, asteartean berretsi zuen egungo Ekarpenen Legea «funtzionatzen duen eredu bat» dela.

Halaber, EH Bilduko bozeramaile Arantza Urkaregik Batzar Nagusietan galdetu zionean noiz aurreikusten duten legea berritzea, Rementeriak erantzun zuen ez dagoela data zehatzik, «ezta presarik ere».

Beraz, Ezohiko Funtsaren sorreraren ondorioz, badirudi 2018ko abenduaren 31n aurkeztu behar zen Ekarpen Legearen moldaketarako lehen zirriborroa atzera ere luzatuko dela.

 

Oferta para analizar a fondo el sector de la automoción

En una comparecencia ante la prensa en la Cámara de Gasteiz, EH Bildu valoró ayer el «microplán» Renove para la renovación del parque de vehículos anunciado por el Gobierno de Iñigo Urkullu, que apenas beneficiará la compra de unos 2.500 coches con ayudas individuales de 2.000 euros. El parlamentario Iker Casanova señaló que esa iniciativa «no tiene sentido» si se plantea como alternativa y solución al futuro del sector de la automoción. En opinión de la formación soberanista, lo que se necesita es una «reflexión de calado estratégico» que analice las fortalezas y debilidades del sector.

Junto a Miren Larrion, Casanova explicó el contenido de una proposición no de ley en la que EH Bildu plantea la creación de una ponencia parlamentaria que estudie el futuro del sector y diseñe políticas públicas «coherentes», en la que también participen representantes de las empresas de automoción, de los sindicatos y expertos. GARA