22 FéV. 2019 JO PUNTUA Prekaritatearen isla politikoa Maria del Rio Zuzenbidean doktorea Lehenengo hauteskunde-kanpaina udaberriko oporretan izango da bete-betean –arabarrek San Prudentzio berezia ospatuko dute–, eta hilabete eskasera hautetsontziekin bigarren hitzordua izango dugu. Hortaz, pentsa dezakegu jada hasia den kanpainaurreak luze joko duela. Eztabaida politikoak, ordea, askotan ez ditu alderdien programak ardatz; ohikoa izaten da, esaterako, hausnartzea zein izango den parte hartze maila, eta zer nolako eragina izango duen azken emaitzetan. Aurtengo egoera bitxiaren ondorioz, gogoeta horrek askorako emango duelakoan nago. Honen harira, Zubiak Eraikiz plataformak galdera interesgarria plazaratu du: zergatik bozkatzen dute Bilboko Abando auzoan biztanleen %82k eta Otxarkoagan, aldiz, %43k? Arrazoia argia da: bazterketa politikoa. Hau da, auzoen errentak erabakigarriak dira hauteskundeen parte hartzean. Horrela, Abando da parte hartze altuena duena eta, era berean, aberatsena. Ondorioz, esatea dago errenta batzuk, eta bereziki, errentadun hauen interesak, hobeto ordezkatuak daudela erakundeetan. Gainera, Braulio Gomez ikertzaileak aipatu zuen moduan, zenbat eta desberdintasun ekonomiko handiagoa, orduan eta desberdintasun politiko handiagoa izaten da; honetan ere krisiak eragina izan du. Are datu interesgarriago bat: bozkatzeko ohiturarik ez dutenen parte hartzea handitzen denean, aberastasunaren banaketa areagotu egiten da. Azaldutakoa ez da soilik Bilboko afera, hiri guztietan gertatzen den fenomenoa baizik. Are gehiago, ez da bakarrik hauteskundeetan gertatzen den zerbait, parte hartze politikoa izaten den beste arloetan ere azaltzen da. Zintzoak izateko, ohikoa da gizarte mugimenduetan aniztasun faltaz ohartzea. Egoera kezkagarria da, demokrazia akastun baten adierazlea delako. Ez da bakarrik interes falta; gizartearen zati handi batek bere ahotsak eraginik ez duela uste du. Egoera konpontzeko errezeta magikorik ez dago. Ondorengo hiru hilabeteetan keinurik ikusiko al dugu? Zergatik bozkatzendute Bilboko Abando auzoan biztanleen %82k