GARA Euskal Herriko egunkaria
MENDIKO ESKIA

Inolako aitzakiarik ez Bandres-Karolo Memorialean

Joan den asteburuan, 220 eskiatzailek arrakasta handia duen mendi eskiko lehian hartu zuten parte. Hitzordu hori, gainera, EuskalHerriko Txapelketarako baliagarria izan zen. Bi modalitatetan jokatu zen: banakakoa eta kronoigoera. Eguraldia lagun izan zuten.


Mendi eskiko proba ofizialek beste hitzordu garrantzitsu bat izan berri dute. Joan den asteburuan, Bandres-Karolo Memoriala izan genuen. Ez da Euskal Herrian antolatzen den proba bakarra; baina, bai, ordea, gure lurrean jokatzen den bakarra. Gogora dezagun, mendi eskiko lehien artean dagoen aitzindariena Andres de Regil dela. Baina hori Europako Mendietan jokatzen da.

Bandres-Karolok, berriz, Izaba du egoitza, eta haren ingurumarian dauden mendietan prestatzen dira ibilbideak. Aurtengo ekitaldiak ez du inolako aitzakiarik izan. Alde batetik, elur asko izan dutelako. Eta bestetik, eguraldi bikaina lagun izan zutelako. Antizikloia, elur piloa, baldintza egokiak, eguzkia, haizerik ez... Zer gehiago eska daiteke? Bueno, elurraren baldintzei dagokienez, leku laiotzetan gogorra zegoen; ez ordea, eguteran. Sekzio jakin batzuetan, elur biguna edo pisutsua izan zuten; hots, udaberriko elurra deritzona.

Horretaz guztiaz gain, aipatu behar dugu Bandres-Karolo proba Euskal Herriko Txapelketarako baliagarria izan zela. Izen-emate epea zabaldu bezain pronto, zerrenda guztia bete egin zen. Horrek erakusten du antolatzaileen lana asko eskertzen dela. Eta aurten ere 220 eskiatzailek bat egin zuten iritzi horrekin.

Oro har, izaera herrikoia du. Eta horretarako bi ibilbide markatzen dira. A ibilbidean, 21,5 kilometrori eta 1.850 metroko desnibelari egin behar izan zioten aurre. Ibilbide horretan, besteak beste, lehiaren alde apustu egiten dutenek eta eskarmentu handia zein sasoia dutenek hartzen dute parte. B ibilbidean, aldiz, herrikoienek. Eta horiek guztiek 12 kilometro eta 1.150 metroko desnibela zituen ibilbidean jardun zuten.

Lehia zein euskal txapelketari dagokionez, aurreratu behar dugu El Ferialetik abiatu eta, besteak beste, Oloron eta Mendibeltz gailurretatik igaro zirela. Hein handi batean, esan daiteke ibilbide ikusgarria markatu zutela: korridoreak, igoera zein jaitsiera ikusgarriak... Finean, ibilbide alpino eta teknikoa.

Eta irteera puntuan, jakina, lehia hauetan parte hartzen duten eskiatzaile sasoikoenetariko batzuk izan ziren. Hutsune inportanteak ere izan ziren. Ezusteko handirik ez zen izan, hau da, faborito batzuek ez zuten hutsik egin. Baina azpimarratzeko modukoa da euskal eskiatzaile gazteak prest direla beteranoei lekukoa hartzeko. Eta kasu batean edo bestean egoera hori eman zen.

Larunbatean, banakako proba jokatu zen. Mendian alderantzikatze termikoa izan zuten, eta, goizeko hamarretarako, irteera puntuan 11 °C egin zuen. Memorialeko probari dagokionez, gizonezkoena oso ikusgarria eta lehiatua izan zen. Faboritoen artean ez zegoen euskal eskiatzailerik, eta kanpokoek maila bikaina erakutsi zuten. Hain zuzen ere, lehen hiru sailkatuak kanpotarrak izan ziren. Ivan Cuesta asturiarra lehen postuan joan zen probako hainbat zatitan. Baina akitaniarrak, Wilfrid Jumere eta Guillermo Blanchard bikain aritu ziren. Ibilbidearen azken zatian Jumerek Cuesta aurreratu zuen, eta 2:16:35 denborarekin lehena izan zen helmugan. Cuesta soilik 12 segundora heldu zen, eta Blanchard minutu bat eta 12 segundora. Emakumezkoetan, berriz, Igone Camposek nagusitasun osoa erakutsi zuen. 2:42:10 denborarekin irabazi zuen. Uxue Fraile 2 minutura helmugaratu zen, eta Laura Sola 7ra.

Euskal Herriko banako hitzorduan gazte batek, Axier Alonsok, txapela jantzi zuen: «2:20 denbora egin nuen, eta sorpresa handia izan da niretzat garaile izatea. Ez dut hutsegiterik egin, eta hori mendiko eskian oso garrantzitsua da. Indartsu ateratzea erabaki dut, eta banekien azken igoera ondo zetorkidala».

Oñatiarraren atzetik beste gazte bat sailkatu zen: Aitor Ajuria. Eta hirugarrena Lander Alvarez beteranoa geratu zen. Nesketan, memorialeko sailkapen bera errepikatu zen: Campos, Fraile eta Sola. Txapeldun zumarragarrak honakoa adierazi zuen: «Ez nuen irabaztea espero. Lasterketa ero samar hasi zen, eta banekien aldaketara ondo iritsi behar nintzela. Eta hortik aurrera alde txiki bat hartu nuen. Sasoiko nagoela badakit, baina ez da hain erraza izan».

Igandean, bestalde, kronoigoera proba jokatu zen. 800 metroko goranzko desnibela egin ondoren, helmuga puntua Larrondoa mendian izan zuten. Memorialean, mutiletan, arantza kendu eta Cuestak irabazi zuen. Jumere bigarrena izan zen, eta Juan Torres hirugarrena. Nesketan, bezperako sailkapen bera errepikatu zen: Campos, Fraile eta Sola. Bandres-Karolo lehiaren irabazleak nortzuk izango ziren argitzeko, bi probetako denborak batu ziren. Onenak edo erregularrenak Cuesta eta Campos izan ziren.

Eta Euskal Herriko Txapelketan, Alonsok eta Camposek berriro irabazi zuten. Jon Ander Aranburu eta Fraile bigarrenak izan ziren, eta hirugarrenak Ajuria eta Sola.