GARA Euskal Herriko egunkaria
PALA

Lau aurrelari eta lau atzelari, erregularra izatea saritzen duen Binakakoan


Azken ekitaldietan erabilitako lehiaketa sistemarekin jarraituz, lau aurrelarik eta lau atzelarik hartuko dute parte ostiralean Mungian hasiko den Munduko Binakako Pala Txapelketan. Aurrelari guztiek atzelari guztiekin jokatuko dute bi itzulitara, sei jardunaldi guztira, eta lau palista onenek –bi aurrelari eta bi atzelari– finala jokatuko dute zuzenean. Partida guztiak Mungian bertan jokatuko dira, finala apirilaren 13an.

Aurrelariak Garate, Gaubeka, Fusto eta Necol dira, eta atzelariak Urrutia, Gordon, Ibargarai eta Ibai Perez, eta jardunaldi guztietako bikoteak zehaztuta daude. Ostiral honetan, lehen jardunaldian, Garate-Urrutiak Gaubeka-Gordonen aurka jokatuko dute, eta Fusto-Ibargaraik Necol-Ibai Perezen kontra.

Puntuazio sistemari dagokionez, 3-0 irabazten duten pilotariek 100 puntu jasoko dituzte, 3-1 irabazten dutenek 80, eta 3-2 irabazten dutenek 60. 3-2 galtzen dutenek 40, 3-1 galtzen dutenek 20 eta 3-0 galtzen dutenek bat ere ez.

Azken lau ekitaldiek ere Mungia izan dute erdigune, eta nahitaez Pablo Fustoren izena aipatu behar da, azken lau txapelketak irabazita: 2015ean eta iaz Ibargarai atzelari zuela, 2016an Breffelekin, eta 2017an Ibai Perez lagun zuela. Horietako hirutan Gaubekaren aurka jokatu zuen.

«Oso pozik etortzen gara, frontoi polita delako eta txapelketa berezia delako. Denetan justuena seguruenik, kasik Buruz Burukoa baino gehiago. Luzeagoa da, aukera gehiago dituzu akats bati buelta emateko...», aipatu zuen aurkezpenean aurrelari argentinarrak. Buruz Burukoak zapore txarrik ez diola utzi gaineratu zuen eta oraindik bere burua sasoian ikusten duela: «Ongi ikusten naiz, edozeini aurre egiteko moduan, eta gogoz etorriko gara berriz ere».