27 FéV. 2019 «Txori bat leihoan», Maite Gurrutxagaren ibilbidea iruditan Dozena erdi zirriborro-koaderno eta azken urteetan egindako obren originalak jarri ditu ikusgai Maite Gurrutxaga ilustratzaileak Donostiako Tabakalerara eraman duen «Txori bat leihoan» erakusketan. Bere ibilbidearen garapena erakusteaz batera, irudien bidez sentipenak helarazteko orduan erabiltzen dituen teknikak ere utzi ditu agerian. «Txori bat leihoan» erakusketa apirilaren 22ra arte egongo da ikusgai, Kutxa Kultur Plazan. Dernière mise à jour : 28 FéV. 2019 - 06:15h Amalur ARTOLA DONOSTIA Zirriborro-liburuekin abiatuta, ilustratzailearen prozesu sortzailea hasi eta buka erakutsi nahi izan du Maite Gurrutxaga ilustratzaileak, Donostiako Tabakaleran (Kutxa Kultur Plaza, 4. solairua) ikusgai jarri duen “Txori bat leihoan” erakusketaren bidez. 2008an ilustratzaile jarduna Joseba Sarrionandiaren “Gau ilunekoak” ilustratzen hasi ostean, hainbat autoreren hitzak hornitu ditu irudiz, tartean Virginia Woolf, E.T.A. Hoffman edota, etxera etorrita, Harkaitz Cano eta Alaine Agirrerenak. Tabakalerako erakusketan, hainbat lanen originalak eta ilustratzailearen funtsezko lanabes diren zirriborro-liburuen bilduma bat jarri ditu ikusgai amezketarrak. Katapulta plataformak antolatu du erakusketa, Kutxa Kultur-en laguntzarekin. «Bozeto liburuak erakutsi nahi nituen, lehen urratsak hor daudelako, hortik hasten delako imajinarioa sortzen edo lengoaia osatzen», azaldu du ilustratzaileak erakusketa bisitatzen dugun artean. Bi zatitan banatuta, hastapen garaietako zirriborroak agertzen dituzten lau koaderno txiki, eta bere garapena erakusteaz batera autorearen berri ematen duten bi koaderno ertain eta handi bat bildu ditu erakusketan. «Hasieratik lagundu didate koadernoek. Koaderno egokiaren bila aritu nintzen eta aurkitu nuenean hasi zen etortzen nirekin leku guztietara», esan du. Ilustratzailearentzat koadernoa funtsezko lanabesa da, ezinbestekoa zaio euskarria bere sortzeko erara egokitzea. «Tamaina ezberdinetakoak diren arren, beti koaderno bera erabiltzen dut. Ur-margoetarako papera du, poltsan kabitzen zait, marrazteko beti Pilot-ak erabiltzen ditut eta ondo onartzen ditu honen tinta zein ur-margoekin gainetik egoten ditudan probak...», xehatu ditu “bere” koadernoak dituen ezaugarriak. Erakusketara ekarri dituen koaderno ertain eta handiak bidaia-koadernoak dira, Brasil eta Londresen sortuak. Eta badute berezitasun bat: collage-ak ikusten hasten dira. «Hauek Brasilera egindako bidaia batekoak dira», aipatu du tinta eta ur-margoez gainera gatz poltsatxoak, te-poltsen papertxoak eta lore lehorrak dituenari begira. «Collageak diseinu lanak dira, pertsonaiak sortzeko erabiltzen ditut adibidez. Lan askoren oinarria paper zati bat edo orban bat da, hura izaten da hasiera ematen duena». Eta hasiera horietatik ernatzen dira proiektu handiak: Mexikon argitaratu zuen “La enorme nada” (2015) album ilustratua, Alaine Agirreren testua daraman “Martin” (2016) edo Harkaitz Canoren poema batek akuilatutako “Tigre batekin bizi” (2017) kasu, guztiak ere erakusketan ikusgai. Proiektu horietako bakoitzerako gama kromatiko ezberdina erabili du Gurrutxagak. Kolore gutxi erabili zalea dela azaldu digu, bere lanean lehentasuna formak duelako: «Formek garrantzia izaten jarraitu dezaten nik behar dudan errekurtsoa da kolore gutxi erabiltzea, kolore gutxitan mugitzen naiz atentzioa forman jartzeko. Eta karga narratiboa kontrolatzea ere errazagoa da horrela: askotan txuria erabiltzen dugun bezala narratiboki airea behar duelako, besteetan itolarri sentsazio hori lortu behar duzu. Irudiak ez du beti atsegina izan behar», ondorioztatu du. “Tigre batekin bizi”-ren kasuan, orlegiak hartzen du nagusitasuna eta, protagonista “tigrea” bada ere, Gurrutxagak ez du haren irudirik eman. «Tigreaz hitz egitean sentsazio batez ari gara, airean dagoen zerbait da, atmosferan, norberak bere ikuspegitik eman behar dio forma tigreari eta izango da gaixotasuna, haserrea, konfliktoa...», azaldu du. Hala, tigrerik marraztu ez baina tigrea iradokitzen duten elementuak topatuko ditu obra honetan begirale finak. Erakusketan aurrera jarraituta, “Las aventuras de un Cockney” (2017) argitalpenerako egin zituen ilustrazioen aurrean paratu gara. Virginia Woolf-en obra bat ilustratzeak ilusio berezia egin ziola aitortu digu: «11 eta 14 urte bitartean zituela idatzitako bi ipuin ilustratu dira. Ez da betiko Virginia Woolf erreibindikatiboa, genero karga handi hori duena, baina intuitu daiteke gerora izango zena». Ofizioaren plazera “Martin”-en aurrean gaudela, lan honengatik Lazarillo saria eskuratu zutela ekarri du gogora. Ez da eskuratu duen sari bakarra, besteak beste Ilustrazioko Euskadi saria lortu baitzuen 2014an “Hariak” liburu ilustratuagatik. «Pertsonalki ikaragarrizko poza sentitu nuen, kosta zitzaidan sinestea ere. Ez dakit horrek lan gehiago ekartzen ote duen, baina bai zure lana balioan jartzen duela eta agian argitaletxeek badakitela beti saiatuko zarela profesionala izaten», izan sona handia duen idazlearen hitzak ilustratzean edo hasiberria den autore batenaren kasuan: «Lana onartu baduzu ahalik eta hobekien egin behar duzu, zure sinadura darama eta ez badago ondo erresolbitua zure kaltetarako da». Egin duen azken lanak ixten du erakusketa, “Cascanueces y el rey ratón” (2018). «Klasiko bat da eta klasikoak askotan ilustratu izan dira, horrek zera bat sortzen dizu, ze aportazio berri egin zenezakeen galdetzen diozu zeure buruari. Presioa senti zenezake halakoetan, baina gakoak edo hari bat bilatu ostean oso eroso egin dudan lana da». Plazerez lan egitea. Orain arteko ibilbideak hori eman diola dio. «Nabaritzen dudana da erosoago sentitzen naizela, eta hori ona da lanari aurre egiterako garaian. Beti dago blokeo uneren bat, korapiloak askatu beharra prozesu guztietan gertatzen den zerbait da, baina behin bidezidorra bilatuta errazten joaten da kontua, eta uste dut horretan ari naizela dezente irabazten. Eta horrek ematen dizu gauza garrantzitsu bat: lanak are plazer gehiagoz egiten dituzula». HASTAPENA «Collageak diseinu lanak dira, pertsonaiak sortzeko erabiltzen ditut adibidez. Lan askoren oinarria paper zati bat edo orban bat izan ohi da, hura izaten da hasiera ematen duena», azaldu du Gurrutxagak.