GARA Euskal Herriko egunkaria
KOLABORAZIOA

Utzikeria politikoaren aurrean, elkartasuna


Otsailaren 27 honetan, elkartasun mugimendutik saharar herriarekin bat egiten dugu Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren aldarrikapenaren 43. urteurrenean. Gaur sahararrek duten gizartearen babesak hartuko duen ikusgarritasuna ospatzen dugu, Tindufeko errefuxiatuen kanpamentuetara bidaiatuko duen elkartasun-karabanak erakusten duen moduan, maitasunez eta senidetasunez beteta.

Gizarte zibilak giza eskubideekiko babesa argi adierazten duen bitartean, elite politikoek beste interes batzuk gailentzen dituzte nazioarteko legeriaren gainetik. Europar Parlamentuak otsailaren 12an onartu zuen Marokorekin sinatutako Arrantza Akordioa saharar uretara zabaltzea, aldeko 415 botorekin, kontrako 189rekin eta 49 abstentziorekin. Europar Batasuneko Auzitegiaren ebazpen desberdinen aurka doan erabakia da hori –Auzitegiak Marokok Mendebaldeko Saharako uren inguruko erabakirik hartzeko ahalmenik ez duela ebatzi du, deskolonizatu gabeko lurralde bat delako sahararra–.

Interes ekonomikoei erantzuten dien erabaki bat izatearen irudia eman ahal badu ere, logika politiko baten barnean kokatzen da, zeinean saharar herria den kaltetu nagusia. Marokorekin sinatutako Arrantza Akordioak saharar urak barne hartzearekin, Europar Batasunak Estatu alauiaren subiranotasuna aitortzen du Mendebaldeko Sahararen gainean, okupatutako lurraldearen baliabide naturalak kudeatzeko ahalmena aitortzen baitio. Nazioarteko zuzenbidearen arabera, saharar herriaren ordezkarien esku dagoen zerbait, Fronte Polisarioaren esku, hain zuzen, eta ez potentzia okupatzailearenean.

Europar itsasontziek saharar uretan lan egiteko baimenaren truke, Marokok 52 milioi euro jasoko ditu urtero ordain gisa, beste baliabide naturalen (fosfatoak, ura eta harea) espoliazioaren bitartez lortutako etekinak kontuan hartu gabe. Kantitate hori oso desberdina da Europak 2018an saharar errefuxiatuen kanpamentuetara, Europako Batzordeko Laguntza Humanitario eta Babes Zibileko sailaren bitartez, bideratutako laguntzekin konparatuta: 9 milioi euro.

Akordioa ontzat emanez, Europar Batasunak hegoaldeko mugaren kontrolerako aliatu garrantzitsu bat izatea ziurtatu du marokoar okupazioaren alde egitearen truke. Estatu espainolak pisu nabarmena du babes horretan, bai muga horren parte izateagatik, bai oraindik saharar herriarekiko ardurak izateagatik.

Espainiak, Mendebaldeko Sahararen potentzia kolonizatzaileak legez kanpoko Hirutariko Akordioen bidez Maroko eta Mauritaniari emandako lurralde sahararraren deskolonizazio prozesu amaitugabea burutu behar du oraindik. Nazioarteko zuzenbideak biztanleriaren onuraz eta, ondorioz, bere baliabide naturalez arduratzera behartzen du, herri sahararrak autodeterminazio eskubidea gauzatu arte.

Aldiz, Estatu espainolak okupatzailearekin duen erlazioa zaintzen du, Europar Parlamentuak Arrantza Akordioa zabaltzea erabakitzen duen egunean Felipe VI.a erregearen bisita batekin. Horrela, Espainiak eta Europar Batasunak bizkarra ematen diote beste behin ere duela 43 urtetik giza eskubideen urraketa desberdinak jasaten dituen herriari, denak erabakitzeko eskubidearen ukapenaren ondorio.

Zuzendari politikoen utzikeriaren aurrean, otsailaren 27 honetan gizarteak eta elkartasun mugimenduek argi erakusten dute herri sahararra ez dagoela bakarrik autodeterminazioaren eta duela 40 urte kanporatua izan zen lurraldeetara itzultzearen aldeko zilegizko borrokan. Ospa dezagun, hortaz, beste behin ere gizarte zibilak politikariek baino duintasun handiagoa erakustea, sahararren eskubideen alde eginez eta, komunikabideen isiltasuna izanda ere, Mendebaldeko Sahara ez ahaztuz.