28 FéV. 2019 JO PUNTUA MWC eta zaharkitze programatua Iratxe Esnaola Hezkuntzan doktorea Argi geratuko zitzaigun honezkero 5G sare mugikorra, poliki eta garesti, baina badatorrela. Eta tolesten diren pantailak ere errealitatea direla. Baina MWC Mobile World Congress azoka beste begi batzuekin ere azter daiteke: lau egun hauek ez bailukete puntako teknologia erakusteko bakarrik izan beharko. Zenbait sindikatu eta alderdi politikok MWCko lanpostuak betetzeko iruzurrezko lan-eskaintzak salatu dituzte. Eta hori gutxi balitz, batzuek eskakizun sexistak biltzen omen zituzten: 36/38 neurria, gona motza, 5 zentimetroko takoiak eta makillajea, derrigorrez. Eta zer esan lanorduen balio gordinaren gainean: laguntzaile hauen lanordua 6,2 eta 7,2 euro gordin artean ordaintzen ari dira. Apur bat gehiago mantenuaz arduratzen direnena (9 eta 10 euro artean). Eta 9,7 euro zerbitzariena. Nabaria da eskaintzen diren lanpostuen prekaritatea: azoka eta ekitaldi handi eta masiboen ereduari eskutik helduta doana. MWC «interes publikoko» ekitaldia da. Sarrerak 800 eta 5.000 euro artean eskuratu ahal izan dira: sarrerak salmentara irekitzeak ez baitu esan nahi denok gonbidatuta gaudenik. Esan gabe doa instituzio publikoek milioika euro publiko behar dituztela MWC aurrera ateratzeko: zenbait hedabidetan argitaratu denez, 4 egun iraungo duen azokaren ordu bakoitzeko 400.000 euro publiko behar dira. Aitortuko dut eurootako batzuk mendekotasun digital eta adimen artifizialari lotutako auzi etikoez hitz egiteko erabiliko direla. Baina mugikorren sektorearen jasangarritasuna aurten ere absentzia nabaria da. Begirada horren hutsunea bete nahi izan du Setem gobernuz kanpoko erakundeak, Mobil Social Congress jardunaldiekin: «esklabotza modernoa» salatu dute. Egun, mugikorren ekoizpen eta kontsumo eredua erabat lineala da. Milioika produktu ekoitzi, saldu (/erosi) eta botatzen ditugu urtero. Zaharkitze programatuaren eredua da. Epe motzean ekoizleei diru-sarrera ikaragarriak emanez. Eta epe luzerako jasangarritasun zantzurik gabe. Horretaz ere hitz egin beharko genuke lau egunotan. Mugikorren ekoizpen eta kontsumo eredua erabat lineala da. Milioika produktu ekoiztu, saldu (/erosi) eta botatzen ditugu urtero