04 MAR. 2019 ZIRIKAZAN Deserosoa, deserosoa behar duelako Josebe EGIA Urtero egiten diot galdera bera nire buruari garai honetan: hitz egingo dut Martxoaren 8az ala ez? Izan ere, Euskal Herriko mugimendu feminista ederki egiten ari da. Beraz, gauza bakarra esango dut: aurtengo greba feminista ezinbestekoa da, eta iazko historikoa baino handiagoa izan behar du! Horri buruzko artikuluak, tertuliak eta abar gero eta gehiago diren bezala, nahitaezkoa da matxismoaz, generoaz, eta gizonen eta emakumeon egoeraz arlo guztietan mintzatzea, formaletan eta informaletan, ezezagunekin eta ezagunekin, deserosoa izan arren, astuntzat joak izan arren. Izendatzen ez dena, ez da existitzen. Asko dugu egiteko, oraindik ere nonahi entzuten dugu-eta «zer arraio!» nahi dugun feministok, berdintasuna izan badenean, esajeratu halakook; hedatuegi dago saltzen diguten espejismo hori. Kontu arriskutsua, zinez. Gure diskurtsoa deslegitimatzeko ahalegin etengabea, «gehiegikeriatan ari zarete, eskuetatik joan zaizue, jendartea ez da matxista, eta ni ere ez, tira, beste batengana kontu horrekin», zer esaten ari garen entzun edo aztertu gabe, bai gizonezkoen bai andrazkoen aldetik, hauetako batzuek ere uste dute-eta orain dena ondo dagoela. Arriskutsua, halako jarrerek nabarmena denari garrantzia kentzen baitiote, arinkeriaz: lan-arloko diskriminazioa, geureak zaintzeko lanaldi bikoitzak –edo hirukoitzak–, arraza, sexu-joera edo pobrezia dela-eta desberdinak direnekiko onarpenik eza… Arriskutsua, esplotazio-sistemak, androzentrikoak guztiak, emakumeon gorputza menderatzen eta bere egiten saiatu direlako; gure gorputza izan da xede nagusia botere teknikak eta harremanak garatzeko, Silvia Federicik dioen bezala. Arazoa ez dira ozen eta zalapartatsu mintzatzen zaizkigun halako gizonak, beren pribilegioak galtzeko beldurrez. Arazoa askoz konplexuagoa da. Sistema kapitalista eta heteropatriarkal honek ikusezin egiten gaitu, eta manipulatu, erail; mutu nahi gaitu, gainera. Ahoa itxita egon ginen bitartean, gauzak ulertzen saiatu ginen, eta argudioz hornitu ginen. Orain, ahoa ondo irekita, argudiook babesten ditugu. Gure larruak badu geruza oliotsu bat, iragazgaitza bilakatu da, eta zaborrak irrist egiten digu bertatik, ez zaigu barruan sartzen: munduko matxismo guztiek batera ere ezingo gaituzte berriz isilarazi, orain habetuta eta ahaldunduta gaudelako. Horregatik, ostiralean, esparru guztietan egingo dugu greba, kaleak geure eginda, ozen eta argi esateko: emakumeok* planto!