GARA Euskal Herriko egunkaria
AZKEN PUNTUA

M8aren biharamunekoa


Iraultza feminista izango zela edo ez zela izango esan zigutenean, izan gaitezen zintzoak, ez genuen sinetsi. Baina M8an zalantza laino guztiak uxatu genituen.

300.000-400.000 lagun atera ziren kalera. Inoizko jendetzarik handiena. Biharamunean neure buruari galdetzen nion: gertatu dena zinez sinisten ari ote gara? Pentsatzen jarrita, modaz harago, zerk batzen ote ditu horrenbeste milaka lagun? Batzen ditu kausa komun batek: hau dena aldatzeko nahiak. 78ko erregimenaren epitafioa idazteko desirak: «Iraultza iritsi zen uste ez zenutenean». Alderdi tradizionalen (baita geureen ere) ahoan entzuten dugunean sinistea kostatzen zaigun hori, contradictio in terminis huts bat entzuten ari garelako. Izan ere, alderdien zirkulutik at jende uholde horrek kalea hartzen duenean, erregimena desintegratu delako baino ez da. Demokrazia asmatu zen jendeak bere burua agintzeko mekanismo gisa. Ados. Alderdiak asmatu ziren mekanismo horri bide emateko. Ongi. Baina mekanismo horretatik at jendeak bere burua antolatzen duen unean, mekanismo horren obsoleszentzia islatzen da. Mekanismo horren anakronismoa. Globo aerostatikoak bezala: ongi zeuden balio zuten bitartean, baina zientziak gauza hobeak asmatu zituen.

Orain gauza bat falta da bakarrik: erregimen zaharra kanporatzea. Has gaitezen. Edo segi dezagun.