18 MAR. 2019 ANDINISMOA Cholitas Escaladoras, aldarrikapena mendian Joan den urtarrilaren 24an, Boliviako bi mendizale aimarak, Ana Lia Gonzalesek eta Elena Quispek, Aconcagua igo zuten. Talde horretako kideek emakume indigenak mendiak igotzeko eskubidea dutela aldarrikatzen dute. Jantzi tradizionalekin eskalatzen dute. Dernière mise à jour : 18 MAR. 2019 - 09:24h Andoni ARABAOLAZA Nahiz eta jardunean urteak daramatzaten, Aconcaguako igoerari munduko hedabide gehienek arreta berezia eskaini diote. Boliviako Cholitas Escaladoras taldeko bi kide, Ana Lia Gonzalez eta Elena Quispe, Amerikako mendirik garaienera igotzeko gai izan dira. Joan den urtarrilaren 24an gertatu zen hori. Horrela azalduta, ohiko albistea dirudi; besteak beste, egun ohikoa delako bi emakumezko Aconcaguako tontorra (6.962 m) zapaltzen ikustea. Baina kasu honetan talde horretako bi ordezkari izan dira. Eta biak ala biak aimarak dira. Hain zuzen ere, beren mezuetan emakume indigenek mendiak igotzeko eskubidea dutela aldarrikatzen dute. Eta hori mendiak igotzen egiten dute. Taldea 2015. urtean sortu zuten, eta dagoeneko Amerikako hainbat seimilako egin dituzte: Huayna Potosi (6.088 m), Illimani (6.438 m), Sajama (6.542 m)... Eta azkena, gaur-gaurkoz, Aconcagua izan da. Gizabanako zein hedabide asko harritu dituena ez da emakume aimara horiek mendi garaiak eskalatzen ikustea. Ez, bizi diren herriak 4.000 metrora daude. Eta, beraz, lasai asko esan dezakegu garaierara ondo egokituta daudela. Harritu dituena da (batzuek, ikuspuntu kolonialista batetik aztertu dituzte) jantzi tradizionalekin igo direla. Irudietan ikusten den bezala, emakumezko aimara hauek pollera edo gona, aguayo edo bizkar-zakua... erabiltzen dute. Eta herri indigena horietan ohikoa denez, kolorez beteta. Jantzi tradizionalak kranpoiekin eta pioletekin uztartuz. Aipatu dugu azken igoera horretan protagonistak Gonzales eta Quispe izan zirela. Horiekin beste hiru kide joan ziren: Lidia Huayllas, Dora Magueño (Gonzalesen ama) eta Cecilia Llusco. Denbora kontuengatik, gailurretik oso gertu zeudela atzera egin behar izan zuten. Aconcaguako tontorretik jaitsi bezain laster, lorpena erdietsi zuten Cholitas Escaladoras taldeko bi ordezkariek zera adierazi zuten: «Mendi hori igotzen lehen emakumezko aimarak gara. Eta, gainera, eskalada cholita izeneko soinekoarekin egin dugu. Eta horregatik harro sentitzen gara. Indarra eta adorea ematen digute. Jantzi horiekin geure amonak oroitzen ditugu; haiei diegun maitasuna ordezkatzen dute. Borrokaren sinbolo bat da; asko borrokatu behar izan dugu gauden tokira heldu ahal izateko». Orain dela lau urte, talde horretako mendizaleak biltzen hasi ziren. Hamabiren bat ziren; guztiek ala guztiek Boliviako mendiak igotzen saiatzen ziren turistentzat kozinatzen zuten edo garaiera baxuetan zamaketari lanetan jarduten zuten. Jakina, mendiak igotzea “debekatuta” zuten. Baina urrats bat egin, eta, hasieran, gizonezkoek (batez ere, mendi gidariek) ondo ikusten ez bazuten ere, mendietara igotzen hasi ziren. “Cholita” izena hartu zuen taldeak. Bolivian “chola” hitza emakumezko indigenari esaten zaio. Gaur egun ez horrenbeste, baina izen horrek denbora luzean mespretxuzko konnotazioa izan du. Emakume indigena izate hutsagatik. Evo Morales presidentea (bera ere aimara) boterera heldu zenetik, ostera, irudi hori aldatu egin da; izan ere, indigenen eskubideen eta tradizioen aldeko politikak indarrean jarri zituen agintariak. Jakina, Moralesek berak “Cholitas Escaladoras” taldeko bi mendizale horiek egin dutena txalotu eta, bide batez, zoriondu egin ditu. Gogora dezagun, ia boliviar guztientzat alpinismoa ez dela “existitzen”. Horrekin esan nahi dugu, Hego Amerikako herrialde txiroena izanik, kirol jarduera hori soilik mendizale kanpotarrek zein turistek egin dezaketela. Tresneria, mendi gidarien tarifak... ehunka dolarrekoak dira. Lerrootako protagonistek, berriz, ia gehienetan tresneria alokatu behar dute. Aurrera egin Iragan urtarrilaren 7an, Cholitas Escaladoras taldeko bost ordezkariak Boliviatik irten ziren. Hamar egunez, girora egokitzen jardun ziren. Fase hori bukatu orduko, pronto ziren Aconcaguari ekiteko, baina eguraldi kaskarrak Plaza de Mulas izena hartu duen kanpaleku nagusian geldirik egotera behartu zituen. 120 kilometro orduko haizeteak jasaten ari ziren, eta etsipenak hartu zituen mendizaleok. Une zehatz batean, Aconcagua igotzeko eskaintza egin zuten: «Mendia eskalatu ahal izateko baimena eskatu genuen. Horretarako, koka-hosto batzuk eta alkohola lurperatu genituen. Geure amonek hori erakutsi ziguten. Beste era batera esanda, mendian dauden espirituei baimena eskatu genien hura igo ahal izateko». Azkenean, eguraldia baretu eta Aconcaguari ekin zioten. Mendi gidari argentinar batekin, ohiko bidean sartu eta urtarrilaren 24an Gonzales eta Quispe tontorrera heldu ziren. Pozarren ziren, beste behin, beraien helburua bete eta taldeak dituen aldarrikapenak lau haizeetara zabaldu zituztelako: «Boliviako bandera zein Wiphala izenekoa altxatu genituen. Wiphala bandera koloretsua da, Andeetako herrialde indigenak ordezkatzen dituena. Igoera oso gogorra izan zen, baina gogotsu ginen. Alde batetik, zoriontsu gaude amets hori bete dugulako. Baina era berean triste, helburua ez dugulako taldekide guztiok lortu». Kirol helburua patrikan sartu dute, bai, baina Cholitas Escaladoras taldeko ordezkariek ez dute ahantzi nahi beraien xede nagusia andetar nortasuna aldarrikatzea eta emakumeek pairatzen duten diskriminazioa salatzea dela: «Egiten ari garen bidea ez da batere erraza. Orain arte, geure herrialdean dauden mendi-gidari eta eskalatzaile batzuen partez, diskriminazioa sentitu dugu. Gu umiliatzen saiatu dira. Esaten ziguten ez ginela gai izango mendi hauek igotzeko. Eta erakutsi diegu indarrarekin eta adorearekin lortzeko gai garela. Senarrentzat zein mendiko turistentzat kozinatzen genuen bitartean, geure buruari honako galdera egiten genion: zergatik gu altuerako kanpalekuetan geratu ordez, ez ginen gure senarrak edo mendi-gidariak bezala tontorrera igotzen? Haiek gailurretik nekatuta iristen ziren, baina, bide batez, oso zoriontsu. Eta guk, jakina, esperientzia hori bizi nahi genuen». Ohiko hausnarketak egin eta gero, emakumezko talde honek Virginia Siñani inspirazio iturri hartu zuen. 1895. urtean, Siñani Huayna Potosi eta Illimani mendiak soineko tradizionalekin igo zituen lehen emakumezkoa izan zen: «Denok ados jarri ginen, Virginia bezala saiatuko ginela. Eta gure lehen mendia Huayna Potosi izan zen. Hamaika joan ginen, eta den-denok zapaldu genuen tontorra». Aconcagua lortu ondoren, Cholitas Escaladoras taldeak argi utzi nahi du ez dutela atzera egingo. Eta dagoeneko, hainbat helburu aztertzen ari dira: «Etorkizun hurbilean, Ojos del Saladora (6.891 m) igotzeko asmoa dugu. Mendi horretan arrakasta badugu, urrunago bidaiatuko dugu. Alpeetara joatea aztertzen ari gara, eta Mont Blanc eskalatzea ez dugu baztertzen. Igo ditugun mendi horien tontorretatik ikuspegi dotoreak daude, baina ezin dugu ahantzi gure sustraiak Pachamaman errotuta daudela». AIMARAK Talde horretako mendizale guztiak emakumezkoak eta aimarak dira. Andetar nortasuna aldarrikatu eta emakumeek pairatzen duten diskriminazioa salatzen dute. XEDEAK Emakumezko aimara hauek soineko tradizionalekin eskalatzen dute. Etorkizun hurbilean Ojos del Saladora igotzea dute helburu. Eta Mont Blanc ere ez dute baztertzen. ACONCAGUA Joan den urtarrilaren 24an, Boliviako Cholitas Escaladoras taldeko bi mendizalek, Ana Lia Gonzalesek eta Elena Quispek, Amerikako mendi garaiena igo zuten.