25 MAR. 2019 JO PUNTUA Theresa May Arantxa Manterola Kazetaria Brexita dela eta ez dela, ez dut uste oker egongo naizenik gehienok Britainia Handian gertatzen ari dena harriduraz ikusten ari garela esatearekin. Egunero kapitulu berri bat ezagutzen dugu folletoi bitxi honetan; hori bai, gero eta errepikakorrago suertatzen ari zaizkigu. Izan ere, EBrekiko dibortzio hau luze jotzen ari da, hain luze ezen britainiarrak eurak gero eta gogaituago sumatzen ditudan. Ez dakit (nork daki?) aste honetako atalek zerbait bukagarria ekarriko diguten. Ikusiko. Dena dela, katramila honetan bada txundituta naukan beste zerbait, norbait hobeto esanda: Theresa May bera. Hilabeteak daramatzat oposizioaren eta baita ere bere etxeko zati baten aurkakotasunari nola aurre egiten dion ikusten, irmo. 80ko hamarkadan kargu berean izan zen Margaret Thatcherren eskola berekoa dirudi. Burdinazko Dama izendatu zuten hura bezala, hauskaitza ote bera ere? Begi zulo nabarmenez, ahotsa urraturik, aurpegian nekea, baina bera, tinko berean. Aitortu behar dut indar horrek mirespena eragiten didala. Konbentzimendu handia behar da horrenbesteko zaplatekoak jaso eta aurrera egiteko. Atentzioa ematen dit bere egitekoari zein gogor lotzen zaion ikusteak. Ez dut, noski, bere ideologia gustuko baina beste puntu batean ere arrazoi ematen diot. Duela hiru urteko erreferendumaren emaitzak direnak dira eta legitimitate osoa du britainiar herriak hartutako erabakia egikaritzeko. Herriak berak ere erabaki hura iraultzen saiatzeko duena bezalaxe. Baina mataza hori beraiek askatuko beharko dute. Atarian dugun hauteskunde errenkadan Europako Parlamentukoak ere hor ditugu. Urrunekotzat ditugu oso europar gehienon bizimodua uste baino askoz gehiago baldintzatzen duten boz horiek. Guri galdetu gabe sartu gintuzten EBn, eta hain normala egin zaigunez bere baitan egotea, gutxitan mahaigaineratzen dugu euskal herritarroi ezkontza horrekin segitzea komeniko ote litzaigukeen edo ez. Baina hori baino lehenago baditugu beste lan batzuk, eta ez makalak: Euskal estatua bera sortzea, alegia. Gutxienez, orain badakigu dibortzioa ez dela batere erraza. 80ko hamarkadan kargu berean izan zen Margaret Thatcherren eskola berekoa dirudi. Burdinazko Dama izendatu zuten hura bezala, hauskaitza ote bera ere?