GARA Euskal Herriko egunkaria

LABek lehen indarra izaten jarraitzen du hezkuntza publikoan

Asteartean egin zituzten hauteskundeak EAEko hezkuntza publikoan eta, atzo goizean sindikatuek bidalitako datuen arabera, LAB gailendu da sektorea bere osotasunean hartuta. Steilasek izan du igoerarik handiena aurreko hauteskundeekin alderatuta (+13). Atzo aurkezturiko emaitzak behin-behinekoak dira.


Astearte gauez helarazi zituzten hauteskundeen aurreneko datuak eta atzo goizean zehazten joan zirenak kontuan hartuz gero –behin-behineko datuekin eta sektorea bere osotasunean hartuta–, LABek irabazi du. 96 delegatu lortu ditu –aurrekoan baino bat gutxiago– eta beste lau urtez lehenengo indarra izaten jarraituko du.

Steilasek, ordea, bere lehenengo balorazioan adierazi zuen «unibertsitatez kanpoko irakaskuntzan» sindikaturik «bozkatuena» izan dela. Hemen arreta jarri behar da, unibertsitateko emaitzak baloraziotik kanpo utzi dituelako, noski, eta gainera, sindikatu honek ez duelako aurkezten hautagaitzarik zerbitzuen alorrean. Dena den, onartu behar da Steilas izan dela igoerarik handiena erregistratu duena: 2015ean baino 13 ordezkari gehiago lortu ditu (83).

«Steilasek bere poztasuna adierazi nahi du lortutako emaitzengatik, duela 4 urteko emaitzak berresteaz gain gainditu egin ditugulako», adierazi zuen.

Poztasun honen arrazoietako bat da irakasleen arloan nagusitasuna mantendu ez ezik, goranzko joera hartu duela. 45 ordezkari lortu ditu, 2015ean baino zortzi gehiago eta LABek baino 15 gehiago (30). Steilas nagusi den alor bakarra irakasleena da.

Emaitzak berretsi dira EHUn

LABek bi sektoretan atera ditu duela lau urte baino delegatu gehiago: irakasleei dagokienez bi ordezkari irabazi ditu eta hezkuntza berezian, hiru. Zerbitzuetan –jangela eta garbitzaileen arloa– eta Gipuzkoako Haurreskoletan (Bizkaia eta Araban hurrengo urtean bozkatuko dute) jaitsiera izan du; lau eta bi ordezkari gutxiago, hurrenez hurren.

Lehen emaitzak eskuetan zituela, LABek «zorion» mezua helarazi nahi izan zuen balorazioan eta kolektibo ezberdinetan «piztuta izan ditugun lan gatazkak» arrakasta handiko mobilizazioak izan direla azpimarratu zuen.

Unibertsitatean –zeinak lau azpisektore dituen– LABek bere nagusitasuna berretsi du 24 ordezkarirekin, aurrekoan bezala. Steilasek ere emaitzak errepikatu ditu (21) eta ELAk ordezkari bat irabazi du. Hala ere, EHUn bosgarren indarra da 12 ordezkarirekin; CCOO eta UGTren atzetik.

ELA ez da bereziki gailendu inon –erlijioan izan ezik–, UGTk beste ordezkari lortu baititu zerbitzuetan ere (12).