08 AVR. 2019 Eskalada «Tribe», trad estiloan munduko proposamen gogorrena ote da? Joan den martxoaren 22an Jacopo Larcher-ek bide hori lortu zuen. Sei urteko lana izan da, eta ez dio gradurik jarri «Tribe»-ri. Andoni ARABAOLAZA Jacopo Larcher moldaerraza da. Horrekin esan nahi dugu eskalada estilo ezberdinetan ondo moldatzen dela. Eta hori guztia ziurtatu ahal izateko adibide ugari eman ditzakegu. Kirol eskaladan “La Rambla” (9a+, Siurana) kateatzeko gai izan da. Hormatzarretan, Yosemiten, “Zodiac” (8b) eta “Magic mushroom” (8b+) sinatu ditu. Eta Eigerreko iparraldeko aurpegian, “Odysee” (8a+, 1.400 m). Hori gutxi ez, eta trad estiloan, besteak beste, “Rhapsody” bidea (E11 7a edo 8c/+) eskalatua du. Horixe da, oro har, 29 urteko italiarraren curriculum laburtua. Baina hankamotz geratuko gara, joan den martxoaren 22an Cadaresen (Italia) lortu zuena aipatzen ez badugu. Bada, Larcherrek “Tribe” izeneko marra kateatu zuen. Trad estilokoa da, eta, itxura denez, munduko proposamen gogorrena izan daiteke. Eta izenburuan bezala, galdera ikurra jarriko diogu, italiarrak berak ez diolako gradurik jarri. Zehaztasunak eman ez dituenez, haren inguruan egon direnen iritziak kontuan hartuta, espekulazioari ateak zabaldu dizkiote. Batzuek diote 9a izan daitekeela; beste batzuek, berriz, hori baino gogorragoa dela. Datu objektiboei erreparatzen badiegu, aitortu behar dugu orain arte trad estiloan egin diren bideen zailtasun gorena 8c+ dela. Hor dira, besteak beste, “Magic line”, “Meltdown”, “Pura pura”... Beraz, dirudienez, italiarrak zailtasunaren munduan beste urrats bat egin du. Galdetu diote ea zergatik ez dion “Tribe”-ri gradurik jarri, eta hedabideoi honakoa adierazi digu: «Bideari puntu gorria jarri bezain pronto, sare sozialetan ez nuen ezer aipatu; izan ere, ez nintzen gai proposamen bat egiteko. Egun batzuk igaro dira, eta erabaki dut “Tribe”-ri zailtasunik ez jartzea. Lehenik eta behin, esan behar dut erabat bete nauela, eta marra honek modu batera edo bestera izan dudan transformazioa eta azken urteotan eskalatzaile gisa izan dudan eboluzioa ordezkatzen dituela. Amets bat egia bihurtu dut. Eta horregatik bide honen balioa ez dut gradu batean oinarritu nahi. Izan ere, era horretan xede horrek bere baitan izan dituen hainbat eite garrantzitsu galduko lituzke: edertasuna edo eskarmentua. Jakina, oso-oso zaila da, baina hori ez da inportanteena. Dena eman nuen, eta inoiz eskalatu dudan zailena da». Sei urte Bitxia bada ere, “Tribe” eskalatzeko xedea orain dela sei urte sortu zen; hain zuzen ere, Larcher trad estiloko lehen bideak probatzen hasi zenean. Eskalatzaileak adierazi du, bidea ikusi bezain pronto harrapatuta geratu zela: «Caderese lehen aldiz bisitatu nuenean, ‘Tribe’ ikusi nuen. Oso agerikoa da, eta Riky Federer kideak hau adierazi zidan: ‘Saiatu beharko zinateke’. Hain justu, trad-a probatzen ari nintzen, eta Reunionetik iritsi bezain laster, ohartu nintzen estilo horretan buru-belarri jardun nahi nuela. Eta gau horretan marra garbitu eta mugimendu guztiak probatu nituen. Shock egoera modukoa izan zen, eta hori diot ez nuelako ezer ulertzen. Ezinezkoak ziruditen mugimenduek. Eta batez ere estilo horretan eskalatzea oso arriskutsua iruditu zitzaidan. Denboraren poderioz eta kirol eskaladan hartu nuen eskarmentuari esker, irudi hori pixkaka desagertzen joan zen. Hots, ez zirudien hain arriskutsua». Eskaladaren beste estilo batzuetan gertatzen den bezala, tradizionalean ere marra bakoitzak bere izaera du. Horietako batzuk ez dira teknikoki oso zailak, baina zeure burua babesteko egokiak ez direnez, arriskutsuak dira. Beste bide batzuk, aldiz, teknikoki muturrekoak izan daitezke, baina era berean askoz ere seguruagoak. Eta “Tribe” azken multzo horretan kokatzen omen da. Hori guztia aipatu ondoren, lerrootako protagonistak honako hau gehitu nahi izan du: «Lehen zatiak arrisku gutxi du. Mugimendu zein babesleku aleatorioak ditu. 7a+ izan daiteke, baina hobe duzu erorikorik ez izatea. Goialdean, berriz, giltzak diren bi sekzio daude. Baina horietan fisureroek zein friendek oso ondo babesten zaituzte. Lehen sabaian eroriko gaizto bat izateko arriskua duzu. Nik hainbat eroriko desatsegin izan nituen; soka hankaren atzean trabatu zitzaidan». Arestian aipatu dugu, bidea ikusi, haren mugimenduak probatu eta puntu gorria jarri arte sei urte igaro direla. Eta italiarrak prozesu horri odisea deitu dio: «Duela hiru urte, ‘La Rambla’ eta ‘Gondo Crack’ kateatu ondoren, ‘Tribe’-n benetako saioak egiten hasi nintzen. Udan zein udazkenean probatu nuen, baina ohartu nintzen tenperatura hotzagoa behar nuela. Baina neguan askotan oso heze zegoen. Negu batean sasoiko jarri nintzen, baina ondoren min hartu nuen. Iazko udazkenean, hormatzarren denboraldia amaitu eta sasoiko jarri nintzenean, euria azaldu zen. Baldintza onak iritsi zirenean, ordea, dena eman eta ‘Tribe’-ri puntu gorria jarri diot». Bidearen mugimendu zein sekzio guztiak ondo menderatu ondoren, Larcherrek erabaki zuen unea zela ekinaldi serioak, soka goitik egin ordez, behetik hasteko: «Hasieran, duen arriskuagatik, beldur nintzen, baina oso gustura sentitu nintzen segituan. Horrek motibazioan benetako eragina izan zuen, eta egoera hori inflexio-puntua izan zen. Onartu behar dut goitik edo behetik saiatzea ez dela berdina. Bidearen giltzak ondo menderatu nituenean, orduan konturatu nintzen derrigorrez behetik hasi behar nintzela. Bestela, ez zuen zentzurik». Bidearen izenari dagokionez, eskalatzaile italiarrak dio argi zuela “Tribe” jarriko ziola: «Marra horretan bizi izan dudan esperientziak talde baten partaide izatea sentiarazi zidan. Batez ere, Cadareseko eskalatzaileen taldekoa. Oso talde txikia da, baina ikuskera bera partekatzen dute. Uste dut hori dela geure kirolaren gauzarik ederrenetarikoa. Finean, tribu bat gara. Eta berdin dio graduak ze garrantzi duen. Asko gozatu dut eskalatzaile horiek eman didaten aholkuekin eta animoekin. Eta haien filosofiaren parte izateak asko bete nau». ODISEA Italiarrak «Tribe» ezagutu, probatu eta kateatu duen arte sei urte igaro dira. Prozesu horri «odisea» deitu dio. Saio garrantzitsuenak duela hiru urte egiten hasi zen. GRADURIK EZ Protagonistak esan du argi eta garbi duela bide horri zailtasunik ez diola jarriko. Halaber, onartu du «Tribe» dela eskalada tradizionalean egin duen marrarik gogorrena.