Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
DONOSTIA
Surf

Caparica eta Bell’s Beach:WSLko zirkuituak sasoi betean dira

Azken egunetan Caparican (Portugal) egin dituzten kategoria desberdinetako txapelketekin, eta Australian egiten ari diren lehenmailako (CT) lehiaketekin, WSL zirkuituko rankingak forma hartzen hasiak dira. Mundu mailako lehiaketen sasoia abian da.

WSL erakundeak antolatzen dituen zirkuitu desberdinak sasoi betean dira egunotan. Horren adierazle dira egunotan burutu diren bi lehiaketa. Batetik, Australiako Bell’s Beach urautsi mitikoan egiten ari diren lehen mailako lehiaketa dago, oraindik amaitu ez dena. Eta bestetik, pasa den asteburuan Portugalgo Caparica hondartzan amaitu ziren txapelketak daude.

Txapelketa hauekin guztiekin kategoria desberdinetako rankingak forma hartzen hasiak dira, eta jada datorren denboraldian zeresana eman dezaketen surflari berriak ezagutzen hasi gara. Aldi berean, azken urteetan lehen postuetan egon arren, zenbait lehiakidek goi mailan egingo duten azken urtea izango da aurtengoa. Kelly Slater izan daiteke horietako bat.

Pauline Ado eta Nat Young

Caparican (Portugal) pasa den astean egin zituzten munduko txapelketan nesken zein mutilen QS mailako bi lehiaketa eta junior mailako nesken eta mutilen beste bi lehiaketa egin zituzten. Beraz, lau txapel nagusi banatu zituzten Caparican.

Kategoria irekian Pauline Ado eta Nat Young izan ziren txapeldunak. Garaipen «garbiak» lortu zituzten bi lehiakideek, batez ere, surflari hendaiarrak, alde handiz garaitu baitzuen bere aurkari britainiarra. Bestalde, bada bi irabazleek duten antzeko beste ezaugarri bat. Nat Young, zein Pauline Ado, azken urteetan lehen mailan izan dira, baina aurten bigarren mailara jaitsi dira, ondorioz, berriz ere lehen mailara igo nahi badute QS txapelketetan emaitza onak eskuratu beharko dituzte.

Horixe izan daiteke Nat Young Portugalen lehiatzen ikusteko arrazoietako bat. Portugalgo txapelketa 3.000 puntukoa zen, hau da, maila ertainekoa, baina askoz ere zailagoa da AEBetan maila bereko lehiaketa bat irabaztea. Horregatik, aukera dutenean, babesle indartsuak dituzten Atlantikoaren bestaldeko lehiakideak Europara etortzen dira ranking orokorrerako puntuak eskuratzera.

Puntu gutxiago eskaintzen dituzten QS mailako beste txapelketetan (Zarauzkoa kasu) askoz ere zailagoa izaten da lehiakide australiarrak edo estatubatuarrak ikustea, ez baita errentagarria soilik 1.500 puntu eskuratzeko hain bidaia luzeak egitea.

Esan bezala, Nat Young nagusitu zen mutilen QS txapelketan, eta horretarako, azken bi denboraldietan punta-puntan ibili den, eta egun oraindik dabilen, Jorgann Couzinet frantsesa garaitu behar izan zuen.

Pauline Adok, ostera, Eli Turner surflari britainiarra izan zuen aurkari finalean. Txapelketako lehen egunetan olatuak indartsuak izan ziren, baina asteak aurrera egin ahala olatuen tamainak behera egin zuen eta finalean metro bateko olatuak izan ziren. Baldintza horietan bikain aritu zen hendaiarra, bai olatu gainean eta baita olatu aukeraketan ere. Horri esker, ia zortzi puntuko aldea atera zion aurkari britainiarrari.

Rachel Presti eta Kauli Vaast

Junior kategorian Rachel Presti alemaniarra eta Kauli Vaast tahitiarra izan ziren txapeldunak. Presti erraz gailendu zen nesken finalean, bost puntuko aldea atera baitzion Mafalda Lopes surflari portugaldarrari. Ordea, mutilen finala oso lehiatua izan zen, eta soilik puntu erdi bateko aldeagatik garaitu zuen lehiakide tahitiarrak Fernando Junior surflari brasildarra.

Rachel Presti izan daiteke aurtengo denboraldian zeresana eman dezakeen lehiakide berri horietako bat, izan ere, surflari alemaniarrak QS kategoria irekian ere parte hartu zuen eta oso gaztea izan arren, final-laurdenetara iristea lortu zuen.

Junior kategoriako bi irabazleek Olinpiar Jokoetara begira daudela erakutsi zuten, batetik, txapelketan erakutsi zuten jarrera lehiakorragatik eta bestetik, komeni zaien aberri baten izenean lehiatzeko hautua egin dutelako. Rachel Presti esaterako, Floridan (AEB) jaio eta hazi zen, baina Alemaniako bandera ordezkatzen lehiatzen da egun. Kauli Vaast ostera, tahitiarra da, baina Frantziako bandera ordezkatzen du lehiaketan.

Italo Ferreira «on fire»

Urtero bezala, Australiako Gold Coast eskualdean hasi zen nesken zein mutilen lehen mailako CT itzulia. Mutilen kategorian Italo Ferreirak irabazi zuen aurtengo lehen CT txapelketa eta egunotan Bell’s Beachen egiten ari diren lehiaketan ere oso indartsu ari da.

Iaz Ferreira izan zen Bell’s Beacheko irabazlea, eta aurtengo CT itzuliko hirugarren proba egingo duten Baliko txapelketa ere berak irabazi zuen. Beraz, Ferreira «on fire» (sasoi betean) dagoela diote WSLko esatari eta adituek.

Nesken kategorian berriz, Caroline Marks estatubatuarra gailendu zen 2019ko WCT zirkuituko lehen txapelketan, eta surflari honek ere aurtengoan emaitza onak eskuratzeko aukera anitz dituela dirudi.