Nagore BELASTEGI
DONOSTIA

Andrea Escargoten eszena ebakigarriak

Bidaiara eramateko prest dauden maletak, barazkiz betetako saskiak, uretan murgiltzen diren bainulariak, josten ari diren emakumeak, istorio bat kontatzen duten leihoak... horien lagin bat ikus dezakegu Aieteko Ilustratzailearen Txokoan, Andrea Escargot artistaren eskutik. Papera lantzen du, pintatuz, ebakiz, tolestuz eta itsatsiz. Lan handia hartzen du bere pieza txikiak sortzeko, baina gustuz egiten ditu, nahi duena artearen bitartez islatuz.

Lore ñimiñoz osatutako txanoa daraman emakumeari begiratu, eta begi bistakoa da lan hori egitea ezin dela erraza izan. Pazientzia handia izan behar du irudi polit horiek egin dituen artistak. Geroxeago iritsi da Andrea Escargot –Andrea Villamor Sanchez– Aieteko Kultur Etxeko Ilustratzailearen Txokora, oraingo honetan berari egokitu baitzaio bertan egoteko txanda. Ekainaren 9ra arte ikusi ahal izango dira mimoz eta tentuz egindako eszena horiek.

«Lan txikiak dira baina teknikak dauka presentzia handiena, hori da nire berezitasuna», dio Irungo gazteak. Akuarelarekin paper gainean pintatzen du, baina ez orri arrunt batean. Zatiak moztuz, tolestuz eta itsatsiz bolumenak lortzen ditu. Batzuetan lamina moduko lanak dira, lauak dirudite, baina geruzaz osatuta daude. Beste batzuetan, zuzenean, 3Dko objektuak sortzen ditu.

Erakusketa honetara gauza desberdin asko ekarri ditu; lan pertsonalak daude eta baita beste erakusketa batzuen parte izan diren lanak ere. Ezkerreko armairuan dagoen materiala erakusketa berean erakutsi zuen. Behean bidaiei lotutako piezak daude. Maletak eta txarteldegia. Bidaiaria ere egin zuen, baina jada ez dauka.

Erdian dendaren gaia lantzeko erabilitako pieza bat dago, saskia. Ekonomatoa eta eroslea ere egin zituen bere garaian. Goian jostuna eta denda jarri ditu. Etxean utzi du egin zuen josteko makina.

Eskuineko aldean lan pertsonalagoak kokatu ditu. Behean, berak egindako lehenengo lanak daude. Donostiako Gipuzkoa plazako leiho bat dago, serie bateko parte diren beste birekin batera. “Carrer del Desengany” deiturikoan kristala hautsita dago, barruan zerbait gertatu den seinale. “Rua da Alegria” delakoan paretan margotu dituen loreak alegriak dira.

Erdian amarentzako egindako koadro bat dago eta lantzen ari den album batetik baztertutako lan bat. «Askotan edertasunaren bila ibiltzen naiz, dena polita egin nahi dut eta konturatzen naiz askotan ez dela ezer kontatzen. Honekin hori gertatu zitzaidan», azaldu du.

Goian bainularien seriea dago ikusgai, eta horien artean egur zati batzuetatik zintzilik dauden hiru emakumeek osatzen duten pieza dago, erakusketa honetarako espresuki sortua.

Ilustratzailearen Txokorako ere egin du apalaren erdialdean jarri duen ebakigarri zuria, teloi baten atzeko antzerki baten eszena dirudiena, kalabazaz betea: «Hemen alboan liburutegi eder bat dago eta txoko hau Donostia Kultura eta Galtzagorri haur eta gazte literatura elkartearen artean sustatzen dute. Honekin keinu bat egin nahi izan diot askotan ipuinetan irakurtzen genuen esaldi horri: ‘hala bazan edo ez bazan, sar dadila kalabazan’», esan du. Pieza hori xehetasunez betea dago, bisturi txiki bati esker zehazki moztuak.

«Nire lan prozesua oso luzea da, gauzak oso txikiak direlako. Gauzak mozten, margotzen, kristoren ordu pila pasatzen ditut. Niretzat hobby bat bezalakoa da, askotan lanean hastean denbora konturatu gabe pasatzen zait eta oso berandu egiten zait. Lana da, baina gozatzeko ariketa ere bai», iritzi dio.

Betidanik sortzen

Ilustratzailearen Txokoan postalak egiten dituzte, jendeak hartu eta marrazkilariaren oroigarria gorde dezan. «Askotan gertatzen zait erreprodukzioa eta originala oso desberdinak direla. Nik ere egiten ditut erreprodukzioak. Argazkia ateratzen diet, editatu, eta nahiko duin gelditzen dira», esan digu. Horiek, originalak bezala, azoketan saltzen ditu.

Etorkizun hurbilean duen helburua, ordea, bestelakoa da. «Orain publikatzeko arantzatxoa dut eta horretan nabil lanean. Ez dakit autoekoizpena izango den edo argitaletxe batekin lotuko dudan, baina gustatuko litzaidake aurten zerbait argitaratzea».

Artearen Historia ikasi zuen eta betidanik ibili da sortzen, baina bere piezak hasieran berarentzako egiten zituen. Jendeak animatuta hasi zen erakusketak egiten, duela hiru urte inguru. «Gogoratzen dudanetik, neure burua ikusten dut gauzak mozten eta sortzen. Kultur kudeaketa, nire beste lanbidea, eta ilustrazioa uztartzen ditut», dio.

Nahiz eta bizitza osoa artean murgilduta igaro, bere burua «hasiberritzat» hartzen du. Hori dela eta, ilusioa egiten dio Ilustratzaileen Txokoan egoteak, batez ere bertatik pasatu diren profesionalak kontuan hartuta. «Oso txoko txikia da baina asko zaintzen dute eta iruditzen zait oihartzuna baduela», iritzi dio.

Ohiko lanez gain enkarguak ere hartzen ditu, azkenaldian asko baztertu dituen arren. Zaila egiten zaio bereak ez diren ideiak islatzea eta une honetan nahiago du esku artean duen proiektuari ekitea.