GARA Euskal Herriko egunkaria
KOLABORAZIOA

Arrantza jasangarria posible ote da?


Negutik udaberrira aldatzearekin batera oparotasuna itzuli ohi da euskal kostaldera. Lehenengo berdela eta ondoren antxoaren garaia izaten da. Baina denok dakigun bezala, arrantzak ez ditu garai onenak bizi. Geroz eta arrantzale eta arrantza ontzi gutxiago dago gure betiko portuetan. Arrantza beti izan da gizakiok naturaren parte garela ikusteko bide adierazkorrenetarikoa baina harreman hori, guztiak bezala, neurriz egin beharrekoa da.

Ezaguna da antxoarekin zer gertatu zen. Naturak eskaintzen zigunaren gainetik hartu eta antxoa egoera oso kaxkarrera eraman genuen. Horrek behartu gintuen antxoa itsasoan lasai uztera 5 urtez eta zientzialariek berreskurapena ziurtatu zutenean berriz hasi zen arrantza. Horregatik dira, gure ustez, horren garrantzitsuak zientzialarien datuak eta beraietan oinarrituta Europako beste herrialdeekin batera hartzen diren erabakiak. Kezkatzekoak iruditzen zaizkigu azkenaldian hain ohikoak egin diren hainbat adierazpen, adibidez berdelaren kasuan esanez zientzialarien datuak asmo txarrez hartuak direla. Bertako arrantzaleek euskal uretan berdel asko ikus dezakete baina horrek ez du zertan izan bere egoera itsaso zabalean. Batez ere berdelaren kasuan, ezagutu beharreko argazkia Europako Ipar Atlantiko osoaren egoera delako.

Horregatik iruditzen zaigu oso kezkagarria komunikabideetan horren ohikoa den «Bruselak kuota %20 gutxitu digu». Erabaki hori ez du Bruselak hartzen. Han hartzen da erabakia baina gobernu ezberdinen arteko akordioa da. Sarritan gutxiago arrantzatu behar da, zientzialariek hori aholkatu dutelako, hurrengo urtean egon dadila bermatzeko. Zoritxarrez, beti ez dira zientzialarien gomendioak betetzen. Horren sinplea dirudiena ez da beti egiten. Zorionez, geroz eta gehiago. Beraz ezin inori errurik bota, ez badago, ez dugu arrantzatu behar etorkizunean egon dadin.

Baina badira hainbat kasu, non erabaki hauek nahiko ondo hartu diren azken urteetan eta arrainek erantzun duten beraien oparotasunarekin. Antxoa adibide. Aipatutako itxieraren ondoren, arrantzaleek tentuz arrantzatzea erabaki zuten. Gaur egun antxoa maila historikoetan dago. Baina orduan beste arazo batekin egiten dugu topo. Aste hauetan gertatu bezala, arrantzaleek erruz porturatu dute antxoa eta zein izan da ondorioa? Prezioak minimoan ibili direla. Lonjan antxoa kiloa 30 zentimo azpitik ibili da. Oparitua. Eta hori ez da posible. Antxoa asko egon arren ezin da onartu horrelako prezioetan saltzea, horretarako ez du merezi arrantzatzea, hobe da naturari oparitzea tarteko saltzaileei oparitzea baino.

Arrantzaleek beste hainbat arazo dute beren jardunean baina prezioen balioaren gaineko gutxieneko kontrol bat izan beharko lukete. Eta horren baxuak direnean neurriren bat hartu. Horretarako administrazioaren laguntza izatea ere derrigorrezkoa da arrantzak etorkizunik izan dezan nahi badugu.

Zein izan liteke konponbidea? Badira hainbat jantoki publiko, administrazioen menpekoak, arrain merke, fresko eta sanoa gustura hartuko luketenak. Badira eskoletako, ospitaletako, zahar egoitzetako jantokiak... horiek guztiek arraina dute beren menuetan, arraina osasuntsua delako neurrian janda. Baina gaur egun horietan zerbitzatzen den arraina askotan kanpotik ekarritakoa izaten da, erabat prozesatua, merkea delako. Bai, merkea, antxoa aste honetan bezala.