07 MAI 2019 Eskalada Adin guztietako eskalatzaileek lehia koloretsua eskaini zuten Joan den larunbatean, Iruñeko BiHatz rokodromoan, Boulderreko Nafarroako Txapelketa jokatu zen. Herrialdeko Kirol Jokoetako finaletarako baliagarria izan zen hitzordua. Zazpi kategoriatan banatuta, 100 eskalatzailek hartu zuten parte. Dernière mise à jour : 07 MAI 2019 - 06:18h Andoni ARABAOLAZA Blokeko lehia atsegin duten nafar eskalatzaileek hitzordu nagusia izan berri dute. Nafarroako Mendi eta Eskalada Federazioak antolatuta, Iruñeko BiHatz rokodromoan, herrialdeko txapelketa jokatu zen. Horrez gain, Kirol Jokoetako finaletarako baliagarria izan zen. Joan den larunbatean izan zen, eta, zazpi kategoriatan banatuta, 100 lehiakidek hartu zuten parte. Zazpi maila aipatu ditugu, eta hain zuzen ere, gaztetxoenek lehia koloretsua eskaini zuten. Alabaina, parte-hartzaileen kopurua garrantzitsua izan bada ere, antolatzaileek parte-hartze handiagoa espero zuten: «Pena pixka bat hartu dugu; izan ere, Soka and Block lehiaketa herrikoian eskalatzaile gehiago bertaratzen dira. Antsoainen, Atarrabian eta Iruñeko BiHatzen antolatzen den ekimen horretan 250era iritsi dira. Alabaina, oso pozik gaude lehiatu zirenek eman zuten mailarekin eta giroarekin». Ohi den bezala, goizean sailkapenak jokatu ziren. Lehiakide guztiek elkarrekin jardun zuten, eta, denera, 20 blokeri egin behar izan zieten aurre. Eta tartean ziren seniorrak eta 10, 12, 14, 16, 18 eta 20 urtez azpikoak. Ekipatzaile lanetan Alfredo Oses eta Gorka Karapeto izan ziren, eta, oro har, proposatutako korapiloak bikainak izan ziren. Eta hori diogu izaera guztietako blokeak prestatu zituztelako. Giro ederra Finaletara sailkatu zirenek, berriz, launa bloke izan zituzten askatzeko. Seniorretan, adibidez, bai nesketan bai mutiletan, bloke bat egin gabe geratu zen. Eta korapilo horiek guztiek ere nota oso ona izan zuten. Nagusiak eta 20 urtez azpiko kategoriako lehiakideak, berez, txapelen bila irten ziren. Beste mailak, berriz, kirol jokoetako lehen postuen bila. Seniorretan ez zen ezustekorik izan, eta faboritoak podiumera igo ziren. Lehen postuak Mikel Gorraiz eta Suyapa Perezentzat izan ziren; bigarrenak, Iker Karrera eta Zuriñe Amatriainentzat; eta hirugarrenak, Ivan Cobos eta Leire Ruiz de Argandoñarentzat. 20 urtez azpikoen mailan, bestalde, hutsune garrantzitsuak izan ziren. Nesketan ez zen ordezkaririk izan, eta mutiletan soilik bi. Garaipena Iñaki Gorrizentzat izan zen, eta zilarra, Martin Sanzentzat. Hurrengo kategorietan parte-hartzea askoz ere handiagoa izan zen, eta hori eskertu egin zen. 18 urtez azpikoetan, Urko Zabala eta Oihane Ruiz de Argandoña nagusitu ziren. Bigarren postuak Ibon Mendiak eta Nahia Arozenak eskuratu zituzten. 16 urtez azpikoetan, Unai Artola eta Lucia Arlanzon eraginkorrenak izan ziren. Haien atzetik Asier Sanchez eta Alix Artola sailkatu ziren. Eta podiumaren hirugarren kutxara Unai Etxarri eta Amaia Gonzalez igo ziren. Hurrengo kategorietan, txikienetan, giro ederra egon zen. Horietako batzuek denbora daramate lehiaren mundu honetan; beste batzuk, berriz, hasiberriak dira. 14 urtez azpikoen mailan, Aitor Sanz eta Alaitz Oses sasoikoenak izan ziren. Bigarren postuak Ibai Bermudezek eta Lorea Hernandezek lortu zituzten. Eta hirugarrenak: Araitz Mendiorozek eta June Utergak. Alex Jasok eta Irati Asok irabazi zuten 12 urtez azpikoen mailan. Unai Ederrak eta Naroa Ayerdik zilarra sinatu zuten. Eta brontzea, berriz, Jon Elizaldek eta Laia Elizaldek-Ilaski Osesek. Eta 10 urtez azpikoen mailan, Urko Barcos eta Alaia Lagunas erregularrenak izan ziren. Bigarren postuan, Maitane Baigorri eta Nahiara Fantoba (berdinduta) eta Unai Agirre sailkatu ziren. Eta hirugarrenean: Aratz Baigorri eta Alazne Carrascosa. HITZORDUA Iragan larunbatean, Iruñeko BiHatz rokodromoan, Boulderreko Nafarroako Txapelketa jokatu zen. Denera, ehun lehiakidek hartu zuten parte. KOLORETSUA Zazpi kategoriatan banatu zituzten, hasi 10 urtez azpikoetatik eta seniorretan amaitu. Giro ederra izateaz gain, lehia estuak ikusteko aukera egon zen.