GARA Euskal Herriko egunkaria
KOLABORAZIOA

Zizurkilen saihesbidea behar dugu


Denbora daramagu zizurkildarrok trafikoaren arazo latza jasaten. Bulandegi eta Hernio bidetik pasatzen den ibilgailu kopurua 10.000tik gorakoa da eguneko, ibilgailu astunak barne. Kontuan hartu behar da, Asteasuko industria gunera joateko bide bakarra dagoela, eta hori Elbarreneko erdigunetik pasatzen dela. Horrek egunerokotasunean sortzen dizkigun eragozpenez gain, kutsadura eta osasun arazoak ekar ditzake.

Legediak ezarritako gehiengoak gainditzen dira Bulandegi bidean, Gipuzkoako Foru Aldundiak 2017ko abuztuan egindako soinu neurketen arabera. 1367/2007 Errege Dekretuak ezartzen dituen bizitoki eremuetarako gehienezko zarata mailak 60 dB(A)-koak dira egunean zeharrerako eta 50 dB(A)-koak gauerako. Bulandegin, egunez 70-74 dB(A) eta gauez 60-64 dB(A)-ko zarata mailak neurtu ziren, legeak ezarritako mugak gaindituz.

Arazoaren inguruan Aldundiak bere kabuz erabaki eraginkorrik hartzen ez zuela ikusita, herritar talde bat bildu ginen, gaiari eutsi eta dagokionari irtenbidea emateko eskatzeko. Geure kabuz bildu ditugun datuen arabera, Foru Aldundia 1990ean gaia aztertzen hasi zela egiaztatu dugu, "Estudio preliminar de la variante de Zizurkil y sus conexiones con la red viaria existente y prevista" azterketaren bidez. Lehenengo azterketa horren ondoren, gaur egun arte afera hamaika aldiz tratatu da proiektu ezberdinak idatziz, eta Udalaren eta Foru Aldundiaren arteko bilera ugari egin dira, baina, ez da inoiz behin betiko erabakirik hartu. Eta ez da txantxa, gaia 29 urte luzatu da. Eta orain ere Aldundiak beste proiektu batzuei eman die lehentasuna, aipatutako saihesbidea egiteko aurrekonturik eza argudiatuz.

2018an herritarrok egindako kanpaina batean, 350 sinaduratik gora bildu genituen, Zizurkilgo saihesbidea egiteko eskaerari atxikimendua ematen zietenak. Sinadura horiek, bai Zizurkilgo Udalari eta baita Aldundiari ere, helarazi dizkiogu. Bestalde, aipatzekoa da udal agintari batzuk herritar taldearekin hartu-eman zuzenean daudela eta Zizurkil, Asteasu eta Alkizako udalek euren babesa erakutsi digutela, aipatutako eskaera sinatuz. Baina erabakia Aldundiak hartu behar du, berea baita eskumena.

Pasa den martxoan, Bide Azpiegituretako foru diputatua den Aintzane Oiarbiderekin bildu ginen, eta argi utzi zigun ez dagoela aurreikusita epe laburrean saihesbidea egitea, euren ustez, beste lehentasun batzuk baitaude Gipuzkoan. Bestalde, aipatu zigun, abuztuan Bulandegi eta Hernio Bideko errepidearen zoruaren eraberritze estrukturala egingo dela. Gure ustez, eraberritze lan horiek Zizurkilen daukagun arazoa ez konpontzeaz gain, errepidea ibilgailu astunak pasatzeko prestatzen dute beste urte batzuetarako, beraz, arazoa finkatu besterik ez dute egingo.

Agerian geratzen da Foru Aldundia egoeraren larritasunaren jakitun dela, eta bere utzikeriak zizurkildarrok bigarren mailako herritar moduan sentiarazten gaitu. Horregatik, «Biala orain!» bizilagun taldeak kanpaina bat jarri dugu martxan eta Aldundiari aipatutako saihesbidea egiteko konpromiso formala eskatzeko, hainbat mobilizazio prestatuko ditugu.