14 MAI 2019 Eskalada Bi euskal garaipen Espainiako Kopan Itziar Zabala eta Mikel Linacisoro dira Fedme-kantolatutako boulderreko zirkuituko txapeldun berriak. Azken proban Zabala bigarren izan zen. Dernière mise à jour : 14 MAI 2019 - 06:22h Andoni ARABAOLAZA Fedme-k antolatutako Boulderreko Espainiako Kopa berezia jokatu da eta, azken emaitzei begiratzen badiegu, ohartuko gara txapeldun berriek ez dutela proba guztietan parte hartu. Hiru antolatu dituzte, eta irabazleak horietako bitan lehiatu dira. Hori bai, bietan ala bietan goi mailako jardunak egin dituzte. Eta amaitu berri den erregulartasunaren zirkuituko protagonistak bi euskal eskalatzaile dira: Itziar Zabala eta Mikel Linacisoro. Min hartuta zegoela-eta, dimoztarra ez zen lehen hitzorduan izan. Bigarrenean, berriz, lehen postuan sailkatu zen. Eta iragan larunbatean Plasencian jokatutako azkenengoan bigarren postua sinatu zuen. Puntu guztiak batu ondoren, Zabala izan da erregularrena. Mutilen kategorian, berriz, Linacisoro aurreneko bi probetan nagusitu zen. Baina hirugarrenean, Europako Kopako lehia bat zuenez, ez zen azaldu. Alabaina, Zabalak bezala, titulua eskuratu du. Azken proba Aipatu dugun bezala, hirugarren eta azken proba larunbatean jokatu zen. 63 lehiakidek hartu zuten parte, eta Dani Andrada eta Carlos Catarik proposatutako korapiloetan jo eta su jardun zuten. Oro har, esan daiteke ekipatzaileak fin ibili zirela. Eta hori diogu parkour izaera duten bloke gutxiago jarri zituztelako. Euskal ordezkariei dagokienez, bizkaitarrak finalean sartzeko aukera izan zuen. Nahiz eta lau blokeak egin zituen, Rut Casas gailendu zitzaion; ekinaldi gutxiago behar izan zituen lanak betetzeko. Ekipatzaileen arabera, bloke horiek 6b eta 7a+ arteko zailtasunak zituzten. Sailkapen nagusian, beraz, dimoztarra lehena izan da. Eta nolabait esateko, Aida Torresi “eskerrak” eman behar dizkio; izan ere, azken hau behin-behineko sailkapenean buru zegoen, baina Plasenciara ez zen joan Europako Kopako proba batean parte hartu zuelako. Gizonezkoetan, bestalde, Linacisororen hutsunea alde batera utzita, finalerako txartela soilik euskal ordezkari batek lortu zuen: Eric Lopezek. Berez, toledoarra da, baina amaitu berri den Espainiako Kopan EMFren txartelarekin lehiatu da. Nahiz eta Sergio Verdascok eta Pablo Rodriguezek bezala, hiru bloke egin, Lopezek saio gehiago behar izan zituen eta, azkenean, hirugarren postuarekin konformatu behar izan zuen. Behin betiko sailkapenean bigarrena izan da. Europako lehia ofizialei neurria hartzen Kirol Eskaladako Nazioarteko Federazioak antolatutako lehietan euskal eskalatzaileak gero eta emaitza hobeak lortzen ari dira. Hots, pixkaka-pixkaka bada ere, neurria hartzen ari dira. 2tik 4ra, adibidez, Innsbruk-en (Austria), senior kategoriako Europako Kopako bi proba jokatu ziren: blokea eta abiadura. Open izaera zuen lehia horretan bi euskal ordezkarik jardun zuten: Mikel Linacisorok eta Itziar Zabalak. Egungo espezialista sasoikoenen hutsunea baliatuz, blokeko proban Linacisorok zilarra sinatu zuen. Nahiz eta eskuarki jubenilen mailan lehiatu, seniorren lehietan lehen aldiz podium bat lortu du. Zabala 23. postuan sailkatu zen. Joan den asteburuan, berriz, bergararra Blokeko Europako Kopako proba batean izan zen, baina jubeniletan. Beste euskal ordezkariek bezala, ez zuen aukerarik izan finalerako sailkatzeko; hamalaugarren postuan bukatu zuen. Andoni ARABAOLAZA BI URRE Amaitu berri den Boulderreko Espainiako Kopako irabazleak bi euskal eskalatzaile izan dira: Itziar Zabala eta Mikel Linacisoro.