20 MAI 2019 HIMALAIA Tasio Martinek Ama Dablam estilo bikainean igo du Hilaren 9an, 18 urteko urduñarrak tontorra erdietsi zuen. Horretarako hiru saio behar izan zituen. Haren aita, Joseba Elorrieta, ia 6.400 metrora zegoela jaitsi zen. 6.812 metro dituen mendi horren hego-mendebaldeko ertza soka finkorik erabili gabe eskalatu du. Andoni ARABAOLAZA Astebete da Tasio Martin etxera itzuli dela. Eta, gainera, azpimarratzekoa den jarduera batekin itzuli da. Ama Dablam (6.812, Nepal) helburu izan du; mendiaren hego-mendebaldeko ertza, hain zuzen ere. Bada, Martinek xede hori biribiltzea lortu du. Kontua ez da seimilako ikoniko hori eskalatu duen. Bai, hori garrantzitsua izan daiteke. Baina are garrantzitsuagoa izan da zer estilo erabili duen. “Fair means” edo bitarteko garbiekin eskalatu du; hots, benetako alpinismoa egiten. Eta hori diogu Ama Dablamen ertz ikusgarri hori tontorreraino soka finkoekin ekipatzen dutelako. Urduñarrak ez zuen ukitu ere egin igoera guztian. Seimilako hori nola igo duen txalotzeko modukoa bada ere, ezin dugu ahantzi Martinen adina. Soilik 18 urte ditu, eta Himalaian lehen espedizioa izan du. Bada, mendi garai batean inolako eskarmenturik ez izateko... Joan den 9an, tontorra erdietsi zuen. Bakar-bakarrik, gainera. Alabaina, esan behar dugu ez dela bakarrik jardun; haren aita, Joseba Elorrieta, sokalagun izan du. Aitak eta semeak, beraz, espedizioa partekatu dute. Bientzat ala bientzat espedizio berezia izan da, eta alpinista gazteak lehen hitzak aitarentzat izan ditu: «Gailurra nik bakarrik zapaldu nuen, baina han goian sentsazioa izan nuen biak geundela. Hots, biok tontorra egin genuela. Aitak bigarren espedizioa zuen Ama Dablamen, eta bigarren aldiz arantza horrekin geratu da. Pena handia dut tontorreko uneak elkarrekin ez bizi izana. Lauzpabost ordu kenduta, den-dena elkarrekin egin dugu. Eta, oro har, izan dugun eskarmentua aberatsa izan da oso. Aitak eta semeak dena partekatu dugu, eta semea ondoan edukita, bada, ez da erraza [kar,kar]. Erabakiak elkarrekin hartu ditugu, eta horretan ez da arazorik izan. Uste dut espedizio honek balio izan duela geure harremana gehiago sakontzeko; gehiago ezagutu dugu elkar». Nahiz eta hilaren 9an gazte honek gailurra egin zuen, aurreratu behar dugu sokada horrek hiru saio behar izan dituela. Lehena, apirilaren 25ean hasi zuten. 20 kiloko bizkar-zaku banarekin kanpaleku nagusitik irten ziren. 1.200 metroko desnibela zazpi orduan gainditu ondoren, lehen kanpalekuan ziren: «Biharamunean, ertz ikusgarri horretan sei orduz eskalatzen egon ginen. Dorre Horia izeneko sekzioan 30 metroko V+ graduko luze bat botekin eskalatu genuen. Ondoren, bigarren kanpalekura heldu ginen. Elurraren baldintzak ez ziren batere onak, eta horrek erritmoa mantsotu egin zuen. Ikusi genuen 6.000 metrotik gora elurra transformatu gabe zegoela. Jaisten ari ziren mendizale batzuek esan ziguten oso arriskutsu zegoela. Egoera hori ikusita, biharamunean oinarrizko kanpalekura jaitsi ginen. Bigarren saioan pisu astunik ez eramateko, lehen eta bigarren kanpalekuetan tresneria utzi genuen». Ibilbidea ondo ezagutzen zutenez eta motxila arinagoa zenez, bigarren ekinaldiaren hasieran eraman zuten erritmoa azkarragoa izan zen: «Apirilaren 29an lehen urratsak egin genituen. Lehen kanpalekura askoz ere erosoago iritsi ginen. Bigarren kanpalekura eramango gintuen tartea zapatilekin egin genuen. Denda altxatzeko lekurik ez genuenez, libre zegoen beste batean egin genuen lo. Biharamunean Dorre Grisa izeneko sekzio teknikoa eskalatu genuen. Aitak esan zidan 1995ean egin zuen saioan baino askoz zailago zegoela. Ensamblen eskalatu beharrean, luzeak behar izan genituen egin. 300 metro misto zorrotzean egin eta gero, Perretxikoa izeneko ertzera egunsentian heldu ginen. Hirugarren kanpalekura (6.300 m) eramaten duen sekzio hori erraza izango zela iruditu zitzaigun, baina izotzean 60-70 graduko luzeak eta 90eko hainbat irtengune gainditu behar izan genituen. Kanpaleku horretatik aurrera zegoen bidea ez zen batere samurra izan. 50°-60°ko aldatsak elurretan, izotz gogorra eta puskatzen zena... Tontorra egiteko 400 metro falta zitzaizkigun. Arratsaldeko ordu biak ziren. Tontorra egiteko beste hiru ordu kalkulatu genituen. Eta jaitsierak arduratzen gintuen. Ni aurrera egiteko motibatuta nengoen, baina aitak esan zidan arriskutsuegia zela. Erabaki zaila zen, baina, azkenean, ekinaldia bertan behera utzi genuen». Hirugarren saio bat egiteko denboraz justu zeuden. Alabaina, sokada bizkaitarra azken bat egitera ausartu zen. Eta ausartu diogu, ekinaldi horretarako haize bolada gogorrak iragarri zizkietelako: «70-80 kilometro ordukoak ziren. Horrek beldurra ematen du. Baina saiatuko ginela erabaki genuen. Gainera, sabeletik ez geunden batere ongi. Haize bolada horiek batez ere hirugarren kanpalekuan eta hortik gora sufritu genituen. Egoera hori pixka bat saihesteko, denda errimaia batean altxatu genuen. Behin betiko saioa joan den 7an hasi genuen. Bigarren kanpalekura iritsi, biharamunean hirugarrenera, eta 9an tontorra lortu nuen». Azken 400 metroak ezezagunak ziren. Hain justu, Martinen aitak puntu jakin horretan atzera egin zuen: «Kristoren haizea egiten zuen, eta 60°ko sekzio batean, luze bat egiten ari nintzela, aita erabat izoztuta geratu zen. Bi torlojurekin bilera egin eta aita sufritzen ikusi nuen. Hatzak ez zituen sentitzen, eta komeriak zituen pioletak eskuekin hartzeko. Eta kontuan hartu behar da sekzio tekniko batean geundela. Horren ondorioz, ia 6.400 metrora zegoela, atzera egin zuen». Bakarrik 18 urteko alpinista honek aurrera egin zuen, eta azken 400 metroak bakar-bakarrik egin zituen. Alboan ez aita ezta inor ere: «Errusiar batzuk atzean ordubetera nituen. Banekien soka finkoak hor zirela, baina ez nituen erabili. Sokarik gabe joan nintzenez, izotzezko sekzioetan apur bat beldurrez egon nintzen. Hala ere, neure burua lasai mantendu nuen. Astiro joan nintzen, konfiantza handirik gabe. Baina, tira, tontorra zapaltzeko aukera izan nuen». Lehen “oparia” jaso zuen Martinek, baina bigarrena falta zitzaion. Hots, kanpaleku nagusira jaistea. Gailurrean haizea baretu ez bazen ere, zeru urdinari esker, protagonistak gozatzeko aukera izan zuen: «Mendi eta alderdi ederrak ikusteko aukera izan nuen. Bakar-bakarrik nengoen, neure pentsamenduetan sartuta. Baina jaitsi behar nintzen, eta denboraz justu nenbilenez, soka finkoak erabili nituen. Fisikoki neure burua oso ondo ikusi nuen, eta egun berean kanpaleku nagusira arazorik gabe heldu nintzen. Ordu batzuk han egin eta biharamunean ziztu bizian irten ginen hegaldia ez galtzeko». Ama Dablam mendiaren inguruan hitz ederrak ditu Martinek, baina eskalatu duen hego-mendebaldeko ertza ikusgarria dela azpimarratu nahi izan du: «Arestian esan dudan bezala, nire gurasoak 1995ean izan ziren; hori bai, udazkenean. Gu udaberrian egon gara, eta aitak esan dit ertza oso ezberdin ikusi duela; askoz ere lehorrago. Berez, udazkenean igotzeko mendia da. Esan dizudan bezala, lehen eta bigarren kanpalekuen artekoa zapatilekin eskalatu genuen; granito ederrean eta sendoan, hain zuen. Bigarren kanpalekutik aurrera, berriz, botak jarri eta mistoko tarteak gainditu behar dira. Beraz, asko eskalatu behar den ertza da. Zati batzuek bi pioletekin eskalatzea eskatzen dizute. Guk eskalatu dugun bezala, hots, soka finkoak erabili gabe, bada oso eskalada teknikoa da. Nik esango nuke Dorre Horian 5+/6a graduko luze bat egin genuela. Parabolt eta iltze bana zeuden. Jakina, friendak sartu behar dira. Mistoa, berriz, M3-M4. Eta izotzean, gehienez, 90°ko bi irtengune». Amaitzeko, alpinista gazte honek honako ondorioak atera ditu egin berri duen espedizioaz eta lortutako emaitzaz: «Nahiz eta aitak tontorra ez lortu, nire kasuan, eite guztietatik begiratuta, azterketa oso baikorra egiten dut. Nire lehen espedizioa zen mendi garai batean, eta den-dena ondo atera da. Girora ere oso ondo egokitu naiz. Eta batez ere, azpimarratu nahiko nuke aitak eta biok alpinismoa egin dugula. Bi lagun soilik alpinismoa egiten, soka finkoekin lotuta dagoen mendi ikusgarri batean. Hori zen geure filosofia eta helburua, eta hein handi batean lortu egin dugu». SOKAKIDEA Martinek aita, Joseba Elorrieta, sokalagun izan du. Ia 6.400 metrora zegoela atzera egitea erabaki zuen. Alabaina, semeak dio tontorra biek egin zuten sentsazioa duela. EKINALDIAK Denera, hiru egin zituzten. Azkenekoan, gainera, haizete gogorrei aurre egin behar izan zieten. Martinek dio ertza oso teknikoa zegoela; hots, asko eskalatu behar zela. TASIO MARTIN Joan den 9an, 18 urteko alpinista urduñarrak Ama Dablam mendia (6.812 m) hego-mendebaldeko ertzetik igo zuen. Igoera guztian ez zuen soka finkorik erabili.