21 MAI 2019 TRAIL Uxue Fraile eta Ion Azpiroz txapel banaren jabe Bi gipuzkoarrak ultra distantziako Euskal Herriko txapeldun berriak dira. Leitzan izan da hitzordua. Andoni ARABAOLAZA Leitza eta bere ingurumaria oso hezea da. Hori ere bazekiten joan den larunbatean Euskal Herria Mendi Erronka lasterketan parte hartu zuten korrikalariek. Baina hala izanik, hitzordu horretan bota zuen euriak ez zien grazia handirik egin 67 kilometro eta 3.600 metroko goranzko desnibela duen ibilbidean parte hartu zuten 500 korrikalariei. Denak bat zetozen: «Hori egokitu zaigu, eta kito». Alabaina, eguraldiak ez zuen lehiakideek emandako maila zapuztu eta, oro har, mutilen zein nesken kategorietan norgehiagoka oso ederrak eta estuak bizi izan ziren. Leitzako herria egoitza duen lasterketa hori, gainera, ultra distantziako Euskal Herriko Txapelketarako baliagarria zen. Eta aurrerapen gisa esan dezakegu Uxue Frailek eta Ion Azpirozek txapel bana eskuratu zutela. Hots, azkarrenak izan ziren. Distantzia hori kontuan hartzen badugu, Euskal Herria Mendi Erronka ez da luzeenetarikoa; ezta gutxiagorik ere. Hori dela eta, makina bat lasterkarik bat egiten dute hitzordu horrekin. Horretaz gain, ibilbidea ere oso erakargarria eta ederra da. Lehen 25 kilometroak gogorrak dira; batez ere, Hirumugarrietara egiten den kilometro bertikal kronometratua. Aipatu behar dugu ere, Euskal Herria Mendi Erronkak nobedade bat aurkeztu zuela. Lehen aldiz, errelebokako lasterketa egin zen. Leitzako irteera puntuan zeudenen artean, argi geratu zen lehia estuak ikusteko parada izango zela. Eta hori erakutsi zuten faboritoetako batzuek. Lasterketari goizeko zortzietan eman zitzaion hasiera, eta nesken kategorian Leitzako helmugan lehendabizikoa nor izango zen ez zegoen batere argi. Fraile eta Silvia Triguerosi buruz ari gatzaizkizue; hots, ultra distantzian egun dauden bi euskal espezialista onenak. Bizkaitarra lasterketaren buruan jarri zen, eta hala igaro zuen Hirumugarrieta mendia, baina Lekunberriko anoa postura iritsi baino lehen gipuzkoarrak aurreratu zuen. Hortik aurrera, Frailek ez zuen arazo handirik geratzen zitzaion ibilbidea ondo kudeatzeko eta helmuga lehen postuan zeharkatzeko. 8 ordu eta 4 minutuko denbora egin zuen: «Oso pozik nago emaitzarekin; izugarrizko ilusioa egiten dit txapeldun izateak. Lasterketa gehienak kanpoan egin ditut, eta banuen gogoa Euskal Herrian aritzeko». 14 minutura Trigueros iritsi zen. Eta hirugarren postuan beti erabat motibatua dagoen korrikalari beterano bat sailkatu zen: Izaskun Zubizarreta (8:47). Gogora dezagun, Zubizarreta iazko garailea izan zela. Antzeko egoera Bai, mutilen kategorian ia egoera berbera izan zen. Baina kasu honetan protagonistetako bat errioxarra zen: Jonathan Tejada. Lekunberriko anoa guneraino azkarrena izan zen, baina Azpirozek erakutsi zuen Nafarroako lasterketa horretara oso sasoiko iritsi zela. Eta duela bi aste Huescako ultra distantziako hitzordu batean egin bezalaxe, Leitzan lehena izan zen. Aipatu behar dugu ere Azpiroz Berastegikoa dela, eta lasterketaren ingurumaria bikain ezagutzen duela. 6 ordu eta 45 minutuko denbora egin zuen, eta bigarren sailkatuari, Tejadari, hamar minutuko aldea atera zion. 7 ordu eta bost minutuko denborarekin hirugarrena Iker Etxebarria izan zen. Euskal txapelketari dagokionez, beraz, Azpirozek titulua lortu du, bigarren postua Etxebarriarentzat izan da eta hirugarrena Jose Luis Berazarentzat. Leitzako helmugan, honako hau adierazi zuen txapeldun berriak: «Nire lasterketa egitera atera naiz, eta sentsazio onak izan ditut lasterketa osoan zehar. Baldintza gogorrak izan ditugu, baina dena ondo atera da. Hasieratik lasterketa zerbait ezberdina izan da; izan ere, erreleboetan parte hartu dutenak oso-oso azkar irten dira eta gu ere erritmo horrekin kutsatu gara. Hirumugarrietako bertikalean Tejada aurreratu zaigu, baina ondoren harrapatu dut eta uste dut moralki behera etorri dela. Nik buruz jokatu du, eta Leitzan lehen postuan iristeko aukera izan dut». Aipatu dugu zazpigarren ekitaldi honek berritasun bat izan duela; bada, erreleboetako lasterketan Ibai Madinak eta Garazi Artolak osatutako bikoteak irabazi zuen. Horixe da, hortaz, Euskal Mendizale Federazioak antolatutako ultra distantziako Euskal Herriko Txapelketak eman duena. Baina iragan asteburuan beste lasterketa batzuk izan dira, eta izaera ofiziala dutenen artean bazegoen bat arreta pizten zuena. Munduko Koparen bosgarren probari buruz ari gara. Jakingo duzuenez, EMFren taldearen izenean hainbat euskal korrikalarik hartzen dute parte. Bada, Frantziako Saint Honore herrian jokatu zen Sky Race des Matheysinseko hitzorduan (27 kilometro eta 1.980 metroko goranzko desnibela) Oihana Azkorbebetiak, lasterketa erregularra egin eta gero, laugarren postua sinatu zuen. Erregulartasunaren zirkuitu horretan bi proba jokatu ditu bizkaitarrak, eta behin-behineko sailkapenean bederatzigarren postuan dago. Gizonezkoen kategorian, bestalde, euskal korrikalarien artean onena Ander Iñarra izan zen. Lezoarrak lehen hamarren artean sailkatzeko aukera izan zuen; hain zuzen ere, zortzigarren postuan. TXAPELAK Uxue Frailek eta Ion Azpirozek Euskal Herria Mendi Erronka lasterketa irabazi dute. Ultra distantziako Euskal Herriko Txapelketarako baliagarria izan da.