Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Autoedizioa landuko dute bi euskal artistak Wroclaw hirian

Eneka Fernandez eta Raisa Alava artistek Poloniara bidaiatuko dute, AIR Wro programaren barnean, autoedizioarekin lotutako proiektu bana garatzeko. Lehenak autoedizioan dabiltzan agenteen mapa egitea du helburu; bigarrenak fanzineen sorkuntza sustatu nahi du.

Bi euskal artistak Poloniako Wroclaw hirian egonaldi artistiko bana egingo dute, AIR Wro (Artists in Residence Programme) programaren baitan. Europako Kultur Hiriburutzaren baitan sortu zen proiektua eta, seigarren edizio honetan, Eneka Fernandez eta Raisa Alava izan dira artista hautatuak. Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak azaldu zuenez, aurten, gainera, ez da deialdi publikorik egin programan parte hartu nahi zuten artistek izena eman zezaten eta Fernandez eta Alava zuzenean hautatu dituzte, autoedizioaren arloan duten ibilbideagatik.

Izan ere, egun boladan dagoen autoedizioaren ingurumaria aztertzea da aurten programaren helburu nagusia eta bi artistek autoedizioan oinarritutako ekintza kultural bana burutu beharko dute.

Hitza hartuta, Eneka Fernandezek bere burua aurkeztuz ekin zion proiektuaren aurkezpenari. Pasaitarra da Fernandez, Artearen Historian lizentziaduna, eta autoedizioaren mundua hainbat urtetan komisariotza lanetan aritu ostean ezagutu zuela azaldu zuen, Bartzelonako La Central liburu-dendan lanean hasi zenean. «Publikazio ugari eta fanzineak kudeatzen nituen eta, autoreekin harreman zuzena nuenez, hainbatetan laguntza behar izaten zutela konturatu nintzen», esan zuen. Hala sortu zuen, 2014an, Fanzinant plataforma, artistei hedapen lanak errazteko pentsatua.

Azken hamar urteetan autoedizioa izan da bere lanaren ardatza, hainbat azoka eta topaketatan ibili da eta erakusketak ere kudeatu ditu, autoedizioa ezagutarazteko.

Autoedizioaren mapa

Wroclawn, bide horretan urrats berria egitera doa Fernandez: autoedizioaren tokiko mapa sortu nahi du. «Oso modu independentean egiten dugu lan eta hartu-emanak ez dira errazak izaten. Autoreak, editoreak, inprimategiak, diseinatzaileak, liburu-dendak, bildumazale pribatuak... eremu-ikerketa egin eta horiek identifikatzea izango da lehen lana, eta gero mapa batean ipiniko ditut, helburua baita agenteak kontaktuan jartzea eta euren lana sustatzea», azaldu zuen Fernandezek.

Wroclawn ekainaren 3tik uztailaren 14ra egingo du egonaldia eta, amaiera aldera, mapa eta ikerketaren emaitzak hango artista eta agenteen aurrean aztertuko ditu. Era berean, “Autoedizioen klinika” ere jarriko du martxan: «Sortze prozesuan blokeoak izaten dira eta planteatzen duguna da agente horiek bilduko dituen topagunea egitea, blokeo une horiek salbatu ahal izateko, irakurketa eta erreferentzia ezberdinen bidez», zehaztu zuen.

Egonalditik harago, mapak bere bidea egiten jarrai dezala espero du eta ez du baztertzen halako proiektuak Euskal Herrira ekartzea. «Programa honek buruan nuen ideia hau garatzeko aukera emango dit, interesgarria litzateke hemen halako zerbait egin ahal izatea», baieztatu zuen Fernandezek.

Txanponaren beste aldean dago Raisa Alava: artistarenean. Wroclawra study visit edo ikerketarako bisita bat egitera joango da, ekainaren 3tik 23ra bitartean, eta bi eguneko tailer bat ere eskainiko du, egonaldiaren amaiera aldera.

Alava aiararra da eta Arte Ederretako lizentziaduna, eta Bartzelonan ilustrazio eta komikigintza masterra ere egin zuen. Gaur egun, ilustrazioaz eta komikigintzaz gainera, zeramika eta grabatuak ere lantzen ditu. Poloniako egonaldian autoedizioan interesa dutenekin bilduko dela azaldu zuen Alavak eta tailerrean «autoedizioan interesa duen edonork» parte har dezakeela esan zuen, baldintza bakarra 14 urtetik gorakoa izatea dela nabarmenduz.

«Ez du inporta marrazten jakiteak, batez ere gidoia landuko baitugu, nork bere ideia orokorra garatzea da asmoa eta, batez ere, beldurra kentzea. Gustatuko litzaidake ikusaraztea ez dela zaila fanzine bat egitea, ez dela aditua izan behar fanzine bat egin ahal izateko», esan zuen aiararrak.