Ariane KAMIO
DONOSTIA
Entrevue
PELLO OTXOTEKO
IDAZLEA

«Bizitzari garrantzia eman nahi izan diot; bizitzari kantu bat da»

Bederatzi urteko lehorteari etena jarri dio Pello Otxotekok itsasotik, itsastarretik, asko duen poema liburuarekin. «Itsas bizimina» (Balea Zuria) lanean bere ohiko kezka poetikoei jarraipena ematen die, baina poemokin koska bat harago doan irudipena du idazle irundarrak. Transzendentala da, baina astuntasunetik ihesean dabilen proposamen literarioa da berea. Edo hala defendatzen du behintzat.

Bost poesia lan argitaratu dituzu orain arte. Seigarrena da «Itsas bizimina». Zer berri dakar honek?

Lehenengo liburua 1999an argitaratu zen, “Haraindiko begiradaren bila”, 2001ean etorri zen “Itzalaren ñabarduretan” eta 2003an, “Arnasa galduaren bila”. Horiek ziren pixka bat nire ibilbidea bilatzen zutenak, edo nire ahots propioa bilatzeko saiakerak. Ondoren atera nuen maitasunari buruzko liburu bat, “Goizalbaren argitan”, 2007an. eta azkena 2010ean, “Anphora baita”. Liburu hura uste dut nahiko osoa edo borobila izan zela. Bederatzi urteren ondoren dator “Itsas bizimina”, eta uste dut nire lerro orokorrak, nire gai eta tematiken gai orokorrak jarraitzen dituztela, baina uste dut aurrerapauso bat ematen dudala. Honen ñabardura edo berezitasunik aipagarriena esango nuke dela itsasoaren elementuak oso agerian daudela, nabarmenak direla, poema askotan, gehienetan. Eta konturatu nintzen itsasoaren eragin honetaz ez liburua egiten ari nintzen bitartean, ia bukaeran baizik. Leitmotiv bat zegoen.

Nahi gabe atera zaizkizu, beraz, itsasoarekiko lotura horiek?

Bai, ez dira propio bilatuak izan, ez naiz horien bila joan. Nire gaietan tratatzen dut bizitza, heriotza, ezina, muga gaindi ezinak… Betiko gai potoloak edo existentzialak, transzendentalak, baina hemen itsastar kutsu handia dago. Kutsu marinela ez, ordea, kutsu itsastarra baizik.

Itsasoa eremu natural bezala esan nahi duzu?

Hori da. Beharbada poema asko itsasoari begira idatzi ditudalako, edo itsasoa buruan nuela, edo itsasoak eragiten dituen kitzikapen horiek kontuan hartu ditudalako. Baina ez marinel sen hori kontuan hartuta.

Badaukazu itsasoarekin lotura berezirik?

Ez, ni lehorrekoa naiz. Esango nuke azken urteetan paseoak ematera maiz joan naizela itsasertzera; agian horrek eragina eduki dezake. Liburuan badaude poema zaharrak ere. Liburuaren corpus nagusia uste dut 2011-2012 urteetan bukatu nuela. Ondoren, bidaia bat egin nuen Eskoziara eta Eskoziako eragin horren ondorioz bizpahiru poema gehitu nizkion eta esango nuke poema liburuari forma ematen ari nintzaionean, azken lau-bost hilabeteetan, lauzpabost poema berri gehitu nizkiola. Horiek lirateke berrienak.

Zergatik denbora tarte handi hori azken liburua argitaratzeko?

Uste dut nire bizitzako erritmoak aldatu direla, familia eta abar, edo laneko gorabehera batzuk. Zure bizitzak beste erritmo bat hartzen du. Nik poesia idazten dut poesia nigana datorrenean. Ez naiz ni poesiaren bila joaten. Nolabait momentu magiko hori edo inspirazioa etortzen zaizunean, orduan saiatzen naiz ideia harrapatzen eta ondoren tarte batzuk bilatzen. Gauza bat da inspirazioa etortzea, keinu bat, irudi bat, esaldi bat, irudi bat… horri forma eman behar zaio eta horretarako denbora hartu behar da. Eta orain ez daukat garai batean neukan denbora (barreak).

Aipatu duzu lehen gai transzendentalak erabili dituzula zure ibilbide poetikoan, bizitzaren erritmoa aldatu zaizula ere bai. Hasierako poema liburuetatik azken honetaraino Pello Otxotekoren garapen poetikoa ere ikusiko da, ezta?

Nik uste dut baietz. Liburuak ez du inola ere ‘txapa’ bat izan nahi, ez da liburu solemnea. Uste dut horretan hobetu dudala nire poetika eta, funtsean, baten batek esan badit ere heriotza asko aipatzen dudala, justu kontrakoa da. Bizitzari garrantzia eman nahi izan diot. Bizitzari kantu bat da. Eta goraipatzen ditut bizitzako alderdi garrantzitsuenak eta bizitzari aurre egiteko esperantza, umorea, poza ere bilatu izan ditudala. Inola ere ez da liburu potolo edo solemne bat.

Bizitzari kantu bat, bere alde argi eta ilunenekin.

Hori da. Bizitzaz hitz egiteko heriotza ere presente eduki behar da. Hori izan da nire abiapuntua.

Dramatismotik alde eginez?

Batzuetan bai, besteetan agian erori naiz apur bat dramatismoan. Baina errealitatea ere hor dago.

Idazle askoren aipuak daude liburuan, Pessoa, Victor Hugo, Joseba Sarrionandia... Horiek izan dituzu lagun prozesuan?

Bai, hor azaltzen direnak eta beste asko, baina horietan erreparatu dut. Aipu horiek sartu nahi izan ditut oso inpaktanteak direlako, maite ditudan poetak direlako eta beste kasu batzuetan idazten ari nintzen poemari lagungarri zitzaiolako.

Liburua bi zatitan banatuta dago. “Langarra saihestuz” eta “Harizko argia”.

Lehenengo zatia izango litzateke itsasoaren apar edo bits horretan sartzea, oihanean sartzen garenean ere belarrak eta zuhaixkak eskuekin alderatzen ditugun bezala. Eta bigarrena izango litzateke argi puntuak edo argi bideak ikusten noala, edo ikusten dudala zein izango den irtenbidea edo helmuga.

Poemen egiturari buruz galdetu nahi nizuke. Batzuk arnasa luzekoak dira, beste batzuk laburragoak. Hautu jakinik bada horien atzean?

Ez dut programatzen. Arnasa luzeko poemak atera zaizkidanean errespetatu ditut. Motzak arinagoak dira eta bestelako poz batekin irakurtzen dira, badakit. Saiatu izan naiz irakurketa arintzen arnasa luzekoak eta laburragoak tartekatuz. Beti ere lerro edo ildo narratibo bat errespetatuz.