Nagore BELASTEGI
DONOSTIA

Bizitzaren amaieran aurkitu ditzakegun sorpresa atseginei gorazarrea

Zaharren egoitza batean bizi da Milagros, 80 urteak atzean utzi dituen emakumea. Manuel marmartia ezagutzen du bertan, eta erronkatzat hartzen du gizonak bizitzarekiko duen ikuspuntua aldaraztea. Hala, Milagrosek duen bizipozaz kutsatzen doa pixkanaka Manuel. Baikortasunez betetako istorio hunkigarri bat dakar Vaiven ekoiztetxeak Donostiara: “Argiaren hautsa” eskainiko dute gaur eta bihar, eta “Partículas de luz” igandean, 19.00etan, Victoria Eugenia antzokian.

«Manuelek beldurra dio gertu ikusten duen heriotzari, eta amargatuta dago horregatik. Milagrosek bizitza maite du, baina ez dio beldurrik heriotzari. Berak badaki inork ezin diola kendu bizitakoa, ezta esperientzia berriak bizitzeko aukera ere», esan zuen atzo Ana Pimenta Vaiveneko arduradunak.

Honen esanetan, antzezlanaren puntu fuerteetako bat da aktoreak, Miren Gojenola eta Mikel Laskurain, gazteak izanik, bi agureren paperean zein ondo jartzen diren eta zein sinesgarritasun ematen dieten paperei.

Bi pertsonaia hauek orekatzeko, Ander Iruretagoienak erizainaren papera hartzen du eta Ane Salvadorrek Milagrosen bilobarena. Luis Elizetxeak 2016an Donostia Hiria antzerki saria lortu zuen testu honi esker, eta Mireia Gabilondok hau lantzeko enkargua pozik hartu zuen. «Inoiz ez dakigu noiz gertatuko zaigun harritzen gaituen zerbait, agian gure bizitzako onena izango dena», esan zuen.