28 MAI 2019 «La Manada» eta Korrikari buruzko lanak ikusgai, Baionako Ikergazten «Ikergazteak» askotariko lanak aurkezten ari dira UEUren Ikergazte kongresuan. Aitzineko edizioak Durangon eta Iruñean egin ondotik, Baiona dute aurten kokalekua. «Erronka handia» da, Ipar Euskal Herrian euskararen egoera ez-ofiziala izanik, euskaraz ere nazioarteko ikerketa egin daitekeela eta egin behar dela erakutsi nahi dutelako. Maider IANTZI baiona Atzo abiatu zen Baionan Ikergazte, UEUk antolatutako euskarazko nazioarteko ikerketaren kongresua. Ehun aurkezpen, sei tailer, mahai-inguruak, irteerak... Egitarau bete-betea dago bihar arte Errobiko campusean. Lau «ikergazterekin» mintzatuko gara, euren azterlanak ezagutzeko. Baina aitzinetik, kongresu honen hiru xedeak oroitarazi dizkigu Ainhoa Latatu koordinatzaileak. Euskal ikertzaileek egiten dituzten lanei ikusgarritasuna eman nahi diete eta, horrekin lotuta, euskarazko ekoizpena handitu. «Gure hizkuntzan eta gure ingurune hurbilean plazaratu daitekeela eta, gainera, plazaratu behar dela erakutsi nahi dugu». Ikergazteren topagune izaera ere «ezinbestekoa» da. «Ikerketan gertatzen da nazioarteko harremanak ditugula, baina falta zaigu jakitea gure ondoko ikerketa taldeak zer egiten duen eta agian zubiak eraiki daitezkeela haiekin», azaldu du Latatuk. Ugaitz Agirre Zapirain 1992an Usurbilen jaiotako ikertzaileak “Tipi-tapa euskararen erritmoan: Korrikako abestien bilakaera, 1980-2019” lana aurkeztuko du gaur. Korrikak «euskal identitatea markatzen duela» jakinik, hori abestien bidez nola adierazten den aztertu du. Eta, bestalde, «kantak nola eragiten dion identitate horri, eraldatzaile eta abangoardia izan daitekeelako». Ondorioztatu du hitzen bidezko diskurtsoa ez dela gehiegi aldatu. Fermin Muguruzak 2001ean ekologismoa eta globalizazioa aipatu zituen “Big Beñat”-en; Betagarrik etorkinen gaiari egin zion lekua; azkenengo honetan feminismoa sartu da. «Baina gai sozial horiek txertatu badira ere, mezu nagusia honakoa da: ‘Euskara da euskaldun egiten gaituena’». Aldiz, musikak bai, buelta gehiago eman ditu. «Lehenengoa Xabier Amurizak bertso estilotik ateratako kanta bat izan zen. Gero, Akelarrek rocka sartu zuen. Bertsotara bueltatzen da ondoren eta 1999 inguruan, Joxe Ripiautik aurrera, rock doinu gehiago sartu dira, noizbehinka folkarekin edo musika tradizionalagoekin nahasita». Mad Muasel, Fermin Muguruza eta La Furiaren aurtengo kantak eztabaida sortu du. «Nostalgiarako joera handia dago. Euskal kultura egun zenbat aldatzen ari den ikusten dugunean, eta ez dakigunean ondo zer den euskaldun izatea, halako jokaerak daude, aldaketak arbuiatzekoak», agertu du Agirrek. Maritxu Goyheneche Cedarry Uztaritzeko 22 urteko ikertzaileak “Ama hizkuntzaren erabilpenaren eragina alzheimer dementziaz hunkituak diren pertsonen akonpainamenduan” lana plazaratuko du gaur. «Betidanik gai hori landu nahi nuen», aitortu du. «Baxenabarren egin dut, espres hautatu dut zahar etxe berezi bat, non banekien ama hizkuntza euskara zela gehienentzat. Hara joan naiz bi hilabetez eta nire gaia frogatzen entseatu naiz: euskarak bazuela eragin bat bai portaeran bai parte-hartzearen eta motibazioaren gainean. Konturatu gara euskaraz egitean zinez motibazio handiagoa zutela eta gehiago mintzo zirela gurekin». Zahar gehienekin baieztatzen da hori, baina «alzheimer dementziarekin pertsona galdua denez, usu bere bigarren hizkuntza ahazten du ama hizkuntza mantentzeko berantago». Nahia Idoiaga Mondragon 34 urteko bilbotarrak Martin Sanz de la Maza eta Maitane Belaskorekin batera osatu du “La Manada auzia Twitterren: Sare sozialetatik gizartea eraldatuz” ikerketa. Bihar aurkeztuko dute. Iazko apirilaren 26an “La Manada”-ren epaia atera zenean eztanda bat egon zen kalean, baita sare sozialetan ere. «Txioen edukiak aztertu ditugu, kasuaren jarraipenak zer irudikatu duen edo gizarte irudikapenetan zer aldaketa sortu dituen jakiteko, ‘La Manada’ sinbolo bat baita», adierazi du Idoiagak. Ondorio nagusia da diskurtso feminista maila zabalago batera zabaltzen lagundu duela, baina horrek kontrapuntua izan du: hainbat diskurtso antifeminista hedatu dira. «Sare sozialak lanabes oso garrantzitsuak dira aktibismorako, eta aktibismo feminista digitala horretaz baliatu beharko litzateke. Lan hori egiten jarraitu beharra dago diskurtso feministak errotzeko». Judit Martinez Abajo Maria Teresa Vizcarra, Gema Lasarte, Ainhoa Gomez eta Irati Leonekin batera “Nolako prentsa nahi dute emakume kirolariek?” galderari erantzun dio 44 urteko gasteiztarrak. Pil-pilean dagoen gaia da hau ere. «Sagutxoen moduan liburutegian sartuta egoten garela dirudi, baina ez», argitu du Martinezek irribarrez. Poster bidez aurkeztu zuen atzo lana. «19 elkarrizketa egin ditugu, eta hiru eztabaida saio; guztira 33 emakume kirolarik parte hartu dute ikerketan. Gure datuak haien iritzietatik atera dira. Oso aipagarriak dira euren isiltasunak ere. Isiltasun horien atzean zenbat gauza dauden! Karrera osatu gabe dute eta bekak eta sponsorrak behar dituzte. Ahoa irekitzeagatik egurra jaso dutela esan digute. Batzuek isiltzen ikasi dute eta besteek ‘honaino’ esan dute». Amesten duten prentsan, kirol aniztasun handiagoa dago, baita emakumeen ikusgarritasun handiagoa ere (oraindik ez da %6ra heltzen). Ikusgarritasunak lorpenen araberakoa izan beharko lukeela defendatzen dute, «kirol prentsa esaten zaiolako, baina betiko hiruzpalau kirolak agertzen direlako». Benetan kirol prentsa izatea (ez bihotzekoa), didaktikoagoa izatea (kirolariek zer nolako ibilbidea egin duten erakutsiz) eta sexismoa ekiditea ere beharrezko ikusten dute, «batzuetan gehiago zentratzen direlako gorputzetan emaitzetan baino». Ekintza positiboak behar direla diote, baita legeak ere. EHUN IKERLAN Ehun lan aurkeztuko dituzte «ikergazteek» eta horien balorazio hagitz ona egin dute ebaluatzaileek, kalitate zein kantitate aldetik. 23 osasun arlokoak dira; 21, zientzia eta natur zientzietakoak; 19na ingeniaritza eta giza zientzietakoak; eta 18, gizarte zientzietakoak. AMA HIZKUNTZAN «Goiz guziz garbitze egoerak badira zaharrentzat eta hor aztertu dugu bai euskaraz bai frantsesez ber pertsonekin. Ohartu gara euskaraz egitean zinez motibazio handiagoa zutela», kontatu du Maritxu Goyhenechek. ZABALTZEN «Orain arte foro feministetan landu izan diren gai batzuk zabaltzen lagundu du ‘La Manada’-ren kasuaren erantzunak: mitoak, nola dagoen zabaldua bortxaketaren kultura hedabideetan, epaitegietan...», ondorioztatu du Nahia Idoiagak. ESKER ONA Ikergazte eskertu nahi du Idoiagak. «Ematen du euskara ikertzea militantzia bihurtzen dela, euskaraz ere hau guztia egin daitekeela erakusteko egiten dugula, baina nazioarteko kongresu honek frogatzen du ez dela hala, ez dela anekdotikoa, benetan euskaraz iker daitekeela».