GARA Euskal Herriko egunkaria
HIMALAIA

Zortzimilakoen arretagunea oso desbideratuta egon da

Nirmal Purjak sei zortzimilako egin ditu hilabeteko epean. Elisabeth Revolek, egun bateko tartean, Everest eta Lhotse oxigeno artifizialik gabe igo ditu. Kami Ritak 24. aldiz igo du Everest. Eta beste behin, mendi horretan masifikazio handia egon da.


Montzoia ate joka dabil Nepalen, eta horrek esan nahi du, oro har, Himalaiako denboraldia amaitzear dela. Zortzimilakoei dagokienez, beste urte batzuetan ez bezala, helburu alpinistiko oso interesgarriak izan dira. Lau, hain zuzen ere.

Everesten, adibidez, Cory Richardsek eta Esteban “Topo” Menak Everesteko ipar isurialdean korridore berri bat zabaltzeko asmoa izan dute. Estatubatuarrak eta ekuadortarrak ekinaldi serioa egin zuten, baina Richardsek esan duenez, 7.600 metrora iristean buelta hartu zuten: «Estilo alpinoan, oxigeno artifizialik gabe eta xerpen laguntza gabe aurkitu ditugun baldintzetan aurrera egitea ia ezinezkoa zen. 40 ordu egin ditugu paretan, eta 7.300 metrora bibaka egin eta gero, beste 300 metro eskalatu genituen eta ondoren jaistea erabaki genuen. Baldintzak oso arriskutsuak zirenez, segurtasuna lehenetsi eta jaitsierak zazpi ordu eskatu zizkigun. Gainera, eguraldi oneko leiho txiki bat izan dugu. Ez dugu beste saiorik egingo, baina datorren urtean sasoikoago eta motibatuago itzuliko gara».

Everestetik gertu, Lhotsen, baina zortzimilakoaren hegoaldeko aurpegian Sung Taek Hong hego-korearrak zuzentzen duen espedizioak horma ikusgarri hori zuen helburu. Gogora dezagun espedizio horretan beste herrialde batzuetako alpinistak ere badaudela; besteak beste, Jorge Egocheaga espainiarra eta Gabriel Morant kolonbiarra. Bada, esan behar dugu jarduera alpinistiko horren inguruan berri gutxi dagoela. Mendia ondo ekipatu eta gero, saio bati ekin zioten, eta maiatzaren 20an, adibidez, bigarren kanpalekutik gora zeuden. Sung Taek Hongek seigarren espedizioa du Lhotseren hegoaldeko aurpegian.

Beste talde indartsu baten helburua ere bertan behera geratu da. Oraingoan, Dhaulagirira (8.167 m) abiatuko gara; izan ere, Horia Colibasanu eta Marius Gane errumaniarrak eta Peter Hamor eslovakiarrak igo gabe dagoen ipar-mendebaldeko ertza eskalatu nahi zuten. Saiatu behintzat, gogor saiatu dira. Ertzera eramaten duen tximinia oso zail bat gainditu zuten. Hamorrek adierazi du 600 metroko sekzio hori gainditzeko lan eskerga egin behar izan dutela: «Une jakin batzuetan, arrokan eroria duten hainbat zati eskalatu ditugu, eta izotzean ere metro tente batzuk. Zailtasun tekniko handienak V+, A1 eta M5 gradukoak izan dira. Eta horrek guztiak tximinia hori igotzeko eta ekipatzeko denbora asko eskatu digu».

Azkenik, lau helburu horien artean Annapurnakoa dago. Xede hori, ordea, hasi baino lehen bukatu zen. Felix Berg alemanak eta Adam Bielecki poloniarrak zortzimilakoaren ipar-mendebaldeko horman bide berri bat zabaldu nahi zuten.

Zortzimilakora joan aurretik girora egokitzeko Langtang Lirung mendian (7.227 m) jardutea erabaki zuten. Zazpimilako zail eta tekniko horretan berez eskalatzen aritu dira, baina baldintza oso arriskutsuak zituztenez, fase hori bertan behera utzi zuten. Eta, ondorioz, Annapurnan zuten helburua ere beste baterako utzi dute.

Horrenbestez, zortzimilakoetan aurkeztu ziren lau egitasmoetatik bi amaitu dira eta beste biak “zintzilik” daude. Hori guztia esanda, harrigarria bada ere, beste urte batez interes alpinistikoa duten jarduerak bigarren mailan geratu dira eta benetako protagonismoa Evereresten sortutako ilarek, hildakoek eta igoera uholdeak izan dute. Horiekin batera, jakina, errekorrek.

Sinestezina

Azken atal horrekin hasiko gara: errekorrekin. Lehen protagonista Nirmal Purja da, nepaldarra eta gurkha soldadua izandakoa. Bada, mendizale honek montzoi aurreko denboraldian marka berria ezarri du: hilabeteko epean sei zortzimilako igo ditu.

Sinestezina zirudiena Mimsdaik, alegia, Nimsek (goitizen hori erabiltzea nahiago du) lortu du. Hori bai, erabili duen estiloa kontuan hartzen badugu, alpinistikoki apenas duen garrantzirik. Zortzimilako guzti-guztietan oxigeno artifiziala eta mendi gidari xerpen laguntza izan du. Hori gutxi ez, eta hainbat zortzimilako lotzeko helikopteroak erabili ditu. Jakina, inork ez du zalantzan jartzen protagonista honen sasoia.

Joan den maiatzaren 24an sinatu zuen azken zortzimilakoa: Makalu. Harrigarria dena da bi egun lehenago Lhotseren gailurra zapaldu zuela. Aurretik, berriz, Annapurna, Dhaulagiri, Kangchenjunga eta Everest igo zituen.

Nepaldar horren asmoa 14 zortzimilakoak zazpi hilabeteko tartean eskalatzea da. Hurrengo urratsa hasi berri du. Ekainaren 1etik abuztuaren 1era Karakorumeko bost zortzimilakoak igotzeko prest dago: K2, Nanga Parbat, Broad Peak eta Gasherbrum 1 eta 2. Urrirako utziko lituzke besteak.

Arestian aipatu dugun bezala, ordea, Nims egiten ari dena interes alpinistikotik oso urrun dago. Jakina, Reinhold Messnerrek edo Jerzy Kukuczkak askoz ere denbora gehiago behar izan zuten hamalauen zerrenda osorik egiteko. Urteak, alegia. Baina, irakurleak jakingo duenez, estiloak markatu zuen igoeraren garrantzia. Nepaldarrak, berriz, gai hori saihestu du. Adibidez, inolako konplexurik gabe, igoera bakoitzean zamaketariak aurretik bidali ditu oxigeno zilindroekin.

Kami Rita ere nepaldarra da. Eta Nims-ek ez bezala, Everesten zehaztu du bere errekorra. Iragan maiatzaren 21ean, 24. aldiz erdietsi zuen gailur hori. Datu horri, gainera, beste hau gehitu behar diogu: denboraldi honetan bi aldiz igo du Everest. Jakina, oxigeno artifizialarekin.

Botila horiek gabe eta bi egun beranduago, Elisabeth Revol frantziarrak munduko mendirik garaienaren tontorra zapaldu zuen. Goi mailako alpinista honi meritu hori aitortu behar zaio; zalantzarik ez dago. Oxigenoa erabili gabe Everest igo duen bederatzigarren emakumea da, eta lehen neska frantziarra. Nahiz eta argibide asko ez izan, dakiguna da biharamunean Lhotse igo zuela.

Amaitzeko, jakina, denboraldi honetan espedizio komertzialek Everesten eman duten irudia aipatu behar dugu. Ez da lehen aldia, eta ez da azkena izango. Han gertatutako guztiak ez du inola ere bat egiten orrialdeotan erabiltzen ditugun irizpide alpinistikoekin. Beraz, laburrak izango gara. Ondoko irudian ikusten den bezala, aurten ere masifikazioaren ondorioz ilara handiak izan dira, batez ere, Hillary izeneko koskan. Esaterako, maiatzaren 22an, 200 mendizalek baino gehiagok zapaldu zuten gailurra. Hori “errekorra” da. Jakina, ilara horiek guztiek mendizaleen jardunetan eragina izan dute, eta, oraingoz, emaitza 11 hildako izan da. Hori ere “errekorra” da. Honi guztiari gehitu behar diogu ez direla istripuz edo elur-olde baten ondorioz zendu. Ez, bat izan ezik, ilara horietan igarotako orduen, nekearen eta oxigenoa bukatzearen ondorioz hil dira. Eta “errekorrak” aipatzen baditugu, hirugarren baten berri eman behar dugu: maiatzaren 25era artean 825 mendizalek eskalatu dute Everest aurten. Iaz 799 igoera izan ziren.

Datu hauek guztiek hausnarketarako bidea zabaldu dute.