05 JUIN 2019 JOPUNTUA Plaza Hoteleko hutsegitea Mikel Aramendi Kazetaria Ideia, funtsean, ez da horren berria. Bederatzi hilabete izango dira, Trump administrazioa Txinaren aurkako muga-zergak ezartzen hasi zenean, Estatu Batuetan bertan, eta nahiko abagune ofizialean, enbaxadore txinatarrak hau bota zuela: «Guk ez dugu Plaza Hoteleko hutsegitea berregingo». Ez dakit Trumpek mezua zuzen ulertuko ote zuen. «Plaza Hoteleko hutsegitea» beretzat, agian, Marla Maplesekin ezkondu zenekoa izan baitaiteke. Bere ingurukoek, eta AEBetako intelligentsia ekonomikoak, ordea, zuzen ulertu zutela apustu egingo nuke. Oso argia baita. Joan den asteko berritasuna, haatik, mezuaren agertokian eta gordintasunean legoke. Tokio baitzen eszenatokia. Eta urkatuaren etxean sokaz aritzea da han «Plaza Hoteleko hutsegitea» aipatzea. «Egia ekonomiko» onartuenetako bat izango baita 1985ean Japoniak Manhattaneko hotel hartan berebiziko hutsegitea egin zuela. Estatu Batuek orduan Japoniarekin eta Europar Batasunarekin zuten merkataritza-defizit erraldoia «onbidera» ekartzeko orduko bost handiek (AEBek, Japoniak, Erresuma Batuak, Frantziak eta Alemaniak) dolarraren merkatze artifizial bezain iraunkorra adostu zutenean. Horrek erakarri zuen japoniar higiezinen burbuila, lehendabizi, eta ondorengo Hamarkada Galdua (mende laurdenetik hurbilago dabilena) garai hartan munduko bigarren ekonomia zenarentzat. Konplimendu diplomatikotik batere ez, baina munduko argitasun guztia eduki zuen, beraz, lehengoan Kong enbaxadore txinatar berriak Tokion esandakoak: «Kontzesioek ez dituzte arazoak konpontzen AEBen eta Txinaren arteko merkataritza-gatazkan. Guk ez dugu Plaza Hoteleko hutsegitea berregingo, ez gaudelako zuek orduan zeundeten mendekotasunean». Esan liteke orduan kaleratzear eta jada kaleratuta dagoen txinatar Liburu Zuriaren edukia laburbildu ziela. Hortik baitoa. Gero, komentarista gaiztoren batek ozpina isuri zion zauriari, Bismarcken hitzak gogora ekarriz: «Norberaren hutsegiteetatik ergelek ikasten dute; hurkoaren hutsegiteetatik ikasten dute zuhurrek». Horrek erakarri