08 JUIN 2019 HAUR LITERATURA Printze destronatuarena Xabier ETXANIZ ERLE Izenburu honekin eta liburu azaleko irudia ikusita argi geratzen da zein den liburu honen gaia. Alde horretatik irakurleak honelako lanetan ohikoa den printze destronatuaren jokabidea aurkituko du. Istorioa kontatzen duen 8 urteko mutikoak ez du anai-arrebarik nahi izango, nahiz eta hasiera-hasieratik argi eta garbi geratzen den horrela izango dela. Gero, honelakoetan ohikoa den moduan, hainbat gorabehera gertatuko dira amaiera zoriontsura iritsi arte. Liburu honek, beraz, ez gaitu gehiegi harrituko tratatzen duen gaiagatik, bai ordea nola tratatzen duen eta, batik bat, nola kontatzen zaigun Paulen istorioa. Irakurleak lehen ataletik ikusi ahal izango duen bezala, liburu honetan narrazioa, irudia eta komikia nahasten dira istorioa kontatzeko orduan. Lehen orriak, esaterako, komiki batekoa dirudi; bertan Paul ikusten dugu bere lagun batekin elkarrizketan biak Paulen gelako oheetan etzanda daudelarik, beraien arteko elkarrizketaren zati bat islatzen da eta Paulek zera esaten dio Kristiani, ziur baino ziurrago dagoela esan dionaz. Kontua da Paul ziur baino ziurrago dagoela anaia bat edo arreba bat izango duela laster. Eta hortik aurrera, liburuko orrialde guztietan, Paulen baitan sorrarazten diren zalantza, egoera xelebre, pentsamendu, beldur eta hainbat eta hainbat sentimendu eta gogoetaren lekuko izango gara. Sortzaileek ederki lortu dute haur protagonistaren baitan sorturiko beldur eta sentimendu horien isla azaleratzea. Gurasoekin dituen haserrealdiak, etxetik alde egiteko gogoa, eskolan jasaten dituenak… liburuko kapitulu laburretan egoera eta errealitate horiek ikusi ahal izango ditugu eta apur-apurka haurra jaiotzen den unera iritsi. Bitarte hori da liburuko hari nagusia, eta bertan ikusi ahal izango dugu aitari tokatzen zaiola (arrazoi askorengatik) Paulekin egotea, berarekin hitz egitea, ardura izatea, eta honetan konturatuko gara, istorioan zehar egon daitekeen umore puntua erakutsiz, aita hori ez dela eredugarria, ez behintzat estereotipoek markatzen duten aita eredua; jateko orduan, jendearekin… aitak apurtzen ditu estereotipoak eta modu, batzuetan irmoegian agian, argi eta garbi hitz egiten du Paulekin. Liburuak duen egituragatik, kapitulu laburrak, irudiak (hainbatetan komikiak) betetzen duen paperagatik narrazioan, “Seme bakarra izan nahi dut” azkar eta oso modu arinean irakurtzen den liburua dugu. Egileek kontua ezberdinak tartekatzen dituzten Paulen gogoeta zurrunbiloan: «Ezin dut gehiago. Kokoteraino nago. Aski da. Amaitu dadila dena, edo hasi, hobeto esateko. Ez naiz geratu eskolara joan gabe ospitalean gogaitzeko. Zertan ote dabil Erika. Espero dut Kristianek berarekin ez ligatzea, ni ez nagoela aprobetxatuz». Hizkera zuzena izateak, deskribapen gutxi eta testu nahiz irudiaren erabilerak, laguntzen dute liburuaren arintasun horretan, baina ez sinplekerian. Amaieran irakurleak, neuri behintzat hala gertatu zait, sentitzen baitu gustura pasatzeaz gain gaur egungo familia ereduaz, seme-alaben babesaz eta ezezagunari dioten beldurraz pentsatzeko aukera izan duela orrietan zehar. Liburuak 11 atal ditu eta horietan denetarik ikusi ahal izango dugu, hasieran egoera azaltzen zaigu eta ondoren sei hilabeteko jauzia egiten da haurdunaldiaren azken uneetara. Garai horretakoak dira, hain zuzen, liburua osatzen duten gertakariak. Paul eskolan, konortea galdu ondoren ospitalean, ihesaldia prestatzen, aitarekin ospitalean… eta guztia 8-9 urteko haur baten ikuspuntutik ederki narratuta. Horixe baita liburuaren beste balioetako bat: istorioa ongi kontatuta egoteaz gain sinesgarria dela. Gure baitako beldurrak, inperfekzioak, uste ustelak… ikusi ahal izango ditugu, eta horiek ikusiz kezkatu eta barre egin, bizitzan bezala hemen ere negar eta barre egingo duelako Paulek. Eta berarekin guk ere bai.