09 JUIN 2019 HERRI KIROLAK Iker Vicentek irabazi du Urrezko Banakako Aizkolari Txapelketa Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan bildutako beste kategorietan, 23 urtez azpikoetan Larrea III.ak eraman zuen garaipena eta, 19 urtezazpikoetan, Ezpeletak. Binakako harri-jasotzen Eizmendi–Zelai V.a bikoteak jantzi zuen txapela eta, trontzan, Onsalo–Astiazaranek. Andres OSA «SAKONA» Ostiral gauean, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan, herri-kirol emanaldia goi mailakoa izan zela esaten ausartuko ginateke. Hala ere, ordua desegokia eta, bestetik, Euskal Telebistak zuzenean emateak erraztu egiten du etxean gelditzeko tentazioa. Baina tamaina batean frontoiko harmailak itxuroso gelditu ziren. 20 kirolari protagonista: zortzi aizkoran, sei harri-jasotzen eta sei trontzan. Hasiera, esandako orduan; eta garbi aitortu behar dugu, lan ugari izan bazen ere, Luis Mari Bengoak artez eraman zuela jaialdi guztia, alferreko denbora galtze arrastorik ez eta ikuslearen begiak alde batera eta bestera atsedenik hartzeke, kantxan zeuden kirolariek zer egiten zuten aditasunez, erreparatuz begira. Gauzak horrela, taxuz, egiten direnean ikusleak estimatu egiten du, larunbatean egin zen bezala. Urrezko Banakako Aizkolarien Txapelketa bihurtzen da ardatz kasu honetan. Aspalditik datorren txapelketa da eta beherantz joan barik, hortxe goian jarraitzen du, urtez urte bizigarri berriak erantsiaz. Urrezko aizkoran Iker Vicente jartzen genuen faborito gisa txapelaren jabe egiteko. Eta hala gertatu da. Baina alboan zituen beste biek ere lan bikaina egin zuten. Pittin bat atzeratuta, espero zen bezala, Julen Alberdi Txikia IV.a aritu zen, baina lehen aldia izateko ongi. Mikel Larrañagak aurpegia eman zion txapeldunari. Lehen zatian, erlojuaren aurka eta zutikako enborrean tarte handia ireki zuen Vicentek, eta hor bildu zituen segundo mordoxkak; motxila aski segurua bizkarrean zuela eraman zuen amaiera arte, lasaitasunez. Azkeneko ekitaldian bi kana-erdiko, bi 60 eta beste bi 65 ontzako ebakitzen neurketa bizi-bizia bezain estua izan zen Mikel eta Ikerren artean. Egurrak ere bakar batzuk eman beharrekoak suertatu ziren, baina gainera adar zital, korapilatsuak tartean. Aipatzen ari garen azken lan hau Mikelek aurretik burutu zuen (16:14); Ikerrek zazpi segundo gehiago behar izan zituen. Langintza honetan Ikerri aizkora katigatu zitzaion eta askatzean giderra apurtu ere bai. Vicente langintza honetan ikustea, bi enborretan partitzeko unean enbor gainean itzuliz aritu zen. Behin bakarrik neukan ikusita jirabiran enbor gainean. Azkenik, 45 ontzakoa erlojuaren aurka, kana-erdikoa zutik, oinbikoa etzanda eta aipatu ditugun sei enborrak ebakitzen Ikerrek 22:11 behar izan zuen. Mikelek 23:16 behar izan zuen eta azkenik, Txikia IV.ak, 27:59. 23 urtez azpikoetan Julen Larrea III.ak egin zuen lan onena. Oier Kañamares IV.ak eta biek sekulako lehia eskaini zuten. Biak mokoka aritu ziren txanda hartu ezinean. Larrea III.ak 15:13ko denbora egin zuen, Kañamares IV.ak, 15:22koa; eta ongi hasi bazen ere, Joxean Etxeberria II.a motel aritu zen enbor gehienetan, jirabiran partitu ezinean ikusi genuen. Denbora luzatu egin zitzaion: 17:40. 19 urtez azpikoetan hiru ziren parte hartzekoak, baina Arria VI.a ez zen etorri, ondoezen bat tarteko. Horrela, Hodei Ezpeleta bizkaitarra eta Xuban Kañamares V.a nafarra neurtu ziren. Dema estua burutu zuten eta emaitza Hodeiren alde izan zen, 11:13. Xubanek, 11:52. Harri-jasotzaileen lehia Lehenbiziko lerroan zer lan burutu behar zuten gogoraraziko dugu. 175 kiloko harri laukia, 100 kiloko kubikoa eta 100 kiloko borobila, eta bakoitzarekin 3 minutuan zenbat kilo jaso zen egin beharrekoa. Jokin Eizmendi-Jon Gisasola Zelai V.a bikotea izan zen irabazlea 50 kiloren aldearekin, besterik ez, bederatzi minutuko lanean. Guztira 12, 23, 48 jasoaldi aipatutako harri bakoitzari. Denera, 83 leporatze. Orotara, 9.200 kilo. Bigarren Xabier Aranburu Guzta eta Imanol Albizu Goikoetxea: 10, 27, 47 jasoaldi, 9.150 kilo. Hirugarren bikotea, Aimar Galarraga eta Iñigo Eizagirre Eiza, hauen lana ordena berdinari jarraituz, 10, 25 eta 40 jasoaldi, orotara 75, guztira, 8.250 kilo. Hiru bikoteen lana benetan txalogarria izan zen eta hala erantzun zuten ikusleek. Trontzan, Onsalo-Astiazaran Hemen ere dema oso estua izan zen. Arabarrak hasi ziren indartsu eta bizi. Ruth Linaza eta Garbiñe Lopez de Urralde bikotea. Lana 10 ebaki edo ‘alo’ ateratzea zen 45 ontzako pago enborrari. Hasiera indartsu izan bazuten ere, nafar bikoteak, Itxaso Onsalo eta Leire Astiazaranek, erritmo pausatuagoan baina sakonago trontza sartuaz erdi parean aurrea hartu zuten eta amaiera arte horrela joan ziren. Onsalo eta Astiazaranek 3:36. Linazak eta Lopez de Uraldek 3:48 eta azken hirukotea Karmele Gisasola Zelai III.ak eta Uxue Ansorregik 4:28 behar izan zuten. HARRI-JASOTZEN Jokin Eizmendi eta Jon Gisasola «Zelai V.a» bikotea izan zen irabazlea, 50 kiloren aldearekin, besterik ez, bederatzi minutuko lanean (12, 23, 48 jasoaldi harri bakoitzari, 83 leporatze eta orotara 9.200 kilo). TRONTZAN Onsalo eta Astiazaranek 3:36ko denbora behar izan zuten. Lana 45 ontzako pago enborrari 10 ebaki egitea zen. Horien atzetik sailkatu ziren Linaza-Lopez de Uralde (3:48) eta Zelai III.a-Ansorregi (4:28).