GARA Euskal Herriko egunkaria
ZIRIKAZAN

Garai bipolar hau


Espainiako Estatuan 2003tik gutxienez 1.000 emakume erailak izan direla zabaldu den garaian, eta 2015ean eginiko azken makroinkestaren arabera 16 urtetik gorako andreen %12,5k jasaten dutela genero-indarkeria, beste datu eskandalagarri batzuen artean, ultraeskuinak bere ideologia atzerakoi eta sakonki misoginoa erakundeetara eramatea lortu du, Andaluzian (hasteko), eskuineko beste alderdiaren eta zer den nahiz nora doan ideiarik ere ez duen bestearen laguntza ordainezinaz. Orain, Sevillan zaudela senarrak enegarren jipoia ematen badizu, ez du zerikusirik izango jendarte honetako generoen araberako eraikuntzarekin, horrek dakarren guztiarekin bai zuretzat bai jendarte osoarentzat, beste hainbeste neskatila eta emakumerentzat; izango da zure familia barruko beste liskar bat, senarra eta biok ohikoa baino okerrago moldatzen zaretela, zuen esparru pribatuan hark ez dakiela ondo maneiatzen harremana, bereziki suminkorra dela, edo. Horrez gain, paperik gabeko emakumea bazara, Jainkoak gorde zaitzala!, beste era bateko kolpeak ere larriak izango baitira, arrazismoa eta xenofobia hegoz eta gasolinaz hornitzen ari diren garai honetan.

Garai honetan, non genero oso zehatz bi bakarren araberako jendartea, horren araberako indarkeria ahalbidetzen eta sustatzen duena, betiko atzean uzteko inoizko lanik zabalena eta urratsik irmoenak egiten ari garen honetan, bizitzari eta pertsona izateko moduari buruzko ikuspegi oso zehatz bakar eta hertsia dutenek, ultrakatolikoek, Elizaren laguntza ordainezinaz haragoko beste euskarri bat topatu dute, beren gurutzada norekin sendotu, norekin instituzionalizatu, eta ez soilik Andaluzian. Borroka latza datorkigu alderdi ugaritan, guztietan egia esan, baina hezkuntzan batik bat, etorkizunera begira zer hazi zabaldu ezinbesteko garrantzia duen esparru horretan. Skolae horren adibide: ikastetxeetan berdintasunaren aldeko kultura bultzatzeko eta indarkeria sexistari txiki-txikitatik aurrea hartzeko hezkidetza-programa aitzindaria, denontzat pozgarria izan beharko lukeena, auzi bihurtuta. Politikoa judizializatzeko zaletasuna dagoen garai honetan.

Guk primeran dakigun moduan zer aldatu behar den errotik jendartea hobea izan dadin, justua eta denon-denontzako toki, besteek ere argi dute zer ez den aldatu behar errotik haiek gehiengoaren bizkarretik pribilegioak izaten jarraitzeko. Eta bataila egiteko prest datoz, ez lau katu ero samar diruditen horiek bakarrik, baita laguntza ordainezina ematen ari zaizkien eta asko diren horien guztien atzekoek ere. Beren Troiako zaldia aurkitu dute eta.