Alex URIARTE
poesía

Itsaso zikin bat

Baleak, itsas hondoko iluntasunaren eta isolamenduaren maitale sutsua izanagatik, bazuen ur-azalera atera eta uhin bakoitzak beregain zekarrena dastatzeko beharrizanik. Izan ere, baleek, hots, izaki berezi, potolo eta isil horiek ere, pentsamenduaren bidezidorrari so bizirauten dute; berbarik egin ez arren, euren miseriak, pasioak eta biziminak dituzte. Pello Otxoteko (Irun, 1970), zerbait izatekotan, itsasoak dakarrenaz elikatzen den izakia da: ahulegia, guztia lixeritzeko; oldartsuegia, uretan itotzeko.

Eta, horrelaxe, itotzearen eta oka egitearen arteko zapore mingotsetan barreiaturik datorkigu bere azken lana, Balea Zuria izeneko argitaletxeari doi-doi dohakion “Itsas Bizimina” izeneko obra. Hasteko, Pello Otxotekoren azken itsaso honetan barrena gidatuko gaituen itsasargia pentsamendua dela deritzot; lan osoan zehar, ideiak eta kontzeptuak olatuak bailiran datoz: etenik gabe eta uneoro. Langai guztiak kokagune edo atrezzo beraren pean aurkezten ditu egileak: itsasoa. Habitat natural horretatik abiatuz gauzatzen da subjektu poetikoaren produkzio guzti-guztia. Egoera horretan, alabaina, egileak txiki eta hauskor ikusten du hala bere burua, nola bere jarduna. Laguntza noiz helduko, olatuen artean zain dagoen naufragoa da egilea eta egonezin horrek sorrarazten dizkion sentipenetatik abiatzen du bere funtsa.

Nola edo hala, autoreak giza izateari hamaikatxo pitzadura edo arrakala sumatzen dizkiola dirudi; zinez kontziente da bera puntu ñimiño bakan bat dela osotasun baten baitan, baina norberaren funtsezkotasunari eta bakartasunari erreparatzen dio eta, era berean, norberaren osotasuna bilatzen. Etengabeko bilaketa horren baitan, bere batelaren berebiziko lema, ostera, pentsamendua da. Tira, beharbada, pentsamenduaren ordez senti-pentsamendua –nolabait esatearren– edo tankerako terminoren bat erabili beharko genuke. Izan ere, Otxotekok ez ditu bere sentimenak bete-betean edo bere horretan azaleratzen; horren ordez, sentimenduak baliatzen ditu, haietatik ernetzen diren pentsamenduak eta ideiak plazaratzeko. Nola ez, existentzialtasuna lan honetan zehar behin eta berriro errepikatzen den afera da; kasurako, bizitza bera zer den galdetzen dio egileak bere buruari, eta honelaxe sinplifikatzen du gure munduko egonaldia: «Bizitza, goiz bat izan liteke leihotik begira;/ grisa, zirimiriaren errezelekin, edo guztiz euritsua,/ tarteka eguzkitsu eta alaia, besteetan haizearen aldaerek joa./ Baina azken finean horixe besterik ez,/ goiz bat leihotik begira».

Lanaren antolakuntzari dagokionez, berez, edukiak bi ataletan banaturik dauden arren –“Langarra saihestuz” eta “Harizko argia”–, nire aburuz, badira obra sailetan banatzen duten beste sailkapen batzuk; esate baterako, itsasoaren gai zentralaren gerizpetan ontzen diren bigarren mailako langai-bikoteak, alegia, esperantza eta itxaropen-eza, maitasuna eta bakardadea edo bizitza eta heriotza.

Bikote horietako baten, hain zuzen ere, esperantzaren eta itxaropen-ezaren erakusgarri argiak dira “Eta guk oraindik heldulekurik ez” edo “Zutik dirauelako gizakiak, begiak zerura zuzentzeko” pasarteak. Amaitzeko, norberak, hots, gizakiak errepresentatzen duen osotasunaren agerkari da iruzkin xume hau amaitutzat emateko hautatu dudan honako pasarte hau: «Neu naiz/ ene izurritea/ ene gangrena/ ene minbizia/ eta ene izatearen bizimina».

Itsasoa beti izan delako eta beti izango delako poeten bizitokia eta, abestiak dioen legez, gainerako guztia, hau da, lurra, airea eta zerua itsaso zikin bat besterik ez delako.