08 JUIL. 2019 EUSKARALDIAREN BIGARREN EDIZIOAREN AURKEZPENA ARIGUNEEN BIDEZ, EUSKARALDIA TALDEETARA ZABALDUKO DA Lehenbiziko edizioa egin aitzinetik hasi ziren bigarrena prestatzen, argi zutelako Euskaraldia progresiboa izanen zela. Belarriprestei prestigioa eman, eta Ariguneak sortuko dituzte praktika entitateen babesean, indar handiagoz egin eta ohitura berriak finkatzeko. Maider IANTZI Bigarren Euskaraldiak badu data dagoeneko: 2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra eginen da, berriro Euskal Herri osoko hizkuntza ohiturei astinaldi bat emateko asmoz. Are sakonagoa, are handiagoa. Herri batzordeek jarraituko dute oinarria izaten. 405 udalerritan eratu ziren 2018an, eta horiek indartu, berrosatu eta berriak eratzea da proposatzen duten lehenbiziko urratsa. Orain ireki dute batzordeek izena emateko epea eta herritarrak animatu nahi dituzte horietan parte hartzera. «Euskaraldia egiten da herrietako euskaltzaleak batzen direlako eta erabakitzen dutelako beren eremuan ekimena abiatu eta gauzatzea», nabarmendu du Arrate Illaro koordinatzaile orokorrak. «Guk plano orokorra eta baliabide batzuk eskaintzen ditugu, baina gero herri batzordeei esker egiten da Euskaraldia». Herrietako euskalgintzako eragileak biltzen dira batzorde horietan: udala, elkarteak, euskaltegia, ikastetxeak eta bestelakoak, baita norbanakoak ere. Erritmo ezberdinetan dabiltza batzordeak. Batzuek lanean jarraitu dute, besteek atseden hartu dute, eta besteak herriko euskalgintzako bestelako proiektuetan inplikatu dira. Orokorrean, bigarren edizioa lehenaren jarraipena izanen da. Ahobizi eta belarripresten arteko dinamikan oinarrituko da, hizkuntza ohiturak aldatzeko xedearekin. Baina garapen bat izanen du. Ohitura berriak finkatzen joatea izango da erronka, modu sakonagoan, egun gehiagotan eginda ariketa (2018an 11 egunez egin zen eta 2020an 15 egunetara zabalduko da), gehiago barneratzeko eta praktikatzeko. Rolaren aukeraketa ere ongi ulertzea nahi dute antolatzaileek eta horretarako ahobizi edo belarriprest izateak zer dakarren azalduz pedagogia eginen dute prozesu osoan. Belarriprest figura aldarrikatu Illarok oroitu duenez, kasu batzuetan gaitasunarekin lotu ziren ahobizi eta belarriprest rolak, baina izatez jokabide bat adierazten dute. «Ez dute erakusten zenbat dakizun, baizik eta txapa jantzita daukazunean zelan jokatzen duzun euskara ulertzen duten kideekin». Biak dira beharrezkoak, bietan ematen dira hizkuntza ohiturak aldatzeko pausoak. Baina aurrera begira belarriprest figura aldarrikatu nahi dute. «Beraiek erabakitzen dute noiz egin euskaraz, euskaraz egiten dutelako belarriprestek, ez dute entzuten bakarrik. Egoeraren, aukeraren eta gogoaren arabera erabakitzen dute noiz egin euskaraz eta noiz ez. Gainera, rol aktiboa daukate kideei esateko beraiekin euskaraz egin dezatela. Ahobiziek, aldiz, beti egiten dute euskaraz ulertzen duten guztiekin». Entitateek, funtzio zehatzak Lehenengo edizioa bizpahiru kideren artean ohiturak aldatzeko dinamika moduan planteatu zuten, eta orain, salto bat eman eta taldeetara pasatu nahi dute ariketa. Horretarako sortuko dituzte Ariguneak. «Gure eguneroko entitateetan eratu nahi ditugu ariguneak, izan kirol elkarte, lantoki edo asanblada. Ditugun ohiko taldeei dei egin nahi diegu euskara ulertzen duten kasuetan elkarrekin erabaki dezaten arigune izango direla, hau da, elkarrekin ahobizi eta belarriprest dinamika egingo dutela. Horrek babes eta konfiantza handiagoa ematen du, ariketa indar handiagoz egiteko aukera. Gainera, ohiko taldeak izanik, ohitura berriak finkatzeko aukera ekar dezakete», agertu du Euskaraldiaren koordinatzaileak. Ariguneak ez dira kuadrilletan gauzatuko, baizik eta entitateen bueltan. Lantoki, elkarte, enpresa, komertzio eta abarretan. «Arigunea posible izan dadin bi kide motaren inplikazioa behar da: alde batetik, arigunea osatuko duten kideena, ahobizi eta belarriprest izango direnena; bestetik, arigune horren dinamika baldintzatzen duen entitate horren arduradunena. Guk beharbada gure artean euskaraz egin nahi dugu, baina gure entitateak ez badigu horretarako aukerarik ematen egunerokoan, nekez egingo dugu. Horretarako behar da arduradun horien inplikazioa». Entitateen egiteko nagusia horixe izanen da: arigune izan litezkeen talde horiek bilatu, aktibatu eta babestea. «Rol askoz aktiboagoa edukiko dute lehenbiziko edizioan baino eta parte-hartzaile izango dira barruan dituzten ariguneen bidez. Bai barne funtzionamenduan bai kanpokoan, herritarrenganako harremanetan, herritarrek entitate horretako ordezkariren batekin beti euskaraz egin ahalko dutela bermatuz. Adibidez, saltoki batean». Batzorde eta entitateak, gogotsu 2018ko martxoan ekin zioten bigarren edizioa prestatzeari, eta joan den azaro eta abenduko dinamikatik ikasitakoarekin osatu zuten proposamena. Urtarrilean herri batzordeetako kideei eta lehen edizioaren sustatzaile izan ziren entitateei zabaldu zieten. «200 eragilerekin egon ginen otsaila-martxoa bitartean. Eta guztien ekarpenak jasota aurkeztu dugu behin betiko proposamena», adierazi du Arrate Illarok. «Lehenengo edizioa bukatzean herri batzordeei galdetu genien lanean jarraituko zuten ala ez, eta gehientsuenek esan ziguten baietz. Askok esan ziguten Euskaraldia egon zein ez lanean jarraituko zutela elkarrekin. Euskaraldia berriz egiteko beharra ikusten zuten ala ez ere jakin nahi izan genuen eta %90ek baino gehiagok erantzun zuten baietz». Bestetik, sustatzaile izandako mota guztietako entitateei galdetu zieten. Lehenengo zirriborroa erakutsi zieten eta harrera «oso ona» izan zen. «Egia da prozesu luzea izan daitekeela entitate mota batzuetan halako urratsak egitea eta ariguneak sortzera iristea, baina gogoa ikusi genuen eta horrek konfiantza ematen digu gure buruarengan entitateak aktibatzera joateko». Entitateak aktibatu eta parte-hartzaile bihurtu nahi dituzte ariguneak babesteko eta aktibazio prozesu hori berria da eurentzat. Orduan, hiru pilotutza egiten ari dira eremu kontrolatuetan, batzordeekin, prozesua herrietara zabaldu aurretik urratsez urrats praktikan jarri eta hobetzeko. «Donostiako Intxaurrondo auzoan egiten ari gara pilotutza bat bertako herri batzordearekin; beste bat Lautadan, Agurainen zentratuta batez ere, bertako batzordearekin; eta hirugarrena, Bizkaiko entitate handi batekin». Lautadan eta Intxaurrondon simulakroa eginen dute aurten, praktikatzeko. HAMABOST EGUNEZBigarren edizioa ere ahobizi eta belarripresten arteko dinamikan oinarrituko da, hizkuntza ohiturak aldatzeko helburuarekin. Baina garapena izanen du bai egun kopuruan (2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra eginen da, hamabost egunez) bai ariketaren sakontasunean. ROLAK ONGI AZALDUAurreneko edizioan, lau lagunetik hiru ahobizi izan ziren. Antolatzaileek bi rolak azaltzen jarraitzeko beharra ikusten dute, kasu batzuetan gaitasunarekin lotu zirelako. «Ez dute adierazten zenbat dakizun, baizik eta nola jokatzen duzun euskara ulertzen duten kideekin».