23 JUIL. 2019 JOPUNTUA Politikaren etika Mikel Ibarguren Idazlea Kapitalismoa lapur banden etikan eraikia dela dio Joseba Sarrionandiak; politika egiteko dugun zailtasunak, ordea, politika egitera bultzatu behar gaituela dio halabeharrez, dena baita politika, baina politika egiteko, politika ulertzeko, modu asko dago. Politikariek gehiengoa bizi den moduan bizi behar dutela zioen Pepe Mujicak eta ez gutxiengoa bizi den bezala. Uruguaiko presidente ohia izan zen politikari umilaren paradigmarik onena, bere bizitzeko modu sinple eta ez-materialistagatik. Politikariak herriaren zerbitzari izan behar du, politikariak bere ideietan sinisten du, bere ideien atzetik doa eta ez diruaren atzetik, ez merkatuak inposaturiko bidetik. Frantzian Trantsizio Ekologikoko ministro François de Rugy-k dimisioa eman behar izan du diru publikoarekin 500 euroko ardo botilez bustitako lagunarteko agapeak egin dituelako. Hori bai, laneko afariak ez baziren ere, «politikaz» hitz egiteko omen ziren Mouton Rothschild, Château Cheval-Blanc eta antzeko ardo onez hornitutako apairuak. Maiz politikariak jendearen errealitatetik urrun bizi direla aurpegiratu omen diote; hortaz, jendearen errealitatetik hurbil sentitzeko, jendearen egunerokotik ez deskonektatzeko antolatu ei ditu afari informalak. Detaile txiki bat bada ere, ministroak bazkari-afarietarako bakarrik 450.000 euroko aurrekontua zuen, 12.867 euroko soldataz gain. Ez da berria. Kapitalismoaren kudeatzaile diren Jerome Cahuzac, Nicolas Sarkozy, François Fillon, Carlos Ghosn, François de Rugy eta enparauentzat politika Ali Babaren kobazulo handi bat da. Jendea zerbitzatzeko baino, botereaz profitatzeko daudela agerikoa da. Horra, beraz, politikaren etika lapur banden etika bihurtua. Iruzur fiskalak, eroskeriak edota kapital ihesak ezaugarritzen dituzte agintariok eta, pentsiodunentzat, langabeentzat edo soldata duinentzat dirurik ez dela dioten hein berean, Trantsizio Ekologikoko ministroak zeraman «errege bizitza» agerian gelditu da. Hélas, ez, ez da ipuin bat, zinez lapur bandez gobernatuak gaude. Kapitalismoaren kudeatzaile diren Cahuzac, Sarkozy, Fillon, Ghosn, de Rugy eta enparauentzat politika Ali Babaren kobazulo handi bat da