24 JUIL. 2019 JOPUNTUA Bizitzaren adjektiboak Fredi Paia Bertsolaria Zer gura du jendeak? Zer eskatzen dio bizitzari? Zelan lagundu lekioke bide horretan? Nora garamatza bide horrek? Gizakia bakarka hartuz gero, gutako bakoitza mundu bat da. Ez daude bi pertsona berdin. Zoragetxoko Mari zenak esaten zidan moduan: banaka guztiok gara jatorrak; taldean, ostera, talde gara gu geu baino. Haurtzaroa igarotzean aniztasun indibiduala itzaltzen hasten da eta bikote, familia, petit comité, kuadrilla, alderdi politiko izaten hasten gara gu geu baino. Inurriak gure begietara bezain multzo uniformeak osatzeak nortasuna eman eta ahalduntzen gaitu. Adituen esanetan, prozesu horretan autonomia indibidual mailak gordetzen ditugu 250 gizakitik gorako taldeak osatu arte. Hortik aurrera, era harrigarrian, aniztasuna batasun bihurtzen da; bakar bat gara, ez 251 ezberdin. Eta zenbakietan gora egin ahala, gero eta indartsuagoa da joera hori. Gaur egun, aniztasun globalaren zelofanpean, historiako giza multzorik homogeneoena osatzen dugu. Espezie moduan inoiz baino gutxiago gara gu geu jator hori. Hasieran mahaigaineratu ditudan galdera horiei erantzun nahi dioten inkesta interesgarri batzuk argitaratu dira azken hamarkadan Europar Batasunean. Europako biztanleok, oro har, izen bihurtutako adjektibo berberekin deskribatzen dugu zelako bizitza gura dugun. Bizitzari gatazkarik eza, egonkortasuna, iraunkortasuna, aurreikusgarria izatea (sorpresarik eza edo ahalik eta gutxien), segurtasuna, lasaitasuna... eskatzen diogu europarrok. Erraz identifikatzen naiz aipatutako adjektiboekin. Nik ere gauza berberak eskatzen dizkiot bizitzari nekatuta eta beldurtuta nagoenean. Aitzitik, kontziente izan behar genuke bizitzari eskatzen dizkiogun adjektibo horiek arrotzak zaizkiola. Izan ere, heriotzaren adjektiboak dira, ez bizitzarenak. Heriotza da gatazkarik eza, lasaia, egonkorra, iraunkorra... dena, ez bizitza. Zorionekoak europarrok, naturak %100eko probabilitatez ziurtatzen digu egunen batean desio dugun bizitza mota lortuko dugula. Zer gura du jendeak? Zer eskatzen dio bizitzari?