07 AOûT 2019 GAURKOA Landa-garapen lege berria: lehengo lepotik burua Kike Fernandez de Pinedo EH Bildu Araba Azken urteetan populazio herena galdu duten Oteo edo Uribarri-Harana bezalako herriak errealitate kezkagarri baten isla dira. Despopulazioa eta lurralde desoreka areagotzen ari dira gure landa eremuan. Zahartzen, ahultzen eta itzaltzen ari diren komunitateak dira, herrien sorreratik erabateko lotura izan duen nekazaritza jarduera bezalaxe. Garapen eta aurrerapenaren ondorio naturala eta saihetsezina ote da gero eta urbanoagoa den oraingo Euskal Herria edo nazio mailako gogoeta eta estrategia berezituak eskatzen dituen arazo kezkagarria? Azken ondorio honekin bat eginda, Arabako EH Bilduk duela bi urte prozesu zabal bat abiatu genuen eskualdez eskualde diagnosi partekatua eta plan estrategikoa lantzeko. Araba Biziberritu izeneko dinamika horretako ondorioetako bat izan zen landa garapenaz adostasun zabaleko estrategia integrala eta zeharrekoa behar dela erakunde eta administrazio sail guztien artean. Alde horretatik, berri ona da Jaurlaritzaren landa-garapen legea berritzeko asmoa, 20 urte pasa ostean landa ingurunearen eta lehen sektorearen egoerak premiazko berrikusketa behar baitu. Nahiz eta aurreproiektua aurkezteko modua adostasun zabala lortzeko guztiz desegokia izan, EH Bildun prest gaude elkarlanerako, lege eraginkor eta ona lortze aldera. Baina, gure prozesuan azpimarratu genuen beste ondorio garrantzitsua izan zen landa garapenak toki garapenarekin lotura zuzena behar duela. Arrakastatsua izateko endogenoa izan behar dela, hau da, bertatik eta bertakoentzat sortua, behetik gora, herri txikietatik abiatuta eskualde naturaleko eremuraino eragile sozioekonomiko guztien parte-hartzearekin. Zoritxarrez, ordea, aurkeztu zaigun aurreproiektua kontrako norabidean doa. Oraingo Landa Garapeneko Agentziak deuseztatzea, HAZIk goitik behera koordinatuko (kontrolatuko) duen zehaztu gabeko Lurralde izeneko egitura berria sortzeko, oso kezkagarria da. Ez dugu ulertzen agentzia hauen funtzionamendua hobetzen saiatu beharrean, desagerrarazteko proposamena egitea. Batzuen funtzionamendua hobetu daitekeela? Ados, barne gogoetak sustatu, parte-hartzea eta inplikazioa handitu eta aldaketak egin ditzagun, HAZIren laguntza teknikoarekin, nahi bada. Baina, betiere, funtzionamendu autonomoa ziurtatuz eta tokiko eragile eta herri guztien parte-hartzea bermatuz. Aurreproiektua aurkezteko modua ere ez da inondik inora modurik egokiena izan atxikimendu zabala bilatzeko. Zergatik ez landu proposamena eragile guztiekin batera diagnostiko zabal batetik abiatuta, Jaurlaritzako teknikariekin soilik egin beharrean? Zergatik ez da eman denbora gehiago eztabaida behar bezala burutzeko eta alegazioak aurkezteko? Arabako errealitatetik begiratuta, dauden 333 kontzejuak kontuan ez hartzea ere barkaezina iruditzen zaigu. Ezjakintasuna edo herri txikiak gutxiesteko joera ote da? Toki erakunde hauek eskumenak dituztela kontuan hartuta, ez dugu ulertzen aintzat ez hartzea, are gutxiago landa garapenaz ari garenean. Hau zuzendu beharra dago. Beharrezkoa da kontzejuek, udalerriek edota kuadrillek euren tokiko garapen planak egiteko aukera ziurtatzea. Eskualde planetan botere erabakitzailea aitortu behar zaie. Egiten den zonifikazioa ere ez dugu partekatzen. Hasteko, sailkapena udalerri mailakoa izatea ez da zuzena. Hauek ez dira uniformeak, herri eta errealitate anitzak dituztelako. Beraz, sailkapen hori kontzejuetan oinarritu beharko litzateke, eta ez udalerrietan. Horrez gain, zonifikazioa egiteko erabilitako irizpideak desegokiak iruditzen zaizkigu. Zehaztapen handiagoko berrikuspena egin beharko litzateke herrien benetako errealitatera zuzen egokitzeko. Begi bistakoa da nekazaritzak pisua galdu duela landa eremuan, etengabeko krisian dagoela esan genezake. Aurreproiektu honek egoera etsigarri hau ontzat ematen duela dirudi. Ez gaude ados jarrera horrekin. Legeak, hain zuzen ere, lurraldea kudeatzen duten eta elikagaiak ekoizten dituzten nekazariei duintasuna bermatu eta indartu beharko zien. Tokiko nekazaritzaren sustapenak estrategikoa izan beharko luke lege honetan, bertako pertsonei tokiko elikagai osasuntsuak bermatuko dizkien ekoizpen agroekologikoa eta dibertsifikatua bultzatuz, eta bide batez, klima aldaketari aurre eginez landa eremutik ere. Landa turismoa eta aisialdia sustatzeko premiaz ere bi hitz. Ingurumena eta paisaia zaintzeaz aparte, enplegu duina sortzen duen toki garapenari lotuta joan beharko lukete landa eremuari ikusgarritasun handiagoa emanez. Bukatzeko esan, lege aurreproiektuaren hainbat arrazoi eta helburu partekatzen baditugu ere, momentuz, gehiago direla sortzen dizkigun kezka eta desadostasunak. Gobernantza parte-hartzailea eta inklusiboa ezinbestekotzat jotzen dugu landa eremu biziak nahi baditugu, eta hau ez dago behar bezala bermatua. Ingurumena, paisaiak, herriak, pertsonak eta ohiko jarduerak zaintzen dituen garapen iraunkorra behar dugu. Azken batean, jokoan dagoena, garapena baino gehiago, landa eremuaren, lurraldearen eta herrialdearen barne kohesioa da, eta honek herri akordio zabala behar du. Aurreproiektua aurkezteko modua ez da inondik inora modurik egokiena izan atxikimendu zabala bilatzeko. Zergatik ez landu proposamena eragile guztiekin batera diagnostiko zabal batetik abiatuta, Jaurlaritzako teknikariekin solik egin beharrean?